37 M€ ekoizpen berriztagarrirako sarbidea orokortzeko
  • Bizitegietako eta administrazio publikoetako autokontsumoa indartu egingo da % 70era arteko laguntzekin.
  • Modu berezian lagunduko zaie 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan egindako instalazioei.
  • Laguntza hauei esker, eguzki-parkean 4.000 instalazio gehiago egingo dira.

Diru-laguntzen oinarri orokorrak urriaren 1ean argitaratu ondoren, bihar (azaroak 11) sartuko dira indarrean Euskadiko ekoizpen berriztagarria sustatzeko laguntzak. 2023 amaierara bitartean, 37 milioi euro kudeatuko dira, autokontsumorako aprobetxamendu berriztagarriak, biltegiratze-sistemak eta beroa lortzeko iturri berriztagarriak instalatzen laguntzeko.
 
Laguntza horien ekintza-planaren barruan honakoak daude: iturri berriztagarrien bidezko autokontsumo elektrikoa, esaterako, eguzki-energia fotovoltaikoa eta minieolikoa, gehienez ere 5 MW-eko potentziarekin, bai eta ekoitzitako energia biltegiratzeko sistemak jartzea ere, zeinak lagunduko duen batez ere energia ekoizpeneko orduak eta kontsumitu behar den orduak doitzen. Gainera, programa berriak berariazko epigrafe bat ezarri du aprobetxamendu berriztagarri ez-elektrikoentzat, hau da, beroa iturri berriztagarriak erabilita ekoizteko, esaterako, biomasa, eguzki-energia termikoa, geotermia eta aerotermia. Diruz lagundutako teknologia horien bidez, adibidez, etxebizitza bateko beharrizan elektrikoak estali ahal izango lirateke, baita bertan erabiltzeko ur beroarena eta berogailuarena ere.
 
Neurri handiko laguntza-programa bat da, hainbat teknologia eta sektore hartzen baititu. Sei pizgarri-programa daude, diruz lagundutako modalitatearen edo teknologiaren eta xede-sektorearen arabera. Bestalde, laguntzek intentsitate desberdina izango dute, zein teknologia erabiltzen den, zein potentzia duen instalazioak edo zein biltegiratze-gaitasun, eta zein den eskatzaile-mota, hau da, ea partikularra den, administrazio publikoa edo enpresa. Espero da pizgarri hauen bidez, guztira, 4.000 instalazio berriztagarri berri baino gehiago martxan jartzen laguntzea.
 
1., 2. eta 3. programetan –zerbitzuen sektoreari eta ekoizpen-sektoreei zuzendutakoak–, autokontsumo berriztagarria nahiz biltegiratze-sistemak ezartzea daude, besteak beste. Instalazioaren potentziaren eta eskatzaile-motaren arabera, % 15 eta % 50 bitarteko laguntza jaso ahal izango dute.
 
4. programak autokontsumoko instalazioak lagunduko ditu diruz, eta bizitegi-sektoreari eta administrazio publikoeizuzenduta dago, bai eta hirugarren sektore deitutakoari ere –GKEak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, etab.–. Sektorearen eta autokontsumo-motaren arabera, kostu hautagarriaren % 70erainoko laguntzak daude. Babes edo intentsitate handieneko laguntzak dituzten sektoreak dira, eta, beraz, espero da sektore horietan iturri berriztagarrien ezarpena finkatzea; sektore horietan jada egon da susperraldi bat, 2019ko lege-aldaketaren harira, eta, pizgarri berriei esker, nabarmen handituko da.
 
5. programa ere sektore horiei zuzendutakoa da, eta biltegiratze-sistemak jartzeko izango da, jada eginda dauden baina bateriarik ez daukaten instalazioetan. Kostu hautagarriaren % 50erainoko laguntza jasotzeko aukera egongo da.
 
Azkenik, 6. programa instalazio berriztagarri termiko berriak egiteko izango da, besteak beste, eguzki-energia termikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia erabiltzen duten instalazioak (ur bero sanitarioan edo berokuntzan erabilgarriak). Laguntzak kostu hautagarriaren % 20 eta % 60 artekoak izango dira, teknologien arabera.
 
Nolanahi den ere, eskaera bakoitzari emango zaion laguntzaren intentsitate espezifikoa egoera bakoitzaren kalkulu indibidualizatuaren, erabilitako teknologiaren, eta laguntza-programaren oinarrietan ezarritako beste baldintza batzuen araberakoa izango da. Esate baterako, zuzkidura handitu daiteke 5.000 biztanletik beherako udalerrietan egindako autokontsumo-instalazioetan.
 

Programa Helburua Xede-sektorea Laguntzaren intentsitatea
1. eta 2. programak Autokontsumoa iturri berriztagarrien bidez, biltegiratzearekin edo gabe. Zerbitzuen sektorea.
Beste ekoizpen-sektore batzuk.
%15 eta %50 artean, instalatutako potentziaren eta eskatzaile-motaren arabera.
3. programa Jada jarrita dauden instalazioetan biltegiratze-sistemak jartzea. %45 eta %65 artean, biltegiratze-gaitasunaren eta eskatzaile-motaren arabera.
4. programa Autokontsumoa iturri berriztagarrien bidez, biltegiratzearekin edo gabe. Bizitegi-sektorea.
Administrazio publikoa.
Hirugarren sektorea.
%70erainokoa, sektorearen eta autokontsumo-motaren arabera.
5. programa Jada jarrita dauden instalazioetan biltegiratze-sistemak jartzea. %40 eta %50 artean, biltegiratze-gaitasunaren arabera.
6. programa Sistema termiko berriztagarriak (biomasa, eguzki-energia termikoa, geotermia eta aerotermia). Bizitegi-sektorea. %20 eta %60 artean, teknologiaren arabera.

Laguntza hauen ezaugarri garrantzitsuetako bat da ez direla inola ere bateragarriak beste edozein administrazioren xede bereko laguntzekin. Programak online plataforma bat izango du izapideak elektronikoki egiteko; Energiaren Euskal Erakundearen web korporatiboan www.eve.eus egongo da, herritar guztientzat eskuragarri. Bihartik (azaroak 11, osteguna) aurrera egongo da erabilgarri, laguntza-eskabideen espedienteak izapidetzen hasteko.