Enpresa Eolikoen Elkarteak (AEE) erabaki du bere urteko saria Eusko Jaurlaritzari ematea "sektore eolikoari emandako babesarengatik, irtenbide teknologiko eta lehiakorrak eskaintzeko garaian lidergo-posiziotan ipini baitu”. Enpresa Eolikoen Elkarteak bere argudioetan zera adierazi du: “Euskadik produkzio-sektore oso bat eratu du energia berriztagarri eolikoaren inguruan, 110 enpresa baino gehiago biltzen ditu, eta eratzen duten foku estrategikoak lehen mailako lehiakortasuna eta garapen teknologikoa ditu, nazioarteko merkatu nagusietan lehiatzeko gai izanik”. Euskal industria eolikoak 15.000 laguni ematen die enplegua Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 1.000 lagun inguruk ikerketa eta garapenean dihardute. Sektoreak 7.300 milioi euro fakturatzen ditu urteko.
Saria emateko azalpenean, Enpresa Eolikoen Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiak markatutako helburuen garrantzia azpimarratu du, eta adierazten duenez, “asmo handiko helburuak ezartzen ditu energia berriztagarrien iturrien garapenaren alorrean 2030. urterako: haien erabilera hirukoiztea, Euskadiko energiaren azken kontsumoaren % 21era iritsiz”.
AEEren Saria jaso duten beste pertsona eta erakunde batzuk honako hauek dira: ICEX (2017ko edizioa), Christiana Figueres, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren idazkari exekutiboa; Barack Obama, Estatu Batuetako presidentea; edo Fatih Birol, Energiaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari exekutiboa.
Saria, Madrilen ekainaren 26an egingo den Espainiako IV. Kongresu Eolikoan entregatuko da.
Enpresa Eolikoen Elkartea sektore eolikoak estatu espainiarrean duen plataforma da. 200 enpresa bazkide inguru ditu, sektorearen % 90etik gora ordezkatzen du, eta energia-iturri horren erabilera sustatzen du.