Jardunaldiak eta albisteak

Energia geotermikoa

Truke geotermikoa teknologia oso efizientea da eraikinen klimatizaziorako. Lurzoruan bildutako energia hartzea ahalbidetzen du, eraikin eta etxebizitzak klimatizatzeko energia baliagarri bihurtzeko.

Lurraren tenperatura konstantean oinarritzen da, non 10 metroko sakoneran bildutako beroak ia ez duen bere tenperatura aldatzen urte osoa zehar. Bizitegietarako erabiltzen da nagusiki –baita efizientzia energetiko handiko zenbait produkzio-prozesutan ere– eta ur bero sanitarioa lortzeko sistemetan erabilgarria da, berokuntzarako energia ematen du eta eraikinak hoztea ahalbidetzen du, hori guztia energia-kontsumoaren murrizketa nabarmenarekin.

Nola funtzionatzen du truke geotermikoko instalazio batek?

Lurperatutako zirkuitu batean dabilen uraren bidez hartzen da lurzoruko energia. Sistema benetan sinplea da; lurzoruan egindako zenbait zulo ditu, eta bertan instalatzen dira urak ibiltzeko erabiltzen dituen lurpeko kanalizazioak. Horizontalak edo bertikalak izan daitezke zuloak, eta kasu bakoitzean komenigarriena zein den aztertzen da. Zuloetatik dabilen fluidoak lurrean bildutako beroa xurgatzen du eta eraikinaren klimatizazio-sisteman injektatzen du bero-ponpa baten bidez.

Zer abantaila ditu beste klimatizazio-sistema batzuekin alderatuta?

Nabarmentzekoa da aprobetxamendu energetiko berriztagarria dela. Geotermiak, gainerako energia-iturri berriztagarriekin batera, petrolioaren energia-dependentzia murriztea ahalbidetzen du, baliabide autoktono garbiak aprobetxatuz. Horrela, laguntza eskaintzen du berokuntzarako energia fosilen kontsumoa gutxitzeko, eta, horrenbestez, CO2-aren emisioak minimizatzeko.

Truke geometrikoaren bidez lurraren 3 kW geotermiko berriztagarri hartzen dira sare elektrikoaren kontsumitutako kW bakoitzeko ekipoen funtzionamendurako. Horrenbestez, saldo energetiko positiboa duen aprobetxamendu energetiko berriztagarria dugu.

Eskematikoki, truke geotermikoko sistemen honako abantaila edo alde on hauek zehaztu daitezke:

  • Aprobetxamendu energetiko berriztagarria. Balantze energetiko integral positiboa eta oso efizientea: % 120.
  • Energia-eraginkortasuna klimatizazioan. Estatu Batuetako EPA Environmental Protection Agency erakundearen arabera, eraikinen klimatizazio-teknologia efizienteena eta gutxien kutsatzen duena da. % 70erainoko energia-aurrezpena ahalbidetzen du berokuntzan eta % 50erainokoa hozketan.
  • CO2-aren emisioen murrizketa nabarmena, proportziozkoa energia-aurrezpenarekin alderatuta. Esaterako, 7.000 m2-ko bulego-eraikin baten klimatizaziorako truke geotermikoko instalazio batek CO2-aren urtean 60.000 kg-ko emisioa saihesten du, 6 hektareako baso baten efektu arazgarriaren baliokide.
  • Errekuntzarik eta gordailurik gabe. Sistema sinple eta garbia.
  • Instalazioen bizitza luzea. 50 urtetik gorako bizitza baliagarria dute zundaketek.
  • Amortizagarria 10 urtean batez beste
  • Gutxieneko kostua bizitza-ziklo osoan, mantentze-kostuari zein eragiketaren kostuari dagokionez.
  • Tokiko enplegu egonkorra bultzatzen du; eta enplegu hori, gainera, ez da deslokalizagarria.
  • Osasungarritasun-arazoak saihestea. Zirkuitu itxiko sistema baten erabilerak beste klimatizazio-sistema konbentzionalen legionellosi arazoak saihesten ditu.
  • Erraz unibertsalizatu daitekeen sistema..
  • Beste energia-iturri batzuekin bateragarria eta beste iturri batzuekiko gehigarria den sistema, eguzki-energiaren kasuan, esaterako.

Euskadin, zenbait enpresa daude geotermiako instalazioak sortzeko prestatuak eta lortzen dituzten emaitza onak instalazio askotan ikus daitezke.