Sektore eolikoko balio-katea finkatuta dago, nazioartean egituratuta hainbat hamarkadatako garapenaren ondoren. Edozein balio-katek bezala, bilakaera izaten du eta produkzio-faktoreetan, faktore teknologikoetan eta merkatuko faktoreetan izaten diren aldaketetara egokitzen da. Horrela, itsas energia eolikoaren hazkundea oso aldaketa esanguratsuak ari da eragiten sektorean.
Sektoreko enpresa liderrek propiotzat mantentzen dituzten funtsezko eragiketen artean, nabarmentzekoak dira sustapena eta proiektu-diseinua, aerosorgailuen fabrikazioa eta sortutako energiaren salmenta eta banaketa. Eragiketen funtsa konpainia bakoitzaren orientazio komertzialaren arabera aldatzen da, eta proiektuaren sustapena, eta energiaren sorkuntza eta salmenta har ditzake ardatz gisa, edo aerosorgailuen produkzioa bestela.
Lurreko parke eolikoak sektore heldu bati dagozkio, teknologia estandar batean eta mundu osoko enpresek erraz erreplikatu dezaketen batean oinarritutakoa, non kostuen kontrola lehiakortasun-faktore nagusia den. Fabrikatzaile eta enpresa gutxi batzuetan kontzentratzen da jarduera, eskalako ekonomiak albait gehien aprobetxatzeko, kostu txikiko herrialdeen hornitzaileen mesederako, gehienbat.
Itsas parke eolikoei dagokienez, garapen jarraituan dago teknologia, esperimentazio-fasea funtsezko elementua delarik. Aerosorgailuen fabrikazioan liderrak diren enpresak lankidetzan aritzen dira hornitzaile espezializatuen kopuru murritz batekin soluzio energetiko berri eta hobeak esploratzeko.
Datozen urteetan gertatuko den aurrerapen teknologikoa aerosogailuak giro aurkakoagoetan erabiltzeari, eta fabrikazioari, eragiketari eta mantentze-lanari lotutako kostuen murrizketari egongo da lotuta. Ildo horretan, honako bide hauek nabarmentzen dira joera teknologikoen arabera:
- Itsas energia eolikoaren garapen teknologikoaren bizkortzea.
- Zimendu flotatzaileen garapena itsas energia eolikoan.
- Azpiegitura elektrikoaren, kableatuaren eta sarerako konexioaren garapena itsas energia eolikoan.
- Pala luzeagoak eta dorre handiagoak izatea lortzeko bilakaera.
- Sorgailu elektriko indartsuagoak eta arinagoak.
- Biderkatzaile fidagarriagoak eta bizitza baliagarri luzeagoarekin.