Oarsoaldeko Mankomunitateak hartu du Ekiolak eskualdean egin duen lehen bilera. Toki-erakundeetako ordezkariek energiaren ikuspegia alda lezakeen ekimenaren potentzialaren berri jaso dute; herritarrak autokudeaketa-errealitate batean txertatu eta 0 kilometroko energia sortuko luketen eguzki-parkeak eraikitzeko egitasmoaren nondik norakoa.
Ekiola elkartearen bidez energia berriztagarria sortzeko herritarren kooperatibak eratzea helburu duen ekimena gaur goizean aurkeztu diete Oiartzunen Oarsoaldeko eskualdeko herrietako ordezkariei (Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia) eta eskualdeko garapen-agentziako kideei. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Krean erakundeko zuzendari Asier Etxabe izan dira, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Gipuzkoako foru diputatu José Ignacio Asensiorekin batera, herritarren beharrizanak asetzeko energia sortu eta kudeatzeko aukeraren berri ematen.
Ekimena Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Taldeko Krean ingeniaritzaren elkarlanaren bitartez sortu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du. Ekiola Euskal Autonomia Erkidegoan Energia Aldaketaren Europako Estrategia sustatzeko eta gauzatzeko sortu da. Estrategia horren oinarria da herritarrak ahalduntzea energia berriztagarriak sortzeko eta kudeatzeko, kontsumitzaile aktiboaren eta energia-komunitatearen figura berrien bidez kontsumitzeko. Kooperatiba bezala, sistema elektrikoan zeresana izango duten eta tokian tokiko administrazioen bultzada izango duten energia komunitateak sortzeak abiaraziko ditu herri eta eskualdeetan energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko hainbat proiektu.
Hala, Oarsoaldean Ekiolarekin bat egiteak autokudeaketa kooperatiboko errealitate batean integratzea ekarriko luke, herritarren energia-beharrak asetzeko. Formula horrek 1 MW-etik 5 MW-era bitarteko potentzia duen eguzki-parke bat eraikitzeko aukera ekarriko du Oarsoaldera (instalazioaren tamainaren eta sortzen diren atxikipenen arabera), eta 0 kilometroko energia sortuko luke.
Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak balioetsi du helburu bera lortzeko elkarrekin egindako lana, "Tokiko eta eskualdeko erakundeen, Krean bezalako ingeniaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen batasunik gabe lortu ezin diren helburuak". Gainera, azpimarratu du proiektu hori "gobernantza energetiko berri baten ildoen barruan" kokatzen dela, "Europar Batasunaren politikekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin bat datorrena, eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko eta energia-autokontsumorako sistemen bidez energia-autohornikuntza errazteko beharra adierazten duena.