Jaurlaritzak erakustoki handi bat izan du Irungo Fikoban izan den azokan. Elektromugikortasunaren inguruko proiektuak ezagutarazi dituzte EEE, Euskotren, ETS, IBIL eta CIC Energigunek.

Energiaren Euskal Erakundeak ibilgailu elektrikoari emandako bultzada erakutsi du mugikortasun iraunkorraren inguruko industria trakzioaren lehen azokan. Go Mobility azokan 200 metro koadroko stand bat izan du Euskadi-Basque Country markak. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren barnean dauden mugikortasunaren elektrifikazioarekin zerikusia duten entitateek euren proiektuak erakutsi eta ibilgailu elektrikoa ezagutarazi dute. Azokara joan direnek ibilgailu horiek nola funtzionatzen ikus dezaten, Fikobako kanpokaldean ibilgailu eta bizikleta elektrikoak probatzeko eremua jarri dute. Horrez gainera, standean auto elektrikoa duen taxista bat izan da bere esperientziari buruzko azalpenak ematen. Izan ere, Energiaren Euskal Erakundeak hainbat ekimen garatu ditu taxiaren sektorean ibilgailu elektrikoa zabal dadin.

Euskadi Basque Country standean erakutsi duten ibilgailuen elektrifikazioaren bultzada hori, honako erakustaldiekin osatu da: autoak kargatzeko guneak ezartzean liderra den Bidelek euskal enpresa, energia beharrizan berriei erantzuteko sare elektrikoen digitalizazioa egiten duen Bidelek proiektua eta CIC Energigune, Gasteizen dagoen energia bilketarako ikerketa zentroa. Euskadi-Basque Country erakusketa gunean ETS eta Euskotrenen proiektuak ere eman dituzte ezagutzera.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia Iñigo Ansola Go Mobility azokaren lehen edizioan izan da eta deskarbonizazioaren ideia azpimarratu du: “garraioaren sektorea energia gutxiago erabiltzen ahalegindu behar da eta petroliotik eratorriak diren erregaiak erabiltzeari utzi” ondorioztatu du “eta horrek aukera handiak ematen dizkie euskal enpresei”.