ENERGIA-DATUEN AURRERAPENA 2024
- Industria izan zen elektrizitate-eskaera handiena izan zuen sektorea (% 53), eta atzetik, urrutitik, zerbitzuak (% 22) eta etxeko erabilera (% 16).
- Ohiko erabileretarako gasaren kontsumoa (industria, etxea, zerbitzuak eta bestelakoak) % 3,6 igo da.
- Automobilgintzarako erregaiek gorantz jarraitzen dute, % 4ko igoerarekin.
Energiaren Euskal Erakundeak urtero argitaratzen du euskal gizarteko sektoreetan erregistratutako kontsumoei buruzko energia-balantzea, erabilitako energia-iturri nagusiak zein diren xeheki azalduta. 2024ko ekitaldiko lehen datuekin egindako aurrerapenari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Euskadin elektrizitatearen kontsumoa handitu egin dela industrian eta hainbat energia-iturritan, bereziki automobilgintzako erregaietan eta gas naturalean.

Energia elektrikoa
Euskadiko elektrizitate-kontsumoa 13.866 GWh-ra iritsi zen 2024an. Aurreko urtean baino % 1,2 handiagoa da kontsumo hori, baina 2020ko COVID-19 krisian erregistratutako kontsumoa baino % 1,4 handiagoa baino ez da. Hala, azken urteetako bigarren balio txikienean dago kontsumo elektrikoa, osasun-krisiaren urtea kontuan hartu gabe.
Euskadin kontsumo elektriko handiena duen sektorea industria da oraindik ere, guztizko kontsumoaren % 53,2 hartzen baitu; ondoren, zerbitzuen sektorea dator, (% 22,5), eta, azkenik, etxeko sektorea, (% 16,6). Industria-sektorearen barruan (% 0,6 igo da 2024an), behera egin dute kontsumitzaile handien azpisektoreen kontsumoek, hala nola beiraren sektoreak (-% 23,5), zementuaren sektoreak (-% 16,6), automobilen eta bizikleten sektoreak (-% 13,3) eta zuraren eta kortxoaren industriak (-% 8,0). Bestalde, siderurgiaren eta galdaketaren sektorean kontsumoa % 3,8 igo da, burdinazkoa ez den metalurgian % 3,4, kimika eta petrokimikan % 4,3, elikadura, edariak eta tabakoa % 2,5, eta paper eta kartoiaren sektorean % 10,6.
Eraikinen sektorean (+% 0,1 2024an), merkataritza eta zerbitzuen sektorearen beherakada nabarmentzen da (-% 3,2), azken 20 urteetan erregistratutako bigarren balio txikiena baita. Bestalde, Administrazioaren sektorean kontsumo elektrikoa % 2,7 igo da aurreko urtearen aldean, eta etxeko sektorean, berriz, % 1,9.

Gas naturala
Gas naturalaren kontsumoa 23.225 GWh-ra igo zen, eta aurreko urtean baino % 4,4 handiagoa izan da beraz. Igoera hori gertatu da elektrizitatea sortzeko kontsumoa % 8,4 igo delako, eta ohiko erabileretarako kontsumoa (industria-sektorea, etxea, zerbitzuak eta bestelakoak) ere % 3,6 igo delako. Azken horrek, hala ere, 2022ko krisi energetiko betean erregistratutakoen antzeko balioak ditu.
Ohiko erabileretako kontsumoa azken 20 urteetako balio txikienean mantendu da, eta elektrizitatea sortzeko gas naturalaren kontsumoa, berriz, 2022. urte anomaloaren aurreko balioen antzekoa da. Hala, ohiko erabileretako kontsumoak guztizkoan duen pisua azken urteetan izan duenaren antzekoa da (% 70-80) berriz ere, 2022an izandako % 57aren aldean.

Erregaiak
Euskadin automobilgintzako erregaien kontsumoa % 4,2 igo da 2024an, aurreko urteekin bat etorriz. A gasolioaren kontsumoan (+% 3,6) eta gasolinarenean (% 8,3) izan da igoera.
A gasolioak azken urteetan erakutsitako kopuruak murrizten jarraitzen du, baina Euskadin errepide bidezko garraiorako erabiltzen diren erregaien % 87,4 da oraindik ere.
Abiaziorako kerosenoaren (JET-A) kontsumoak duela bi urte igoera handia izan ondoren, 2024ko itxierako azken datuaren faltan, kontsumo hori -% 2,3 jaitsi da 2023koaren aldean.