Orain arte jasotako eskariekin eta aztertze fasean daudenekin, EEEko Diru Laguntzen lan taldearen aurreikuspenen arabera,  zeukan aurrekontua, 10 milioi eurokoa, bukatuta dago, 5.000 ibilgailu inguru ordezkatu ondoren.

Diru-saila irmo agortu arte, EEE-Energiaren Euskal Erakundearen aldetik eskariak onartzen jarraitzeko aukera izango da, dirulaguntza emateko bermerik gabe bada ere. 

Energiaren Euskal Erakundearen Ibilgailuen Renove Planak, eraginkorragoak eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen flota berritzea helburu duenak, iragan urtarrilaren 30ean indarren jarriak, zeukan 10 milioi euroko aurrekontua amaitu du jada. Plan horrek zuen hasierako 5 milioiko aurrekontua bikoiztu zen ekainean (atzeraeraginez), Covid-19ak eragindako egoera ekonomikoari aurre egiteko planen barruan eta Euskadiko ekonomian garrantzi handiko sektoreak, garraioa eta automozioa, kasu, sustatze aldera. 

2020ko urtarrilaren 30ean abian jarri zen Ibilgailuen Renove Planari esker,  Euskadin 5.000 ibilgailu inguru (orain arteko datuek diotenez 4.800 lirateke) ordezkatu dira, eraginkorragoak eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen bidez. Plana bi fasetan gauzatu da, hasierako 5 milioiko aurrekontutik 10 milioi izatera pasa zen ekainaren 1ean, Covid-19ak eragindako krisi ekonomikoa arindu nahian eta automozio alorra bultzatzeko asmoz.

Hemendik aurrera eta kontuan izanik dirulaguntza programa ezin dela itxi ofizialki, aurrekontu osoa esleitu arte era irmoan pertsona onuradunei, eskaerak onartzen jarraituko da, dirulaguntzak emango diren ala ez bermatu gabe ere.

Azken hilabete hauetan gauzatutako dirulaguntza programa hau Euskadiko auto-kontzesionarioen elkarteekiko lankidetza estuan eraman da aurrera, Renove honen bilakaeraren berri eman baitzaie aldizka, ibilgailuen erosleei berme eta ziurtasun erabatekoa eman ahal izateko kontzesionarioen aldetik.  
 
Eskatzaileek laguntza jaso zezaten nahitaez ordeztu behar ziren efizientzia txikiko ibilgailu zaharrak –txatar bihurtu betiere– eta haien lekuan energia-kalifikazio handieneko (A) ibilgailuak hartu gasolinazko edo gasoliozko turismoen kasuan, baita BEG (Berotegi Efektuko Gasak) emisioen maila txikiko gasolinazko edo gasoliozko furgonetei dagokienez ere, edo energia alternatibo bidez elikatutakoei dagokienez halaber, elektrikoak, hibridoak, gasezkoak edo hidrogenozkoak direla ere.

Taula: Ibilgailu berri bakoitzeko edo baldintzak betetzen dituen 0 Km-ko ibilgailu bakoitzeko laguntzak:
 

Ibilgailu mota Laguntzaren zenbatekoa
Ibilgailu arin elektriko purua 3.000€
Ibilgailu arin hibrido entxufagarria edo autonomia zabalduko elektrikoa 2.500€
Ibilgailu arin hibrido ez-entxufagarria 2.250€
Gas natural bidezko ibilgailu arina 2.000€
Hidrogenozko ibilgailu arina 3.000€
PGL bidezko ibilgailu arina 2.000€
A energia klaseko gasolinazko edo gasoliozko M1 kategoriako ibilgailu turismoa 2.000€
GMB*>2.500 kg-ko eta BEG > 114 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak. 2.000€
GMB*=<2.500 kg-ko eta BEG > 184 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak. 2.000€
*Gehieneko Masa Baimendua.