BEHIN-BEHINEKO BALANTZEA. 2024KO LAGUNTZEN KUDEAKETA

  • EEEk 69.500 MWh-ko energia-aurrezpena eragin duten jarduerak lagundu ditu, hau da, 12.400 etxebizitza baino gehiagoren urteko kontsumoa adina.
  • Diruz lagundutako instalazio berriek 81,5 MW berriztagarri ekarri dituzte Euskadin, barne direla eguzki-energia fotovoltaikoa, eolikoa eta termikoa, biomasaren eta aerotermiaren bidez, besteak beste.
  • Mugikortasun elektrikoa sustatzeko atalean, laguntzak 23,3 milioi eurora iritsi ziren, eta horrek, aldi berean, 114,9 milioi euroko inbertsioak eragin ditu automobilen merkatuan, errekuntza-automobilen ordez motor elektriko edo hibrido entxufagarriko automobilak erabiltzea bultzatuz.

Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak, bere kargu dauden laguntza-programen 10.000 eskaera inguru kudeatu ditu 2024an, eta 91 milioi euroko dirulaguntzak eman ditu hainbat arlotan, energia-trantsizioari eta deskarbonizazioari begira estrategikoak direnak, hala nola energia berriztagarrietan, energia-eraginkortasunean, elektromugikortasunean edo itsas energien saiakuntzetan, besteak beste.

EEEk Euskadiko sare ekonomiko, sozial eta industrialaren eskura jartzen dituen laguntza-programa horiek, energia aurrezten eta trantsizio energetikoa lortzen lagunduko duten inbertsioak sustatzeko, bultzada nabarmena izan dute 2024ko ekitaldian ebatzitako espedienteetan eta emandako laguntzetan. Guztira, 9.687 laguntza-eskaera erregistratu dira eraginkortasunari, energia-kontsumoaren eraldaketari eta sorkuntza berriztagarriko iturrien aldeko apustuari dagokienez, 296 milioi eurotik gorako inbertsioak egiteko. Orotara, 2024an, 91,3 milioi euro ebatzi eta eman dira laguntzetan, batez besteko laguntza  % 30etik gorakoa izan da egitasmo bakoitzean. Dirulaguntzen inbertitutako euro publiko bakoitzak 3,2 euro pribatu eragin ditu inbertsioetan.
 
Ekoizpen-sektore askotan, bai eta herritarrek ere, hainbat arlotan egin dituzten inbertsio horiek, adibidez, energia-eraginkortasun handiko teknologian, motorizazio elektrikoko ibilgailuetan, eraikinak energia-irizpideekin birgaitzeko edo autokontsumorako energia-ekoizpen termiko edo elektrikoan, onura nabarmena ekarri diote energia-sistemari, 69.500 MWh-tik gorako energia-aurrezpena eragin baitute, hau da, urtebetean 12.412 etxebizitzatan kontsumitzen den energia adina. 
 
Era berean, energia berriztagarriei dagokionez, 2024an, 81,5 MW potentzia instalatu berri jarri dira martxan, eta horietatik 66 MW autokontsumoari dagozkio, eta 15,5 MW berriztagarri termikoei.
 
 
Instalazio berriztagarriak eta autokontsumo elektrikoa
Epigrafe honetan emandako laguntzen artean sartzen dira energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioekin lotutakoak, hala nola eguzki-energia fotovoltaikoa eta eolikoa, eta instalazio termikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia, besteak beste.  Guztira, 4.552 instalaziok jaso dute dirulaguntza, 53,6 milioi euroko kantitatea dena laguntzetan. Horien artean nabarmentzen da eguzki-autokontsumo elektrikoari dagokion kopurua; izan ere, instalazio guztietatik 3.890 mota horretakoak dira, Euskadin eguzki-energiaren aprobetxamenduak izan duen gorakadaren seinale, dudarik gabe.
 
MOVES
MOVES III programako mugikortasun elektrikorako laguntzei dagokienez, 7.526 eskaera egin dira 2024. urtean. Programa horrek 74,4 milioi euroko aurrekontua izan du, 2021ean ireki zenetik izandako handitzeen ondoren, eta 23,3 milioi euroko laguntzak eman ditu 2024an. Laguntza horiek, aldi berean, 114,9 milioi euroko inbertsioak eragin dituzte automobilaren merkatuan. Automobilak motorizazio elektrikoko edo hibrido entxufagarriko ibilgailuekin ordezteak laguntzen du garraio-sektoreko energia-kontsumoa murrizten eta tokiko emisioak minimizatzen, eta hori ezinbestekoa da deskarbonizazioaren helburuetan aurrera egiteko.
 
Instalazio elektrikoak
Energia elektrikoz hornitzeko instalazioen inguruan, programa horrek garrantzia izan du 2024ko ekitaldian, etxebizitza-eraikinetako banaketa elektrikoko sarea berritzen lagundu baitu; izan ere, Euskadiko etxebizitza-komunitateen % 23k 125/220 volteko sistema zaharkitua duten instalazioak dituzte. Hori oztopo bat da eraikin horiek kontsumo eta zerbitzu aurreratuetara egokitzeko, batez ere elektrikoetara –aerotermia-sistemak instalatzea, ibilgailu elektrikoa kargatzea, etab.–, deribatu fosilen kontsumoa apurka-apurka utzi ahal izateko eta elektrifikazioan aurrera egiteko. Milioi bat euroko aurrekontuarekin, 295.000 €ko dirulaguntza eman zaie 75 berritzeri instalazioetan.
 
Aipatzekoa da programa horiek Estatuko erakundeen finantzaketa dutela, Europako baliabideekin hornitua, bai eta Eusko Jaurlaritzaren funts propioena ere. Eskaera berriak bidaltzeko epea amaituta badute programa batzuek, 2025ean aktibo jarraitzen dute programa horietako askok, inbertsioa justifikatzeko fasean baitaude (eskatzaileek 18 hilabeteraino dituzte dirulaguntza publikoa eskatu duten jarduera hori benetan gauzatu dela dokumentu bidez justifikatzeko, autokontsumoaren kasuan, esaterako). Fase edo epe horren ondoren, dagokion dirulaguntza emango da 2025. urtean zehar.
 
Energiaren Euskal Erakundeak, sortu zenetik, energia berriztagarrien instalazioak abian jartzeko eta energia aurrezteko inbertsioak laguntzen ditu. 80ko hamarkadaren hasieratik gaur egunera arte, urtero eta etengabe jarri dira martxan dirulaguntza publikoko programak, Euskadiko energia-sistema eraldatzen lagunduko duten instalazio txiki horiei laguntzeko eta trantsizio energetikoaren estrategian aurrera egiteko. Azken batean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean 2050. urterako finkatutako klima-neutraltasunaren helburua lortzen laguntzeko.