Energiaren Euskal Erakundearen 2019ko laguntza-programaren balantzea
17tik 276ra pasa dira bi urtetan​
- Laguntza programek 15M€ bideratu dituzte dirulaguntzetarako
- Lagundutako proiektuen multzoak 3.600 izan dira eta Euskadiko energiaren amaierako kontsumoaren % 0,6ko energia-aurrezpena dakarte, Energia Trantsizioaren helburuetan aurrerapen handia eraginez.
- Renove Planak 2.411 ibilgailu zahar efizientzia handiko A klaseko ibilgailuekin ordeztu zituen.
Energiaren Euskal Erakundeak kudeatutako laguntza-programak 2019ko ekitaldian laguntza eman die energia-efizientziako jardunei –energia-kontsumoa murriztera bideratuak– eta energia berriztagarriei lotutako jardunei, guztira 15 milioi euroko balioarekin. Guztira 3.598 eskaera onartu dira, eta eskaera horien artean azpimarratzekoa da berriztagarriei lotutako proiektuen igoera nabarmena, batez ere autokontsumoari lotutakoak.
2019ko laguntza-programaren energia-balantzea oso positiboa izan da, hainbat sektoretan energia-kontsumoa 29.658 ptb/urte (petrolio-tona baliokideak) murrizten lagundu duelako, edo beste modu batean esanda, Euskadiko amaierako energiaren % 0,6 urte batean. Ekarpen handia da Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Energia Estrategiaren kontsumoa murrizteko eta deskarbonizazioko helburuak lortzeko, efizientzian eta berriztagarrietan oinarritutako karbono gutxiko eredu bateranzko Energia Trantsizioaren esparruan.
Guztira, emandako laguntzak 15 M€ izan dira, 11,1 M€ inguru aurrezki- eta efizientzia-programetarako eta 3,8 M€ inguru energia berriztagarrietarako. Era berean, laguntza-linea horien bitartez teknologia efizientean eragindako inbertsioa 124 milioi eurotik gorakoa izan da.
Energia-efizientzia
Energia-kontsumoa murriztera eta efizientzia sustatzera bideratutako proiektuetarako laguntza-lineatan 3.066 eskaera onartu dira, eta guztira 11,1 M€ jaso dituzte. Epigrafe honen barnean daude industria-sektoreko, hirugarren sektoreko, toki-administrazioko, industrialdeetako eta mugikortasuneko proiektu guztiak. Azpimarratzekoa da azken alderdi horretan egindako ahalegina, hiru laguntza-programa kudeatu baitira mugikortasun efizientearen hainbat alderdirekin laguntzeko, eta horiek guztira 8,2 M€ jaso dituzte, sektore horretan erregaien kontsumoari eusteko helburuarekin.
Programetako bat Ibilgailuen Renove Plana izan zen, bi hilabetean 2.411 ibilgailu zahar efizientzia handiko (A energia-klasea) ibilgailuekin ordeztuz. Era berean, Euskadiko MOVESek 235 jarduni eman die laguntza; 123 jardun karga-puntuen instalazioari lotuta, eta 112 jardun ibilgailuei lotuta, ibilgailu horien % 95 elektrikoak izanik.
Industria-sektoreko eta hirugarren sektoreko jardunek 125 eta 141 proiektu bildu dituzte, hurrenez hurren, lehenengoak jasotako laguntza 1,3 M€ eta bigarrenak jasotakoa 920.000 euro izanik. Toki Administrazioek 79 hobekuntza-proiektu egin dituzte, laguntza guztira 653.000 euro izanik, batez ere argiteria publikoa hobetzera bideratuz.
Berriztagarriak
Energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendurako programak martxan jartzeko laguntza azpimarratzekoa da, 2019an 7,8 MW instalatu direlako, 276 proiektutan banatuta, ia osorik autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikotan. Duela bi urte besterik ez, proiektu mota horrek 0,15 MW instalatu zituen 17 proiektutan, eta horrek argi uzten du azkenaldian instalazio mota horri lotuta sortu den interesa. Beraz, instalatutako potentzia % 5.200etik gora igo da, eta proiektuen kopurua % 1.600etik gora.
Biomasako eta geotermiako instalazioei dagokienez, 6,6 MW termiko instalatu dira, bakoitzak % 50 bilduz, aurreko ekitaldietako joerari jarraikiz.