Martxoaren 5a, Energia Eraginkortasunaren Munduko Eguna

Energiaren Euskal Erakundeak Energia Eraginkortasunaren Munduko Eguna ospatuko du aste honetan. Horretarako, kanpaina bat egingo du komunikabideetan, energia arduraz erabiltzeko banakako konpromisoari balioa emateko. Lehen kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 16.000 etxebizitzako urteko kontsumoaren pareko aurrezkia ekarri zuten 2020an EEEk bultzatutako eraginkortasun-proiektuetarako eta proiektu berriztagarrietarako dirulaguntzen programek.

Gutxigasta kontzeptua da kanpainaren ardatza, eta positiboki eragin die bere egunerokoan energiaren balioa eta energia neurrian kontsumitzeak, alferrik xahutu gabe, duen garrantzia kontuan hartzen duten pertsonei. Aste osoan zehar ikusi ahal izango da hainbat euskarritan eta komunikabidetan -batez ere online prentsan, irratian eta kanpoan-, eta martxoaren 5ean amaituko da, Munduko Eguna ospatzen den egunean.
 
Eraginkortasuna garrantzi handiko kontzeptua da energiaz ari garenean, haren erabilera hobetu nahi baitu, hau da, ongizate berdinaz gozatu eta gure beharrak ase, baina ahalik eta energia gutxien kontsumituz. Horrek lagundu egiten dio sistemari, baliabideen premia txikiagoa delako eta gure sistemak iraunkortasun handiagoa duelako. Eraginkortasuna, behar dena bakarrik kontsumitzea, eremu eta sektore guztietan aplika daiteke, bai industrian eta enpresan, bai herritar guztien eguneroko eta ohiko ekintzetan. Hain zuzen ere, esparru horretan jardun nahi du kanpaina honek, norbanakoaren kontzientzian, kultura berri baten motor eta bultzatzaile gisa, Gutxigasta kontzeptuan islatutako norbanakoaren konpromisoan oinarrituta, ongizate kolektiborako bidean.

Eraginkortasuna, energia-politika aktiboa
Eusko Jaurlaritzaren energia-politikek ere berresten dute jasangarritasun-helburu hori, zuzeneko eragina baitute energiaren kontsumoa txikiagoa izan dadin. 2020. urtea ohiz kanpoko aldia izan bada ere COVID-19 pandemiaren ondorioz –energia-iturri guztien eskaria murriztu egin da ezohiko egoera horren ondorioz–, Energiaren Euskal Erakundearen laguntza-programen bidez eragindako jarduerek zuzeneko emaitza izan dute energiaren kontsumoaren murrizketan, bai ekoizpen-sektoreetan, bai etxeetan bertan. Oro har, kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 16.000 etxebizitzako urteko kontsumoaren pareko aurrezkia ekarri zuten 2020an eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetarako diru laguntzen programek.
 
Informazioaren zati handiena eskura izan gabe, laguntza guztiak itxi ondoren osatuko baita (2021era luzatu dira itxialdia dela eta), 2020ko abenduaren 31n, energia-eraginkortasunaren alorreko jarduerei laguntzeko programek urtean 6.657 tpb (tona petrolio baliokide) aurreztea ekarri zuten, hau da, urtebetean 9.000 etxebizitza inguruk kontsumituko zuten energia. Hori guztia 2 milioi eurotik gorako dirulaguntzei esker, 24 milioi euro inguru inbertitu dituzten hobekuntza-proiektuei esleitu zitzaizkienak.
 
Energia berriztagarriak bultzatzeko programek ere lagundu dute horretan; izan ere, instalazio berriak jarri dira abian, eta haien energia-ekoizpenak zuzenean ordezten ditu kutsagarriagoak diren beste iturri batzuk. Hala, eta programak oraindik indarrean badaude ere, joan den urtearen amaierara arte 560 instalaziori baino gehiagori eman zitzaien laguntza, eta 3,2 milioi euroko dirulaguntzarekin energia konbentzionalean 5.000 tpb baino gehiagoko aurrezkia ekarri dute, 7.000 etxeko kontsumoa hornitzeko adina energia, hain zuzen ere.