Une honetan indarrean dauden energia-komunitateak azken 18 hilabeteetan eratu dira, eta argi uzten dute instalazio fotovoltaikoak azkar garatzen ari direla eta toki-administrazioak konprometituta daudela herritarrei bidea errazteko beren energia-premiak berriztagarrien bitartez asetzeko aukera izan dezaten.
Euskadiko 42 energia-komunitateetan 5.200 pertsona baino gehiago biltzen dira, eta ia 17 MW instalatu dira guztira.
Krean (Mondragón Taldea) enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Ekiola Energia Sustapenak 4,2 milioi euro lortu berri ditu estatu-funtsetatik, sei Ekiola garatzeko.
Euskal udalen % 40 baino gehiago energia-komunitateen eraketan inplikatu dira. Euskadik energia berriztagarrien instalazio berriak inplementatu beharrarekin hartutako konpromisoa gero eta eraginkorragoa eta azkarragoa izaten ari da. Europako araudiak (EB 2018/2001 Zuzentaraua, iturri berriztagarrietatik eratorritako energiaren erabilera sustatzeari buruzkoa, eta EB 2019/944 Zuzentaraua, elektrizitatearen barne-merkaturako arau komunei buruzkoa) energia berriztagarrien komunitateak eta herritarren energia-komunitateak sortzeko aukera ireki zuenez geroztik, Euskadiko 100 udal inplikatu dira haien eraketetan. Hala, azken urte eta erdian 42 energia-komunitate sortu dira, guztira ia 17 MW-ko (16.711 kW) sorkuntza fotovoltaikoko potentzia duten proiektuekin.
Toki-erakundeen konpromisoaz gain, herritarrak proiektu horiei atxikitzeko erakutsitako gogoa ere nabarmendu behar da. Eratutako komunitateei 5.244 familia atxiki zaizkie guztira. Askotan, hainbat arlotako (kirola, kultura, ekonomia, hezkuntza) erakunde pribatuen bultzada izaten dute, eta tokiko administrazioen inplikazioa ere funtsezkoa izaten ari da haien garapenean.
Energiaren Euskal Erakundeak energia-komunitateen eta Euskadiko udalen inplikazioaren gaineko datuak argitaratu ditu, irailaren 26tik 30era bitarte izango den 2022ko Energia Jasangarriaren Europako Astearen atarian, eta ekimen horren helburua da gizartea kontzientziatzea energia-efizientzian eta jatorri berriztagarriko energiaren produkzioan oinarritutako energia-eredu berria inplementatu beharraren inguruan, herritarrek eta komunitateek eredu berri horretan duten funtsezko zeregina bultzatuz.
"Energiaren kontsumoa, produkzioa eta kudeaketa funtsezko gai bihurtu dira, eta orain inoiz baino premiazkoagoa eta garrantzitsuagoa da erreminta egokiak edukitzea energiarekin dugun harremana aldatzeko, jasangarriagoak, autosufizienteagoak, inklusiboagoak eta demokratikoagoak izateko bidean" azpimarratu du Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak. Horrenbestez, “Ekiola energia-komunitateen bitartez edo beste formula batzuk erabiliz energia-komunitateak ahalbidetzen ari diren Euskadiko udalerrien % 40 hori balioan jarri behar dugu eta erreferentzia bihurtu”, nabarmendu du.
Energia-komunitateen zerrenda
- Ekindar S. Coop.
- Leintz Bailarako Ekiola S. Coop. (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga)
- Urretxuko Ekiola S. Coop
- Donostiako Ekiola S. Coop.
