Energiaren Euskal Erakundeak, Repsolek eta Ase Taldeak Medusa sozietatea sortu dute mugikortasun elektriko jasangarria bultzatzeko eta ibilgailu elektrikoei kargatze adimenduneko zerbitzuak emateko, lehendik dauden azpiegitura elektrikoetatik abiatuta.
Ekimen horren bidez, Metro Bilbaoko azpiegitura elektrikoaren potentzia erabiliko da Bilbobuseko autobus elektrikoak kargatzeko. Bilbo, beraz, aitzindaria da horrelako soluzio bat aplikatzen.
Next Generation funtsen bidez finantzatua, ekimena berria da eta beste hiri batzuetara hedatuko da.
Bilboko Udalak, Alsak (Bilbobuseko zerbitzuaren operadorea) eta Medusako bazkideek (Energiaren Euskal Erakundearen, Repsolen eta Ase Taldearen artean sortutako enpresa) enpresa horrek garatu duen elektrizitate-hornidurako alternatiben lehen proiektua aurkeztu dute, lehendik dauden azpiegitura elektrikoek kontratatutako potentzia optimizatzen duena.
Medusatik martxan jarriko den lehen soluzio honek Metro Bilbaoren trenbide-sare elektrikoaren potentzia baliatzen du Elorrietako Erriberako Bilbobuseko kotxetegietan jarriko den karga adimenduneko azpiegitura elikatzeko. Ekimen horri esker, lehendik dagoen eta potentzia handia duen azpiegitura bat erabil daiteke, Metro Bilbaorena, beste garraio publiko bati, Bilbobusi, zerbitzu osagarri bat emateko bi zerbitzuak murrizten dituzten orduetan, gauez. Soluzio horrek konexio elektrikoek suposatzen dituzten inbertsioak murrizten ditu eta kontratatutako potentziaren erabilera optimizatzen du. Diseinatutako sistemak autobus-flota kargatzeko aukera ematen du, tren-zerbitzuari eragin gabe. Trenen elikadura elektrikoa autobusen birkargaren gainetik egongo da beti, ordutegi horretan metro-zerbitzua badago, eta trenak igarotzen diren unean autobusen birkarga murriztuko da. Metro-zerbitzurik ez dagoen gaueko ordutegietan, autobusak modu intentsiboagoan kargatuko dira. Horrela, sistema osoa optimizatzen da.
Next Generation funtsen laguntza du proiektu horrek, eta Medusa enpresari (EEEren, Repsolen eta Ase Taldearen lankidetza publiko-pribatuaren emaitza gisa sortutako enpresa), eta Bilboko Udalaren, Metro Bilbaoren eta Alsaren inplikazioari esker eraman ahal izan da aurrera.
Berriro ere, eskema publiko-pribatuaren aldeko apustua egin da Euskadin proiektu estrategikoak bultzatzeko. Berrikuntzari eta garapen teknologikoari esker, aukera berriak
ireki dira garraioaren beharrezko elektrifikaziorako, Euskadin energia gehien kontsumitzen duen sektorea baita, industriaren aurretik.
Kargatze-eredu hori gaur aurkeztu dute Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Medusaren ordezkari gisa; Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak; Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari gerenteak; eta Luis García Panizo Alsako Iparraldeko zuzendariak, Enrique Monasterio EEEko Garapen eta Berrikuntza zuzendari eta Medusako kontseilariarekin batera. Proiektuaren xehetasun teknikoak eskaini ditu azken horrek. Aurkezpenean izan da baita ere Medusako presidentea eta, aldi berean, Ase taldeko zuzendari nagusia, Ramón López.
Ekimen horrek orain arte ikusi ez den zerbait jarri du martxan: garraio-enpresa batek energia beste garraio-enpresa bati ematea, eta hedatzeko asmoa dago gainera; izan ere, beste hiri batzuetara estrapolatzeko aukera aztertzen ari dira.
Medusa
Medusa ekimen publiko-pribatuko enpresa da (Energiaren Euskal Erakundea, Repsol, Ase Taldea), eta elektromugikortasun jasangarria bultzatzeko eta ibilgailu elektrikoei kargatze adimenduneko zerbitzuak emateko sortu da, lehendik dauden azpiegitura elektrikoetatik abiatuta. Trantsizio energetikoaren esparruan kontsumoak elektrifikatzen lagunduko du, inguru % 100 berriztagarrirantz aurrera egiteko.
Medusak lehendik dauden azpiegitura elektrikoak ibilgailu elektrikoen floten zerbitzura jarriko ditu kargatzeko, soberan dagoen potentzia elektrikoa erabiliz. Eskema hori aplika daiteke trenbide-sareetan, industriaguneetan, fabrika handietan eta portu-instalazioetan. Horrela, kontratatutako potentziaren erabilera optimizatuko da. Soluzio horrek aukera ematen du, energia elektrikoaren potentzia handiak kontratatu behar dituzten eta egunean zehar forma jarraituan erabiltzen ez dituzten kontsumitzaile handietatik abiatuta, kargatze adimenduneko zerbitzua emateko hiriko autobusei, ibilgailu industrialei eta ibilgailu partikular elektrikoei.
Planteamendu aitzindari horrek eskaintzen dituen abantailen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lehendik dauden azpiegitura elektrikoak aprobetxatzea sarean sartzeko eta banatzeko beste puntu bat eskatu beharrik gabe, prezio lehiakorragoa (hornidura elektrikoaren kostu aldakorraren arabera ordaintzen da, baina ez potentzia-terminoaren arabera), horniduraren segurtasuna eta kargatzeko prozesuaren automatizazioa eta eragiketa adimenduna.