Dirulaguntzak

Jardunaldiak eta albisteak

Hidrogenoa

Hidrogenoa da unibertsoko elementurik bakunena eta ugariena. Lurrean, batez ere beste elementu batzuekin batera agertzen da, hala nola urarekin eta konposatu organikoekin batera; hidrokarburoak ere barnean hartuta. Baldintza normaletan, sukoia, koloregabea eta usaingabea da, eta airea baino askoz arinagoa.

Hidrogeno gasa ez da energia-iturritzat hartzen, bektore energetikotzat baizik; eta energia biltegiratzeko, garraiatzeko edo eraldatzeko erabil daiteke. Hidrogeno gasaren erabileraren generalizazioa energia elektriko berriztagarriaren produkzio masiboari dagokion agertoki batean gauzatu ohi da, non produkzioaren eta kontsumoaren arteko berezko desfasearen eraginez, beharrezkoa litzatekeen energia elektrikoaren soberakinak biltegiratzea. Horrek urtaroetan energia biltegiratzea erraztuko luke, bai eta kontsumo-tokietara garraiatzeko modua ere. Testuinguru horretan, hidrogeno gasa alternatiba erakargarrienetakoa litzateke, bai bere moldaerraztasunagatik eta bai elektrizitatearekin eta gas naturalarekin izan ditzakeen interakzioengatik ere.

Esquema hidrógeno

HIDROGENOAREN EKOIZPENA

Naturan hidrogenorik isolatuta ez dagoenez, behar-beharrezkoa da ekoiztea, bide hauetatik:

  1. Ur-elektrolisia, elektrizitate-ekarpenaren bidez oxigenotik bereiziz. Erabiltzen den elektrizitatea, jatorriz, berriztagarria bada, sortzen den hidrogeno horri hidrogeno berde izena ematen zaio.
  2. Hidrokarburoen erreformatzea, oro har, gas naturalarena. Metanoa (edo beste hidrokarburo batzuk) erreformatzea honetan datza: gasa berotzen da, eta, katalizatzaile bat erabiliz, hidrogeno eta karbono monoxido nahastura bat sortzen da. Bigarren erreakzioan, CO hori baporearekin nahasten da karbono dioxidoa eta hidrogenoa sortzeko; horrela, CO2 eta H2 nahastura bat lortzen da azkenean. Prozesu globalak % 65 inguruko errendimendu energetikoa du. Horrela lortzen den hidrogenoari hidrogeno grisa deritzo, baldin eta ez badator CO2 atzitu eta finkatzeko prozesu batekin batera; izan ere, kasu horretan, hidrogeno urdin deritzo.

Hidrogeno gasa kopuru handitan erabiltzen da industria kimikoan eta industria petrokimikoan, eta, oro har, gas naturala erreformatuz lortzen da.
 

Hidrógeno

HIDROGENOAREN ERABILERA OROKORRA

Ekoitzi ondoren, hainbat modutara erabili daiteke hidrogeno gasa:

  • Erregai-pilaren bidez (edo turbina edo motorren bidez) elektrizitatea ekoizteko. Jatorri berriztagarriko elektrizitateaz baliatuz elektrolisi bidez ekoitzi bada, prozesuak ez luke sortuko inolako isurpenik, ez kutsatzailerik, ez eta berotegi-efektuko gasik ere. 
  • Garraiorako erregai gisa, erregai-piladun ibilgailu elektrikoetan, edota hidrogenoa erregai sintetikoak ekoizteko erabiliz.
  • Gas naturalaren sarean injektatzeko eta nahastuta kontsumitzeko, edo up-grading prozesuen bidez berreskuratzeko.
  • Power-to-gas prozesuetan biometanoa ekoizteko.
  • Galdara eta motor termikoetan, erregai gisa.

GARRAIOAREN ESPARRUKO ERABILERA

Erregai-piladun ibilgailuak ibilgailu elektrikoak dira, energia bateria elektrokimiko batean biltegiratu beharrean gas hidrogeno gisa biltegiratzen dutenak. Elektrizitate berriztagarria sortzen denetik ibilgailua bultzatzeko erabili arteko prozesu globalak % 20 inguruko errendimenduak erakusten ditu, bateriadun ibilgailu elektrikoek erakutsi ohi duten % 70etik urrun.

Gaur egun, oso automobil modelo gutxi daude, eta 60.000 €-tik gorako prezioak dituzte. Dinamikoagoa da autobusen merkatua: Europako hiri askotan txertatu dituzte hiri barneko eta hiri arteko garraiorako autobusen flotan. Ibilgailu horien autonomia eta depositua betetzeko denborak eta ohiko ibilgailuei dagozkienak antzekoak dira, bateriadun ibilgailu elektrikoekin kasutik aldenduz, beraz.

Trenbide bidezko garraioetarako soluzio ere izan daiteke hidrogenoa, elektrifikazioa bideragarria ez den lineetan; eta itsas garraiorako ere erabil daiteke.

Vehículo hidrógeno

HIDROGENOA ETA TRANTSIZIO ENERGETIKOA

Hidrogeno berdearen bideragarritasunari begira, proiektuak ikuspegi global batetik pentsatu dira (hidrogeno-ekosistema), kontsumo handiek, hala nola industria kimikoak edo petrokimikoak, ekar dezaketen eskala-ekonomiaz baliatuz. Hala, trantsizio energetikorako agertoki bati begira, zazpi funtzio azpimarratu dira:

Esquema hidrógeno

  1. Energia berriztagarrien integrazioa. Ekoitzitako energia berriztagarri guztia kontsumitu edo biltegiratu daiteke; eta sorkuntza-potentzia handiagoak ezartzeko bultzada eman dezake horrek.
  2. Energia hori sektoreen eta eskualdeen artean banatzea.
  3. Energia biltegiratzea, energia berriztagarrien sorkuntzaren urtarokotasunari irtenbide bat eman ahal izateko.
  4. Garraioaren deskarbonizatzea.
  5. Eraikinetan bero eta elektrizitatearen sorkuntza deskarbonizatzea.
  6. Industria beroaren sorkuntza deskarbonizatzea.
  7. Jatorri berriztagarriko lehengaia industriarako (kimikoa, petrokimikoa, etab.).

Iturria: Hydrogen Roadmap Europe, FCH JU

Kaixo, hitz egingo dugu?

Hauxe da Energiaren Euskal Erakundearen arreta-zerbitzua.