Euskadi Energia 2023 txostena
 

  • Energiaren guztizko eskaria jaitsi da. Gas naturala izan zen jaitsierarik handiena izan zuen energia.
  • Energia-intentsitatea 8 puntu hobetu da, hau da, BPGren unitate bat sortzeko behar den energia.
  • Energia berriztagarrien presentzia nabarmen handitzen da eguzki-instalazio fotovoltaiko berriei esker.
  • Energia-faktura jaitsi egin da, batez ere etxebizitzetan.

Energiaren Euskal Erakundeak 2023an Euskadin izandako energia-egoerari buruzko azken  txostenak adierazten du EAEko energia-kontsumoak beheranzko joera duela, eraginkortasun energetikoko politikekin eta gas naturalaren kontsumoa murriztearekin lotuta. Gainera, instalatutako potentzia berriztagarria asko handitzen da. 
 
EAEko energia-egoerak beheranzko kontsumo-bideari eusten dio. Energia-eskari orokorra neurri batean murrizten da, eta, aldi berean, energia-intentsitatea hobetzen da, hau da, energia gutxiago behar da Barne Produktu Gordinaren (BPG) unitate bat sortzeko. 2023an, indize hori hobetu egin zen 2022an baino 8 puntu gehiagorekin. Hala, energia-eraginkortasuneko politikek, batez ere industria-sektorean, emaitza positiboak ematen dituzte energia-kontsumoa murrizteari dagokionez, eta industriako ekoizpen-sektore guztien lehiakortasunari laguntzen diote. 
 
 
Oro har, Euskadiko energia-eskaria % 10 baino gehiago jaitsi zen. Gas naturala izan zen jaitsierarik handiena izan zuen energia, batez ere Estatuko sistema elektrikoaren merkatu-egoeraren ondorioz Euskadiko ziklo konbinatuetan elektrizitate gutxi sortu zelako, eta baterako sorkuntzaren kontsumo txikiagoa izan zelako. Azken kontsumoari dagokionez, energia guztiek kontsumoa murriztu bazuten ere, gas naturala da gehien gutxitu zuena. Kasu honetan, batez ere, EAEko industria-sektorearen kontsumoak behera egin zuelako izan zen.
 
Bestalde, energia berriztagarrien aprobetxamendua murriztu egin zen energia hidrauliko eta eoliko gutxiago produzitzearen ondorioz. Izan ere, baliabide natural horiek (ura zein haizea) urriagoak izan dira urtean zehar, eta gainera biomasa ere gutxiago erabili da, batez ere industria-erabilerari lotutakoa. Aitzitik, eguzki-energia fotovoltaikoaren sektorearen hazkundea azpimarratu behar da; izan ere, instalatutako potentzia 46 MW handitu zen, eta Euskadin martxan jarritako instalazio-kopurua handitzeko joera mantentzen du.
 
Petrolioa  mix energetikoaren parte handiena hartzen du: garraioak kontsumitzen du gehien (guztizkoaren %47,9). Gas naturalak beharren %29,7 hornitzen du, eta, ondoren, energia elektrikoa (% 13) eta energia berriztagarriak (% 8,7). 

Sektoreka, industria-sektoreak eta etxebizitza-sektoreak beherakada handia izan dute kontsumoan (-% 14 eta -% 11, hurrenez hurren), eta, mugatua izan arren, garraioaren sektoreak ere behera egin du (-% 2,1). Hala ere, EAEn gehien kontsumitzen duen sektorea da (% 47), petroliotik eratorritakoekiko mendekotasun handia du (% 74), eta atzetik ditu industria (% 34), etxebizitza-sektorea (% 11) eta zerbitzuak (% 8).
 
Energia-faktura
Energia-fakturaren zenbatekoa nabarmen murriztu da, 2022an izandako hazkunde handiaren ondoren. Euskadirentzako energia-kostua, 2023an, 7.000 milioi eurotik gorakoa izan da kontzeptu horretan; horietatik % 55 baino gehiago garraioari dagokio, %23 industriari, % 1 etxebizitzei, %10 zerbitzuei eta % 1 lehen sektoreari. Etxeek ordaindutako faktura %29 murriztu zen aurreko urtearekin alderatuta.
 

Euskadi Energia 2023