Apirilaren 15etik aurrera egongo da indarrean 8,5 M€-ko aurrekontuarekin
- Bereziki bizitegi-sektorera zuzendutakoak, partikularrentzat zein energia berriztagarrien herritarren bizitegi-komunitateetarako eta gehienez ere 25 kW-eko instalazioetarako.
- Etxeko sistema termiko berriztagarriek ere (geotermia, aerotermia, biomasa eta eguzki-energia termikoa) laguntzak izango dituzte 2024an 2.500.000 euroko balioaz.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaurko edizioan argitaratu du Euskal Energiaren Erakundearen deialdi berria Euskadin energia berriztagarriak ezartzeko laguntzak martxan jartzeko. Eguzki-autokontsumoak eta autokontsumo eolikoak 8.500.000 euroko aurrekontua izango dute 0 km-ko elektrizitatea produzitzeko instalazio berriak abian jartzeko, eta energia berriztagarri termikoek, aldiz, 2.500.000 eurokoa.
EEE Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia publikoa denez, bere zeregin nagusien artean dauka Euskadin energia-kontsumoaren efizientzia handitzea eta, horrenbestez, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat bultzatzea. Energia berriztagarriak dira funtsezko zutabea helburu hori lortzeko, betiere energia-efizientziarekin batera, hau da, energia gutxiago kontsumitzea produktu edo zerbitzu berak lortzeko. Autokontsumoa bihurtu da eredu adierazgarrienetako eta zabalduenetako bat, Euskadin milaka autokontsumo-instalazio baitaude (4.352) etxebizitzen energia elektrikoaren premia nagusiak hornitzeko.
EEEk autokontsumoari 2024. urtean emango dizkion laguntza berriek bizitegi-sektorearen premiei erantzun nahi diete, eta eguzki-autokontsumoaren eta autokontsumo eolikoaren instalazio berriztagarriak martxan jartzen lagunduko dute, sare elektrikora konektatutako eraikinetarako zein biltegiratzeko sistemak edo bateriak erabiltzen dituzten eraikin isolatuetarako. Produzitutako energia monitorizatzeko sistema bat izan beharko dute instalazio guztiek, eta energia horren % 80 gutxienez instalazioaren jabeek edo instalazioari lotutako pertsonek kontsumitu beharko dute betiere. 25 kW-tik gorako potentziak instalatzea ahalbidetzen da, baina instalazioek ezin izango dute muga hori gainditzen duen potentziarengatiko laguntzarik jaso.
Ildo horretan, pertsona fisiko indibidualak, bizitegi-jabeen komunitateak, energia berriztagarrien komunitateak eta bizitegi-kontsumitzaileek soilik osatutako herritarren energia-komunitateak hartzen dituzte barnean laguntza horietara bildu ahalko diren pertsonek, betiere indibidualki zein kolektiboki merkatuan trukean ondasunak eta zerbitzuak ematen dituen ezein jarduera egiten ez badute.
2024ko urriaren 31ra arteko aurreikusitako indarraldia izango du deialdi honek, edo aurretik aurrekontua agortzen den arte. 2024ko urtarrilaren 1az geroztik egindako jarduketak hartu ahal izango dituzte eskaerek.
Bero berriztagarrirako laguntzak
Bestalde, berokuntzarako zein txorrotako ura berotzeko jatorri berriztagarriko etxeko beroaren produkzioak ere 2.500.000 euroko laguntza espezifikoko programa berri bat izango du, eta 2024ko apirilaren 15etik urriaren 31ra arte eskatu ahal izango da.
Eguzki-energia termikoa, biomasa, geotermia zundaketekin, hidrotermia, aerotermia (aire-aire motakoa izan ezik) eta iturri berriztagarrietan oinarritutako bero-sareetan erabiltzaile berriak sartzeko trukeko hargune berriak egitea barnean hartzen dituzten energia berriztagarrietako inbertsioak egiten lagunduko dute laguntza hauek.
Instalazio berrien kostu hautagarrien % 35erainoko laguntza eskaini ahal izango dute laguntza hauek.