- Egutera S. Coop. (Ekiola Zumaia)
- Lea Artibaiko Ekiola S. Coop. (Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Markina-Xemein)
- Aiarako Ekiola S. Coop. Amurrio, Aiara, Laudio/Llodio, Arceniega/Artziniega, Okondo)
- Lautadako Ekiola S. Coop. (Agurain/Salvatierra, Alegria-Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Elburgo/Burgelu, Iruraiz-Gauna, San Millán/Donemiliaga, Zalduondo)
- Añanako Ekiola S. Coop. (Armiñón, Berantevilla, Erriberagoitia/Ribera Alta, Iruña Oka/Iruña de Oca, Kuartango, Lantarón, Ribera Baja/Erribera Beitia, Valdegovía/Gaubea, Zambrana)
- Gorbeialdeko Ekiola S. Coop. (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia)
- Arabar Errioxako Ekiola S. Coop. (Oyón-Oion, Labastida/Bastida, Laguardia, Eltziego, Lapuebla de Labarca, Lanciego/Lantziego, Elvillar/Bilar, Samaniego, Villabuena de Álava/Eskuernaga, Baños de Ebro/Mañueta, Yécora/Iekora, Moreda de Álava/Moreda Araba, Leza, Navaridas, Kripan, Labraza, Salinillas de Buradón/Gatzaga Buradon, Laguardia Barriobusto/Gorrebusto, Viñaspre/Binasperi, Laserna, Assa, El Campillar)
- Arabako Mendietako Ekiola S. Coop. (Arraia-Maeztu, Kanpezu, Bernedo, Lagrán, Peñacerrada-Urizaharra, Harana/Valle de Arana)
- TEK ZUMARRAGA
- TEK LARRAUL
- TEK ATHLETIC
- TEK ZIERBENA
- TEK SOMORROSTRO (Muskiz)
- TEK SAN FIDEL (Gernika)
- TEK BERROBI
- TEK BERIO (Donostia-San Sebastián)
- TEK URNIETA
- TEK BARAKALDO
- TEK LASARTE-ORIA
- TEK ANDOAIN
- OREXAKO EBK
- ENHERKOM (Hernani)
- Leitzako EBK (Nafarroa)
- Itsasondoko EBK
- Getariako EBK
- Zestoako EBK
- Errenteriako EBK
- Oiartzungo EBK
- Bergarako EBK
- Elorrioko EBK
- Otxandioko EBK OREKA
- Lea Ibarrako EBK LEARGI (Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz)
- Balmasedako EBK (BALEKI)
- Eako EBK
- Elgetako EBK
- Usurbilgo EBK
- Ziortza-Bolibarko EBK
- Zumaiako Piztu
Energia-komunitateen sustatzaileak
Gaur egun energia-komunitateen hainbat sustatzaile daude Euskadin, eta horien artean Ekiola dugu, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartze publikoa izanik, 4,2 milioi euro lortu berri dituena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsetatik, Lea Artibaiko, Leintz Bailarako, Mendialdeko, Lautadako, Gorbeialdeko eta Añanako Ekiolak garatzeko. Estatu osoan proiektuak finantzatzeko eskuragarri dagoen aurrekontu-partidaren % 10 baino gehiago da. Krean ingeniaritza-enpresak (Mondragón Taldea) eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Ekiola Energia Sustapenak SLk kontsumitzeko energia berriztagarria sortu eta kudeatzeko aukera eskaintzen die herritarrei, toki-kooperatibei atxikitzearen bidez.
Energia-komunitatearen definizioa
Europako araudiak bi kontzeptu sartu ditu energia-komunitateaz ulertzen dugunaren harira: Herritarren Energia Komunitatea (elektrizitatearen barne-merkaturako arau komunei buruzko EB 2019/944 Zuzentarauaren 2) artikuluaren arabera,
erakunde juridiko bat da, “borondatezko parte-hartze irekian oinarritzen dena, eta pertsona fisikoak edo toki-agintariak (udalerriak edo enpresa txikiak barne) diren kideen edo bazkideen kontrol efektiboaren mendean daudenak,” edo, “helburu nagusi moduan bere kide edo bazkideei edo jarduera kokatzen den herriaren ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak eskaintzea dutenak, finantza-errentagarritasun bat sortu baino gehiago, eta energiaren sorkuntzan, iturri berriztagarrietatik datorrena barne, banaketan, horniduran, kontsumoan, eranstean edo biltegiratzean, energia-efizientziako zerbitzuak ematean edo bere kide edo bazkideei ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzuak edo bestelako energia-zerbitzuak ematean parte hartzen duena".
Espainiako esparru juridikoan, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuak honela definitzen ditu Energia Berriztagarrien Komunitateak: "Energia berriztagarrien komunitateak parte-hartze ireki eta borondatezkoan oinarritutako erakunde juridikoak dira; autonomoak dira, eta erakunde juridiko horien jabetzakoak izaki, haiek garatutako energia berriztagarrien proiektuen inguruetan dauden kide edo bazkideen kontrol efektiboaren mende daude, bazkideak edo kideak pertsona fisikoak, ETEak edo toki-agintariak direlarik, udalerriak barne, eta helburu nagusi gisa, finantza-irabaziak sortu beharrean, beren bazkide edo kideei edo diharduten eremuei ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak ematea dute".