Martxoaren 21etik 23ra, asteartetik ostegunera, itsasoko industriaren erreferentziazko topagunea bihurtuko da Bilbao Exhibition Centre, World Maritime Week azokaren laugarren edizioa egingo baitute. Foro hau, dagoeneko, hitzordu estrategikoa da sektorearentzat. Aukera berriak sortuko ditu, eta ezagutza, teknologia eta inbertsioa eskuratzea erraztuko du haren lau hitzorduetan: Sinaval, Eurofishing, Futureport eta Ocean Energy Conference.

Hiru zutabe nagusi ditu ezinbesteko ekitaldi honek. Batetik, kongresuaren egitaraua; aurten, 90 hizlari adituk parte hartuko dute, estatukoak zein nazioartekoak. Bestetik, erakusketa eremua; ekonomia urdineko produktuekin, teknologiarekin eta zerbitzuekin lotutako azken berriak aurkeztuko dituzte 84 enpresak. Eta, azkenik, networking eta B2B programa, parte-hartzaileek oso ongi baloratzen dutena. Zutabe horietako bakoitzak garrantzi berezia du ekitaldi osoan, eta bertaratuek sektoreko eragile nagusiekin zuzenean konektatzeko aukera gisa ikusten dute.

Martxoaren 21ean, asteartean, egingo dute inaugurazio-ekitaldia eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia izango da ekitaldiko presidentea. 09:00etan hasiko da osoko bilkura, eta honakoek parte hartuko dute: Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak eta Clara de la Torre, European Commission DG Climate Action batzordeko Zuzendari Nagusi laguntzaileak. Martin Stopfordek, MarEcon Ltd. Stopfordeko zuzendariak eta Clarkson Research Services Ltd enpresako presidente ez exekutiboak, honako saio magistrala eskainiko du: Klima- aldaketa eta nabigazio adimentsua. Itsas Industriaren aurreikuspenak 2050erako.

Osoko bilkura honetako mahai-inguruan honako hauek parte hartuko dute: Iván Pineda, Wind Europeko Berrikuntza zuzendaria; Borja Soroa Rodríguez-Escudero, Pevasako CEOa, ANABAC- Atunontzi Izozkailuen Armadoreen Elkarteko presidentea eta Euskal Herriko Itsas Foroko presidenteordea; Hervé Guillou, ECA Group eta GICANeko presidentea, eta Sea Europeko presidenteordea; Alvaro Platero, PYMAReko presidentea eta Astilleros Gondan-eko Zuzendari Nagusia; Vicente Boluda, Boluda Lineseko CEOa eta ANAVE Espainiako Ontzi Jabeen Elkarteko presidentea; Isabelle Ryckbost, ESPO – European Sea Ports Organisationeko Zuzendari Nagusia; Judith Kirton-Darling, IndustriAll European Trade Unioneko Zuzendari Nagusi laguntzailea.

Sinavalen inguruan bilduko da ontzigintza-industriaren sektorea. World Maritime Week azokako atalik zaharrena da, eta haren bizkarrezurra. Hainbat gai landuko dituzte bertan, hala nola itsas- industriako lehiakortasuna eta erresilientzia, eta sektoreko digitalizazioa: 4.0 ontziola, Biki Digitala eta tripulatu gabeko itsasontziak.

Eurofishing foroan izango du lekua arrantzak. Itsasoko Espazioaren Plangintza (PEM) izango da gai nagusia; izan ere, funtsezko tresna da itsas eremuaren erabilera tradizionalen eta erabilera berrien arteko bizikidetza jasangarria izan dadin. Hala, hainbat eragilek parte hartuko dute, eta prozesuaren gaineko ikuspegi anitzak emango dituzte. Saioa amaitzeko, mahai-inguru bat egingo dute, eta itsas eremuaren erabiltzaileen ikuspegien eta interesen gainean eztabaidatuko dute parte-hartzaileek. Era berean, Eurofishingen baitan, Atunontzi Izozkailuen Jardunaldia egingo dute. Bertan bilduko da ontzidia, sektoreko punta-puntako gaiez hitz egiteko. Hala, Atun tropikalen arrantza eremuen kudeaketarekin lotutako nazioarteko esperientziak jardunaldia egingo dute, eta sektorean esperientzia zabala duten bi profesionalek parte hartuko dute: Julianne Sheriffa Morel, Seychelleetako Errepublikako Arrantza eta Ekonomia Urdinaren

Ministerioko Arrantza Saileko zuzendaria; eta Tsimanaoraty Paubert Mahatante, Madagaskarreko Errepublikako Arrantza eta Ekonomia Urdinaren ministroa.

