Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei energia kooperatiba eratzea bultzatu dute, Ekiola kooperatiba ereduaren arabera. Bertan, herritarrek berek parte hartuko dute beren hornidurarako eguzki energia sortzen eta kudeatzen.
Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei energia kooperatiba eratu izana aurkeztu dute gaur, hain zuzen, Añana, Aiara, Mendialde, Arabako Lautada, Guardia - Arabako Errioxa eta Gorbeialdeko kuadrilletan, sei eguzki parke fotovoltaiko instalatuko dituztenak (bana kuadrilla bakoitzean), Ekiola kooperatiben ereduaren arabera.
Ekainaren 22an lankidetza protokoloa sinatu ostean Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Enargi eta Ekiola sozietateen ordezkaritzan, hurrenez hurren, energia kooperatibak eratzea funtsezko mugarria da herritarrek beren energia sortzeko eta kudeatzeko orduan parte har dezaten bultzatzeko.
Añanako, Aiarako, Mendialdeko eta Arabako Lautadako, Guardia - Arabako Errioxako eta Gorbeialdeko kuadrilletako arabarrek aukera izango dute energia berriztagarriak sortzeko energia kooperatibetako kide izateko, beren ingurune hurbilenean kokatuko diren eguzki parkeen bidez.
Energia arloko sei kooperatiben aurkezpenean, Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, "eman dugun urratsa bat dator Klima Araba 2050 Estrategiarekin, klima aldaketa arintzeko eta egokitzeko ekintzak bultzatuko dituzten eta karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetiko bat bultzatzen lagunduko duten neurriak bultzatzea helburu duena".
Bestalde, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak horrelako instalazioak biderkatzeko deia egin du, berriztagarrietatik energia sortzeko: "gure mix energetikoa deskarbonizatzeko eta larrialdi klimatikoko egoerak eskatzen dizkigun helburuak lortzeko, bide horretatik jo behar dugu". Gainera, ekimena "energia berriztagarrien eta autokontsumoaren bidez energia autohornikuntza errazten duen gobernantza energetiko berriaren proiektua" dela esan du.
Ekiola proiektua
Ekiola proiektua tresna bat da energia berriztagarria sortu eta kudeatzeko tokiko kooperatibak eratzeko. Herritarrak energia sortzeko eta kudeatzeko ahalduntzea da ekimenaren bi zutabeak.
Tokiko kooperatiben eredupean dauden komunitate energetikoek 0 kilometroko energia garbia sortuko dute, sistema elektrikoaren barruan jardungo dute eta tokiko eta gertuko administrazioekin batera joango dira (udalak eta administrazio batzarrak).
Kooperatibak sortzeak, Euskadin oso errotuta dagoen kudeaketa ereduak izanik, aukera ematen du herritar askok parte hartzen duten proiektu handiagoak eratzeko, kontsumitzen duten energiari buruzko erabakiak sortu eta hartuko dituztenak. Kooperatibek ez dute irabazteko asmorik izango, eta beren bazkideek sortutako energia elektrikoa eskuratzeko aukera izango dute, sortzearen kostuaren pareko prezioan.
Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, sortze kostu egonkorrarekin, eragiketa epe oso luzearekin (gutxienez 25 urte), eta pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko da; horrela, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte.
Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie beren faktura elektrikoetan; horrela, urtero ikusiko dute beren instalazioa sortzearen emaitza, bai termino ekonomikoetan bai elektrikoetan, eta bere inpaktua ebaluatu ahal izango dute ingurumenean, iraunkortasunean, ingurunerako aberastasuna sortzean eta kontsumoaren ekonomian bertan duen eraginean.
Proiektuak jasotzen du eguzki parkeak abian jartzea 12 hilabetetan. Parke bakoitzak hektarea bateko azalera hartuko du balio txikiko lurzoruetan, eta megawatt bateko potentzia instalatua izango du.