• Energiaren Euskal Erakundeak eta Hazi Fundazioak antolaturik, gaur goizean prestakuntza-jardunaldi bat burutu da Gasteizen, gure basoetako zurari energia-erabilera areagotzeko helburuarekin.
  • 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak planteatzen du efizientzia sustatzea eta lehendik dauden baliabideak aprobetxatzea.Azken 40 urteetan, Euskadiko zurgaiak bikoiztu egin dira

Gaur goizean, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak parte hartu dute “Biomasa erabilera termikoetarako” prestakuntza-jardunaldian, Gasteizko Artium Museoan. Agente instalatzaileen zein ingeniaritza- eta arkitektura-enpresen interesa piztu du hitzorduak, baita zur-sektoreko enpresen eta biomasaren aprobetxamendurako instalazioetan interesatuta dauden toki-erakundeen interesa ere.
 
Euskadin biomasa da gehien erabiltzen den energia-iturri berriztagarria. Euskal Autonomia Erkidegoan, zuhaitzez hornitutako baso-azalera handituz doa, urtetik urtera. Zur ugari dugu beraz, eta haren kudeaketak aukera eskaintzen digu zura energia-xedeetarako erabiltzeko, nagusiki berokuntzarako eta ur bero sanitariorako. Egindako kalkuluen arabera, gure basoetako zura 62,6 milioi metro kubiko da guztira, eta baso-sektoreak 400.000 hektarea ditu, gutxi gorabehera, hau da, Euskadiko azalera osoaren % 55.
 
Errealitate horren aurrean, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak nabarmendu du biomasak euskal energia-politikan betetzen duen zeregina. Euskadik lortu nahi du energia berriztagarrien erabilera % 125 igotzea, eta “hazteko ahalmena baduen” biomasaren kasuan, berriz, 10 urte barru mix energetikoaren % 72 gaindituko duela aurreikusten da. “Agian, iraganera begiratu behar dugu egun dauzkagun energia-premiei, neurri batean behintzat, erantzuteko, garai batean gure baso eta ibaietako baliabideak erabiltzen genituelako, ingurumenari zor zaion errespetuarekin”, Iñigo Ansolak azaldu duenez.
 
Berriztagarrien mix energetikoaren % 67,8 da biomasa une honetan. Ansolak erantsi duenez, “helburu horiek lortzeko, EEEk laguntza-ildo batzuk sustatzen ditu urtero, hala nola biomasaren energia aprobetxatzeko instalazio eta inbertsioetarako laguntza-programa edo energia-iturri berriztagarri hori bultzatzeko helburua duten enpresetako energia-efizientziarako laguntzak”. Hiru hamarkadatan EEEk, gutxi gorabehera, biomasa termikoko 4.000 instalazio sustatu ditu Euskadin bere laguntza-programen bitartez, hainbat instalazio publikotan bereziki —kiroldegiak, administrazioaren eraikinak—, baina baita etxebizitza partikularretan ere ikus ditzakegunak. Garapen-aukera ugari dauzka gainera, baso- eta nekazaritza-baliabideetan oinarritutako ahalmena duelako.
 
Bestetik, HAZIk hainbat lankidetza-proiektu bultzatzen ditu nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa-inguruneko eta itsas inguruneko premiei erantzuteko, Euskadiko lehen sektorearen produkzioa garatzeko, eta, aldi berean, gure landa-eremuetako aurrerabide jasangarria bideratzeko helburuarekin. Ildo horretan, Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak azpimarratu duenez, “bioekonomia berrien garapenak Euskadiko basogintzan du oinarrietako bat. Egurraren aplikazio desberdinek etorkizunean zeresan handia izango dute, Manterolak azaldu duenez, basoko baliabideen jasangarritasunerako eta baliabide horiei etekina ateratzeko proiektu desberdinak abiarazi beharko ditugu eta biomasa bultzatzea ere aurrikusten dugu nekazal guneak garatzeko ekimenetako bat bezala”.
 
Jardunaldian zehar, biomasaren baliabidea sakonetik aztertu da, baita hainbat sektoretan inplementatzeko duen ahalmena aztertu ere.Gure lurraldeetako pinudietan azkenaldian hedatu den zerrenda marroi eta gorriaren egungo egoerari heldu zaio, eta horrek zuraren aprobetxamenduan eragiten dituen ondorioak azaldu dira. Zur-merkatuaren egungo egoera eta nekazaritza-inausketen ahalmena aztertu dira, eta, horrez gain, Arabako Errioxako mahastietako aihenen balio energetikoaz hitz egiteko aukera ere izan da.
 
Teknologiarekin zerikusi handiagoa duten gaiei dagokienez, eraginkortasun handiko galdaretarako soluzioak, ekodiseinua eta pelleten galdaretarako 4.0 konektibitatea aztertu dira. Jardunaldiari amaiera emateko, zenbait kasu arrakastatsu eta praktika eredugarri errepasatu dira, esate baterako, Sestaoko eremu bat bere onera ekartzeko aurrera eraman den proiektu bat, biomasaz elikatutako bero-sare publiko bat ezarriz bideratu dena. Sestaoko kasua eta Bastidako Bodegas Remelluriren bero-premiak asetzeko district heating-a ezagutzera eman dira panelen laguntzarekin, beste jardunbide egoki batzuekin batera, eguerdian egin den networkingean.