Futureport portuei buruzko kongresuari dagokionez, azpiegitura adimendunei eta portuei (energiaren hub gisa) buruz ariko dira, eta digitalizazioari buruzko bloke oso bat ere izango dute. Era berean, zeharkako jardunaldi bat egingo da, Sinabalekin batera, iraunkortasunari eta deskarbonizazioari buruz. Bertan Europa mailako araudiak portuen eta ontzien etorkizuneko itsas erregaiegi buruzko ikuspegia eta energia-eraginkortasuna aurkeztuko dira.

Bestalde, Ocean Energy Conferencek Itsasoko Energia Berriztagarrietan adituak direnak bilduko ditu eta Erosketa Publiko Berritzailea izango da konferentziaren ardatz nagusia, garapen teknologikorako laguntza-tresna gisa. Ondoren, Ocean Energy Conferenceren bigarren blokean, itsas energia berriztagarriko proiektuak aurkeztuko dira, ontzigintzaren dibertsifikaziorako. Espainiako ontzigintza-ekosistemaren modernizaziorako eta dibertsifikaziorako Eraldaketa Ekonomikorako eta Susperraldirako Proiektu Estrategikoak ontzigintzako jarduera itsasoko energia berriztagarrietara eta isurpen baxuko itsasontzietara dibertsifikatzea ahalbidetzen duten jarduerak babesten ditu, baita haien balio-katearen digitalizazioa, jasangarritasunaren hobekuntza eta profesionalen prestakuntza bultzatzen duten jarduerak ere.

Bestetik, sektoreko azken berriak erakutsiko dituzten 80 enpresa erakusketari baino gehiago hartuko ditu Luxua pabiloiak. Honako hauek izango dira bertan, beste batzuen artean: TWG (Estatu Batuak), Glo Marine (Errumania), Ulsaneko Portu Agintaritza (Korea), Olen (Frantzia) edo Sea Europe, Europako 15 herrialdetako ontzigintza-industria ordezkatzen duen erakundea, honakoak barne hartzen dituena: ekoizpena, mantentze-lanak, konponketa, modernizazioa eta ontzi mota ororen aldaketak. Estatuko enpresei eta erakundeei dagokienez, bertan izango dira Portu Agintaritza, EEE Energiaren Euskal Erakundea, Euskal Herriko Itsas Foroa, Eusko Jaurlaritza, Uniport, Astilleros de Murueta, Bombas Azcue, Espainiako Itsasoko Klusterraren Elkartea, Branka Marine Robotics, Industrias Ferri, Navantia, Panelship, Pymar, Trafag, Vincy Energies, Volvo Group España edo Vulkan, beste askoren artean.

Hosted Buyers’ Programme erosleen programak bermatuko du WMW azokan izango direla estatuko eta nazioarteko enpresa armadoreak, ontziolak eta ontzi-enpresak. Haien profilak interes handia sortzen du enpresa erakusketarien artean eta elkarrizketa-agendak itxiko dituzte haiekin. Hala, nabarmentzekoa da Argentinako, Brasilgo, Kolonbiako, Arabiar Emirerri Batuetako, Peruko edo Turkiako profesionalek parte hartuko dutela, Espainiakoez gain.

Aurtengo berritasun gisa, WMW AWARDS sariak banatuko dituzte. Lau sari izango dira: kongresu bakoitzeko bat. Lantaldeetako ordezkariek, hau da, itsas sektoreko prestigio handiko profesionalek, osatuko dute epaimahaia. Horiek arduratuko dira balorazioa egiteaz eta epaia emateaz. Sari-banaketa ekitaldia martxoaren 22an egingo da, jardunaldia ixtean, 18:15ean, Bilbao Exhibition Centren. Bertan, partaideek koktel esklusiboaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute, itsas sektorearen gardentasuna, lehiakortasuna, eraldaketa eta berrikuntza baloratzen dituzten profesionalen sarearekin batera.

Duela gutxi, World Maritime Weekek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak emandako “Erabateko Nazioartekoa” garaikurra jaso du.