EAZ/CAE Energia Aurrezpeneko Ziurtagiriei buruzko jardunaldia
- 38 ziurtapen egin ditu sistemak bere lehenengo urtean, 114.000 MWh-ko energia-aurrezpenarekin.
- Funtsezko erreminta da industria-sektoreetan lehiakortasuna bultzatzeko eta Trantsizio Energetikoan aurrera egiteko.
- Eskaeren % 47 industria-sektoreari dagozkio, % 37 bizitegi-sektoreari eta % 16 tertziarioari edo zerbitzuen sektoreari.
Energiaren Euskal Erakundeak Energia Aurrezpeneko Ziurtagirien sistema berriari buruzko dibulgazio-jardunaldi bat antolatu du. Efizientzia energetikoa hobetzeko inbertsioak egiten dituen enpresa edo erakunde orori lortutako aurrezpena saltzeagatik diru-sarrera gehigarriak lortzea ahalbidetzen dion erreminta bat da sistema, eta funtsezkoa da efizientzia hobetzeko inbertsioak bultzatzeko eta Trantsizio Energetikoan aurrera egiteko.
Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek inauguratu du topaketa, eta hainbat sektoretako industria-enpresetako 300 ordezkari baino gehiago izan dira bertan, baita sektore tertziariokoak eta toki-administrazio publikoetakoak ere. Sektore heterogeneoak dira, baina guztiek ere interes erkidea dute efizientzia eta aurrezpena hobetzeko beren inbertsioetan sari gehigarriak lortzea ahalbidetzen duen sistema berri hau ezagutzeko, inbertsioak errentagarriagoak egiten baititu. Sailburuordearen ustez, sistema berri honek "inbertsio teknologikoak sustatzen ditu industrian, eta horrek ongizate handiagoa dakar gizartearentzat, lehiakorragoa den eta emisio gutxiago eragiten dituen industria hobe bat bultzatzen baitu”.
Jardunaldiaren programak sistema berri honen barruan hainbat rol dauzkaten enpresek osatutako mahai-inguru bat hartu du, eta rol horien artean ditugu, esaterako, efizientzia hobetzeko inbertitzera behartutako subjektuak –Repsol eta Iberdrola konpainien adibideekin–, baita bitartekarien eta delegatutako subjektuen figurak ere. Horrez gain, teknologia efizientean egin dituzten inbertsioei eta Energia Aurrezpeneko Ziurtagirien sisteman lortutako aurrezpenen salmentari esker aurrezpen energetiko handiak lortu dituzten euskal enpresa eta erakundeen kasuak azaldu dira.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Mikel Amundarainek itxi du topaketa, eta hark azaldu duenez sistema berri hau "onuragarria izango da kontsumitzaileentzat onargarriagoak diren inbertsio-kostuekin, eta horrek pizgarri ekonomiko berriak eskaintzen ditu efizientzian eta aurrezpenean inbertitzeko", eta Trantsizio Energetikoan aurrera egiteko.
EAZ/CAE sistema Euskadin
2023. urtean jarri zen abian sistema hau Euskadin eta 2024an hasi da modu esanguratsuagoan ziurtatzen efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketen eta inbertsioen bidez lortutako aurrezpenak. Energiaren Euskal Erakundea da sistemaren kudeatzaile autonomikoa, eta horrek erakundea gaitu egiten du ziurtapen-eskaerak kudeatzeko eta ebaluatzeko.
Efizientzia eta aurrezpena hobetzeko proiektuak egiten eta ziurtatzen dituztenei aurrezpen energetikoak erosi ahal zaizkien merkatu bat da Energia Aurrezpeneko Ziurtagirien sistema. Behartutako subjektu deritzenek egiten dute erosketa, hau da, Europako gidalerroen arabera inbertitzera edo aurrezpenak erostera behartuta dauden enpresa eta erakundeek. Horrela, efizientzia hobetzeko jarduketak egiten dituztenek aurrezpen horiek saldu ditzakete, horri esker diru-sarrera gehigarriak lortuz.
2024. urtean sistema indartu egin da Euskadin eta hazkunde nabarmena izan du, guztira 38 ziurtapen-eskaerarekin eta guztira 43 jarduketa eginez, kalkuluen arabera 114.000 MWh-ko energia aurrezpena lortuta oro har. EAZ bihurtu daitezkeen jarduketak edozein jarduera-esparrutan egin daitezke, eta etengabe eguneratzen den fitxa-katalogo baten zati dira. Euskadin, erregistratutako jarduketetako 14 industria-sektoreari dagozkio –hala nola konpresoreak ordeztea, hotz- eta bero-sistemak hobetzea, keak araztea, isolamendu termikoa– 16 bizitegi-sektoreari –adibidez errekuntza-galdaren ordez bero-ponpak jartzea, inguratzaile termikoa birgaitzea edo etxebizitzak sakon birgaitzea–, 7 sektore tertziarioari –hala nola klimatizazio-sistemak ordeztea– eta 6 jarduketa proiektu berezi bezala aurkeztu dira, guztiak ere industria-sektorekoak.
Aipatzekoa da bizitegi-sektorea zein zerbitzuen sektorea aurrezpenak monetizatzen ari direla jada, aurrezpen gutxiagorekin bada ere, eta horrek inbertsioen inpaktu ekonomikoa minimizatzea eta egikaritzeko garestiak diren proiektuak bultzatzea ahalbidetzen duela.
Aurrezpen energetikoko teknologia garbietan inbertitzea sustatzen duen erreminta berritzailea da ziurtagirien sistema, eta, horrekin batera, lortutako aurrezpenak monetizatzea, eta energiaren, ingurumenaren eta ekonomiaren arloan inpaktu positibo bat eragitea ahalbidetzen du.
Octopus
Jardunaldi hau Energiaren Euskal Erakundeak Europako Life Octopus proiektuaren esparruan garatzen dituen jarduera desberdinen barruan kokatzen da. Ekimen honen helburua Trantsizio Energetikoa bultzatzeko erakunde ezberdinen arteko lankidetza indartzea da, batez ere tokiko eremuan politika energetiko jasangarriak aplikatzeari dagokionez. CAE ziurtagiriak finantzaketa-aukera berria dira tokiko iraunkortasun energetikoa helburu duten jarduerak finantzatzeko; izan ere, ziurtagirien bidez, inbertsio-kostu onargarriagoak lortzen dira, eta horrek modu eraginkorrean sustatzen ditu eraginkortasuna, aurreztea eta trantsizio energetikoa eta klimatikoa.
Informazio gehiago
