• 1.800 eguzki-plaka jarri dira, eta Bizkaiko estalki fotovoltaiko handiena da.
  • Ekoizpenak autokontsumorako erregimenean hornitzen du BEC.

Bilbao Exhibition Centre eguzki-instalazio fotovoltaikoaren handitzea bukatuta dago eta funtzionatzen ari da. Teilatura igotzeko eta instalatzeko lanen ondoren, sistemak egokitu egin dira barne-sarera konektatzeko. Eguzki-instalazio berria autokontsumorako erabiliko da oso-osorik, BECen energia-beharrak asetzeko. Egitura berri hori Bizkaiko estalkirik handienean dagoen instalazio fotovoltaikoa da, eta 2004an instalatutakoari gehitzen zaio, energia sare orokorrera isurtzen jarraituko baitu.

Guztira 1.800 eguzki-plaka instalatu dira, 990 kW-eko potentzia izendatuko energia elektrikoa sortzeko. Sorgailu fotovoltaikoak, elektrizitate garbia eta berriztagarria ematen duten gailuak, 10 graduko inklinazioa duten egituretan jarri dira 6. pabiloiko estalkian. Apirilaren amaieraz geroztik, instalazioak 217.523 kWh ekoitzi ditu martxan ia bi hilabete hauetan, autokontsumoan, sareari soberakinak saldu gabe. Ekoizpen hori BECek denboraldi berean kontsumitzen duen energiaren %18 inguru da.
 
Handitze horren ondorioz, 650.000 euroko inbertsioa egin da, BEC Solar (Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Bilbao Exhibition Centre-ren partaidetza duen sozietate mugatua) funtsen bidez.
 
Eguzki-energia erabiltzea, BECek eskaintzen duen moduko leku batean elektrizitatea sortzeko, energia hornitzeko alternatiba oso interesgarria da, esparruaren tamaina dela eta.  Gainera, energia da ekitaldiak jasangarritzat hartzeko lan-ardatz nagusietako bat, Erronka Garbia zigiluarekin. Ekintza  horiek BECek jasangarritasunaren aldeko konpromisoaren eta 2030eko GIH agendaren (Garapen Iraunkorreko Helburuak) barruan sartzen dira.