• Euskal erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatuaren fruitu, Arabako Armiñongo udalerrian dagoen EKIENEA proiektuak 70 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du eta 160.000 lagunentzako energia garbia sortuko du, hau da, Arabako biztanleriaren ia erdiarentzat.
  • Iberdrolako presidente Ignacio Galanek, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucinek, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak gaur goizean azaldu dizkiote Iñigo Urkullu lehendakariari proiektuaren xehetasunak eta hedadura, zeinak egiten den bitartean ehunka enplegu ere sortuko dituen inguruan, agerian utziz karbonoan txikia den ekonomia baterako trantsizioa oparotasunerako eta hazkunde jasangarrirako aukera dela. 

Iberdrolak eta Mondragon Taldeak, Krean taldearen bidez, Arabako Foru Aldundiak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak euskal aliantza publiko-pribatu handi bat sortu dute Euskadiko planta fotovoltaiko handiena izango dena egiteko helburuarekin: EKIENEA.Energia-konpainiak % 75eko partaidetza izango du proiektuan; EEEk, Aldundiaren atxikimendu-konpromisoarekin, % 20, eta talde kooperatiboak, Kreanen bitartez, % 5.

Lacorzanako finkan dago proiektua, Armiñongo (Araba) udal-mugartean, eta gaur goizean aurkeztu diote Iñigo Urkullu lehendakariari Iberdrolako presidente Ignacio Galanek, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucinek, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak. Elkarraldian, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak ere parte hartu duelarik, garapen berri horren xehetasunen eta dimentsioen berri eman dute EKIENEA proiektuaren bultzatzaileek.

100 megawatteko (MW) potentzia instalatuarekin eta 70 milioi euro inguruko inbertsioarekin, 160.000 pertsona ingururen urteko kontsumoari erantzuteko energia garbia sortuko du instalazio berriztagarri handi honek, Arabako biztanleriaren erdiari baino gehiagori erantzunez, eta ia hirukoiztu egingo du Euskadiren egungo eguzki-sorkuntzako gaitasuna, 60 MW ingurukoa baita. Plantaren produkzioarekin atmosferara urtean 25.000 tona CO2emititzea saihestuko da.

Lacorzanako finkaren mugakide da Ekiango eguzki-planta, urtarrilean inguratua eta 24 MWko potentzia instalatua duena. Gaur aurkeztutako proiektuaren kalkulatutako produkzioa aldameneko instalazio horrena baino 3,5 aldiz handiagoa izango da.

Egiten duten bitartean, ehunka enplegu ere sortuko ditu lan-puntako uneetan EKIENEAK, eta, hori horrela, karbonoan txikia den ekonomia baterako trantsizioa oparotasuneko eta hazkunde jasangarriko iturri dela ere erakutsiko digu.
 
200 hektarea hartuko ditu EKIENEAK, eta hektarea horietatik 100 planta fotovoltaikoak hartuko ditu eta beste 100 ingurumen-konpentsaziorako eta basoguneen zaintzarako baliatuko den lursailak. 
Proiektua 2022an egikaritzen hasi ahalko dela kalkulatzen da, ingurumen-behaketako eta administrazio-tramitazioko prozesu konplexu baten ondoren, eta urtebeteko eraikuntzaren ondoren abiaraziko dela, 2023an.
Energia berriztagarriko instalazio berri hau aukera handia da, halaber, proiektuaren bultzatzaile izango diren euskal enpresen soluzio teknologikoen proiekziorako.