Dirulaguntzak

Jardunaldiak eta albisteak

Eguzki-energia

Paneles solares

Eguzki-energia energia berriztagarri bat da, Eguzkitik datorren erradiazio elektromagnetikoaren aprobetxamendutik lortzen dena. Hortaz, energia-iturri agortezina da. Eguzki-erradiazio hori aldatu egiten da urtean zehar eta eguneko ordu batetik bestera, eguzkiaren portaeraren eta gauden tokiaren arabera.

Eguzki-erradiazioa aktiboki aprobetxa daiteke, hau da, hainbat teknologia erabiliz energia elektriko edo termikoa sortzeko, edo pasiboki, arkitektura bioklimatikoa esaten zaionaren bitartez (eraikinen orientazioa, irabazi termikoak dauzkaten materialen erabilera, aireztapen naturala, …). Aprobetxamendu ohikoenak aktiboak dira, eta horien artean nabarmen ditzakegu, oro har, eguzki-energia fotovoltaikoa eta eguzki-energia termikoa.

Fotovoltaika

Eguzki-energia fotovoltaikoaren oinarria honetan datza: eguzki-erradiazioa aprobetxatzen da zelula fotovoltaikoak dauzkaten kaptadoreen gainean; horiek elektrizitatea sor dezakete korronte alternoan, eta elektrizitate hori linea elektrikoen baldintzetara egokitzen da jarraian, hainbat jarduera-sektoretan kontsumitzearren. Logikoki ordenatutako zelula fotovoltaikoen multzoak panel fotovoltaikoa deitzen dena osatzen du. Panel horrek, bere tamainaren arabera, 450-500 Wp-eko potentzia lor dezake. Azken urteotan panel horiek izan duten bilakaera teknologikoaren ondorioz, energia-efizientziari dagokionez % 20ko errendimendu-hesia gainditzea lortu dute.

Oro har, eraikinetako estalkietan edo lur-eremu zabaletan (eguzki-baratzeak deitzen direnak) aurkitzen ditugu panel horiek. Azken kasu horretan, hainbat egitura mota aurkitu ohi ditugu, eguzki-panelen euskarri:

  • Egitura finkoak (kostu txikia eta produkzio urriagoa).
  • Ardatz bakarreko eguzki-jarraitzaileak (kostu ertaina, eta produkzioa % 20-25 handiagoa instalazio finkoekin alderatuta).
  • Bi ardatzeko eguzki-jarraitzaileak (kostu handia, eta produkzioa % 30-35 handiagoa instalazio finkoekin alderatuta).

Kasu bakoitzean, soluzio interesgarriena zein den erabaki beharko da, kokalekuaren eremuaren, proiektutik lortu nahi den errentagarritasunaren eta beste zenbait faktoreren arabera.

Eguzki-energia fotovoltaikoak honako hauen arabera sailka daitezke:

  • Sare elektrikoan nola uztartzen diren aintzat hartuta: saretik apartekoak edo sareari konektatuak.
  • Sortutako elektrizitatea zertarako erabiltzen den aintzat hartuta: autokontsumoa edo sare elektrikoari saltzea.
Paneles solares colina Paneles solares azotea
 

Eguzki-energia

Eguzki-energiak eguzki-erradiazioa aprobetxatzen du ur beroa edo ur-lurruna sortzeko, hain zuzen ere, erabilgarri dagoen erradiazio-mailaren eta erabiltzen den teknologia motaren arabera. Hala, gailu edo kolektore termikoek beroa sor dezakete:

  • Tenperatura baxuan (gehienez 65ºC). Ur Bero Sanitariorako eta/edo berokuntzarako ura berotzeko erabiltzen da normalean (esaterako, zoru bero-emailea).
  • Tenperatura ertainean (100-300ºC). Batez ere, industria-sektoreko prozesu jakin batzuetan erabiltzen da.
  • Tenperatura handian (500 ºC-tik gora). Lurrun-turbina batez elektrizitatea sortzeko.

Euskadin, eguzki-erradiazioaren mailak, eta, beraz, eguzki-energia aprobetxatzeko potentzialaren mailak, hura sortzen duen instalazioaren potentzia beteko ordu baliokideetan neurtuak, hiru eremutan bereizten dira:

  • Kostaldea, 950-1.000 h-ko aprobetxamendu-mailarekin.
  • Bitarteko eremua, Autonomia Erkidegoko erdialdean kokatua, 1.110-1.150 h baliokiderekin.
  • Barnealdea, hegoaldeko muturrean dagoen eremuari dagokiona (Arabako Errioxa), bertan urteko ordu baliokideak 1.350-1.400 h izanik.
Ekian Ekian

Hala, kontuan hartuta gainera Euskadin eguzki-erradiazioa difusoagoa dela zuzena baino, eremu pribilegiatu batean ez bagaude ere, eguzki-erradiazio nahikoa dugula esan dezakegu, hau da, elektrizitatea sor dezakegula panel fotovoltaikoak erabiliz eta ur bero sanitarioa tenperatura baxuko kolektore termikoak baliatuz, errendimendu onargarri batzuekin.

Energiaren Euskal Erakundeak (EVelektrizitatea E) horrelako eguzki-plantak sustatu ditu, inbertsioetan zuzenean parte hartuz zein laguntza-programak iragarriz, eta horri esker, gaur egun milaka instalazio daude eguzki-energia aprobetxatuz elektrizitatea edo ur bero sanitarioa sortzeko lanean, lurralde osoan barreiatuta eta jarduera-sektore guztietan (industria, zerbitzuak, administrazio publikoak, bizitegi-sektorea, … ).

Guztien artean EKIAN proiektua nabarmendu behar da bereziki, bere instalatutako potentziak eta produkzio-mailak inpaktu positiboa izan dutelako eta egikaritze-eredu berritzailea eskaintzen duelako.

Energia-estrategia guztietan itxaropen handiak sortu dira energia-trantsizioko eredu berrien inguruan, erregulazio-esparru berriak gero eta hobeto egokitzen dira energia berriztagarrien erabilerara, etorkizunean energia horiek garapen teknologiko handia izango dutela aurreikusten da, gizartearen aldetik ere gero eta onarpen-maila handiagoa dute, eraikinetan zein lekuan bertan erraz integratzen dira, prezio lehiakorrak dituzte eta ingurumena errespetatzen dute. Horiengatik guztiengatik besteak beste, eguzki-energia funtsezko bektoreetako bat da, datozen hamarkadetan energia- zein ingurumen-alorretan lortu nahi diren helburuak lortzeko bidean.

Kaixo, hitz egingo dugu?

Hauxe da Energiaren Euskal Erakundearen arreta-zerbitzua.