Motorretan egiten den energia-aprobetxamenduaz gain, hidrokarburoak lehen mailako lehengaia dira balio handikoak diren eta egunero erabiltzen diren elementuak produzitzeko, adibidez, plastikoak, arropa edo sendagaiak, eta objektu horiek gabe ez genuke ulertuko egungo bizimodua.
Plastikoak
Petrolioaren deribatu gisa gehien fabrikatzen den materiala da plastikoa. Produktu asko fabrikatzeko erabiltzen da, esate baterako, jostailuak, elikagaien eta edarien ontziak, produktu elektronikoen eta etxetresna elektrikoen karkasak, PVCzko hodiak eta abar. Era berean, detergenteak eta garbigaiak, altzariak, zuntz sintetikozko arropak, isolatzaileak, pinturak eta abar produzitzeko erabiltzen dira.
Material sanitarioa
Sendagai eta material sanitario asko petroliotik eratorritako substantzietatik lortzen dira. Horren adibide dira hain arruntak diren ibuprofenoa edota aspirina, eta beste hainbat elementu, adibidez, xiringak, botatzeko ontziak, protesiak eta abar.
Kosmetika
Gure gizartean egunero erabiltzen diren produktu kosmetikoen jatorria petrolioaren deribatuak dira. Horien artean azpimarratzekoak dira makillatzeko produktu guztiak, kremak eta ukenduak, tindagaiak eta pentsa daitezkeen edergintzako produktu guztiak. Petrolio-produktuen sintesiak, mundu mailan eskari handia duten produktu kosmetikoen produkzioa unibertsalizatzeko aukera eman du.
Aisia
Jatorri petrokimikoa duten zuntz sintetikoek irtenbide eta hobekuntza teknologiko garrantzitsuak ekarri dituzte kiroletan eta beste zenbait aisialdi-jardueratan. Karbono-zuntza, arina eta moldagarria izanik, musika-instrumentuetan erabiltzen da zur tropikal babestuen ordez, baita beste aplikazio askotan ere, esaterako, patin- edo snowboard-taulatan, eta asko erabiltzen da halaber automozioan edo aeronautikan.
Liburuak, aldizkariak eta pinturak
Disolbatzaileak ere petroliotik datoz eta aldizkari, liburu eta egunkarien tintan daude, disolbatzaile horiekin nahastutako pigmentuz osatuta baitago tinta. Gainera, produktu kimiko horiek, hala nola agoarrasa, pinturekin erabiltzeko edota horiek garbitzeko ere erabiltzen dira.
Arropa eta ehunak
Janzten ditugun arropek hainbat ehunen nahasketak dituzte, eta horien artean maiz erabiltzen dira lycra, nylona edo poliesterra, horiek guztiak petrolioaren deribatuen bitartez produzituak izanik. Ehun horiek animalia-jatorriko larruak ordezten dituzte eta modan eta kiroletako arropan erabiltzeaz gain altzariak, makineria, hodiak eta abar egiteko ere erabiltzen dira.