• Sozietate hau 50 MWeko bi parke fotovoltaiko sustatzen ari da Araban. Energia berdea sortuko dute Euskadiko enpresentzat eskuragarri egon dadin prezio oso lehiakorretan

Solariak, Europako hegoaldean eguzki-energia fotovoltaikoaren garapenean eta sorkuntzan liderra den enpresa, eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Indarberri sozietatea eratu dute. Eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuak edo energia berriztagarriak sortzeko beste proiektu batzuk garatzeko sozietatea da Indarberri. Bi erakundeen arteko sinadura-ekitaldian, Iñigo Ansola eta Dario López EEEko eta Solariako zuzendari nagusiek parte hartu dute, hurrenez hurren.

Solariaren % 70eko eta EEEren % 30eko partaidetza duen sozietate horri esker, Indarberrik 50 MWeko bi planta fotovoltaiko garatu, eraiki eta ustiatuko ditu Araban (azpiegitura horiek Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgelu eta Gasteizko lurrak hartuko ditu). Eguzki-planta fotovoltaiko horiek energia berdea sortuko dute, eta Euskadiko enpresentzat eskuragarri egongo da prezio oso lehiakorretan.

Solariako zuzendari nagusi Dario Lópezen arabera, “Energiaren Euskal Erakundearekin elkarlanean aritzea harro egoteko modukoa da guretzat. Helburu komun bat dugu: Euskadin energia berdea eskaintzea, energia kutsatzaileak beste alternatiba berriztagarri batzuekin ordezkatzeko eta trantsizio energetikoa gidatzeko. Lankidetza honi esker lortuko dugu”.

Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak adierazi duenez, proiektu honi esker Euskadik urrats kuantitatibo bat emango du eguzki-energiaren aprobetxamenduan, izan ere, “horietako planta bakoitzak Ekian plantan (Erriberabeitian) instalatutako potentzia bikoiztuko du. Energia garbia ekoizteko aukera ematen duten instalazio fotovoltaiko eta eoliko berrietan egindako inbertsioak babestea da gure ahaleginaren ardatza”.

Euskadi 2030 Energia Estrategia

Solaria eta EEEren arteko akordio horrek 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak ezarritako ibilbide-orriari erantzuten dio, lehiakortasunari, horniduraren segurtasunari eta karbono baxuari dagokienez, gero eta jasangarriagoa izango den energia-sistema lortzeko helburuarekin.

Solariari buruz (www.solariaenergia.com)

Solaria enpresa liderra da Europako hegoaldeko eguzki-energia fotovoltaikoaren garapenean eta sorkuntzan. 2002an sortu zenetik, energia berriztagarrietan espezializatu da, eta zehazkiago eguzki-teknologia fotovoltaikoaren ezarpenean eta garapenean, etorkizun hobea eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko konpromisotik. Bere negozio-eredua zelula eta panel fotovoltaikoak fabrikatzetik sorkuntza-plantak garatu eta kudeatzeraino garatu da. Azken urteotan, SOLARIA industria-taldea izatetik energia sortzeko enpresa izatera igaro da. Ibilbide luzea du Espainiako burtsan, eta 2007tik kotizatzen du. 2020an Ibex 35 selektiboan sartu da. 2021eko martxoan, Solaria Nazio Batuen Munduko Itunari atxiki zitzaion, bazkide gisa, konpainiak iraunkortasunarekin duen konpromiso irmoaren ildotik. Horretarako, bere estrategia indartu eta bat egin du giza eskubideen arloetan unibertsalki onartutako Hamar Printzipioekin, hala nola giza eskubideen arloko babesarekin, laneko arauekin eta Nazio Batuen arloko helburuekin. Ustelkeriaren aurka, laneko arauekin eta Nazio Batuen arloko helburuekin bat etorriz; garapen iraunkorraren aldeko helburuak (ODS) eta Agenda 2030 dokumentuetan adieraziak.