Energia-eraginkortasuna eta efizientzia da obren eta erreformen helburutako bat

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak gaur sinatu dute Segurtasun Sailari atxikitako eraikinetan eta instalazioetan energia-iraunkortasuna sustatzeko lankidetza-hitzarmena. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzko irailaren 22ko 178/2015 Dekretuan finkatutako helburuak lortzea da helburua.

Lankidetza-hitzarmenean biltzen diren jardunen artean daude energia-ikuskapenak egitea eta, horretarako, energia-efizientziako neurriak identifikatzea eta Segurtasun Sailaren eraikin eta instalazio guztietan energia berriztagarriak ezartzea. Beste jardun batzuk dira egin beharreko jardunak zehazteko beharrezkoak diren azterketak egitea, jardun-planak ezartzea eta higiezinen energia-ziurtagiriak lortzea.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta jardunak amaitu arte luzatu ahal izango da. Energiaren Euskal Erakundeak konpromiso hauek hartu ditu: ikuskapenak eta energia-ziurtapenak kontratatzea; egin beharreko beste azterketa batzuk kontratatzea; Segurtasun Sailari energia-efizientziako neurriak ezartzeko jardun-plana idazten eta abian jartzen laguntzea; eta energia-iraunkortasuneko jardunei buruzko informazioa modu antolatuan biltzeko irizpideak definitzea.

Bestalde, Sailak konpromiso hauek hartu ditu: Energiaren Euskal Erakundeak ikuskapenak, ziurtapenak eta azterketak kontratatzeko prestatutako agirien alderdi teknikoak berrikustea eta onartzea; Energiaren Euskal Erakundeari eta kontratatutako aholkularitzei behar duten informazioa ematea; ikuskapenen emaitzen analisian modu aktiboan parte hartzea; jardun-planaren prestaketa koordinatzea; eta energia-efizientziako neurriak eta energia iraunkorragoak erabiltzeko neurriak abian jartzea bere eraikinetan.
“Energiaren Euskal Erakundearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak bultzada emango dio Segurtasun Sailak azken urteotan egindako ahaleginari, energia-eraginkortasuna  baita gure jardunen funtsezko ardatzetako bat. Hala islatzen da Ertzaintzaren Azpiegiturak Kudeatzeko Plan Orokorrean. Berroziko biomasa-planta, Oiartzungo egoitzaren berrikuntza eta Iurretako egoitzaren proiektua dira energia-efizientziaren sisteman aurrera egitea helburu duten obretako batzuk” adierazi du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak. 

Beltrán de Herediak gogorarazi du Segurtasun Sailak urteak daramatzala arlo horretan lan egiten, bere instalazioetan energia-aurrezpena eta energia-efizientzia bilatuz eta bere zentroetan sistema berriztagarriak ezarriz. “Segurtasun Sailak 2012. eta 2013. urteetan egin zituen bere zentro nagusietako ikuskapenak (zentraletakoak, egoitzetakoak eta Ertzain-etxeetakoak) eta 2016. eta 2017. urteetan herritarrei arreta egiteko bulegoetako ikuskapenekin osatu zuen”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak, Energiaren Euskal Erakundearekin hitzarmena sinatu ostean.
Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia berriz, pozik agertu da Segurtasun Sailak energiaren jasangarritasunari emandako bultzadagatik, “konpromiso honi esker 2015 eta 2025 urteen bitartean Jaurlaritzak dituen eraikinetan energia kontsunoa %25ean jaisteko helburutik hurbilago gaude. Zalantzarik gabe, ekimena euskal gizartea alor honetan kontzientziatzeko eredugarria da”.