Armintzako uretan dagoen bimepen saiakuntza-guneak ahalbidetuko du elektrizitatea sortzeko gailu flotagarriak ikertu eta probatzea
Bimep, itsas energiei lotutako teknologiak probatzeko eta aztertzeko euskal azpiegitura, Aberdeengo All Energy nazioarteko azokan erakusgai dago aste honetan, eta atzo Eskoziako Energia ministro Fergus Ewing-ek bisitatu zuen haren estanda; ministroaren esanetan, garrantzi handikoa da Euskadi eta Eskoziako saiakuntza alorrekoen artean aurrera eramaten ari diren lankidetza, itsas energiaren garapenari begira.
Alde horretatik, Fergus Ewingek interesa erakutsi zuen Armintzako uretan dagoen itsas azpiegituraren aurrerapenaz. Aurreikuspenen arabera, uda honetan inauguratuko da instalazio hori, eta gailu eoliko flotagarriak ere aztertzeko eta probatzeko aukera emango du. Nazioarteko lankidetza suspertzeko garrantzitsua den ekimena; izan ere, Eskoziak aurreikusita dauka horrelako gailu flotagarriak probatzea 2018 urterako, aurretiko lehen fasean. Hala, Energia ministroak interes handia azaldu zuen bimepen eta Eskoziako itsas saiakuntza-gunearen (EMEC) arteko lankidetza sustatzearen inguruan, hasi berria den merkatu hori aurrera eramatea ekarriko duten teknologien garapena elkarrekin sustatzeko xedez.
Bimep proiektua energia alorreko nazioarteko azoketan parte hartzea ahalbidetzen ari da, zalantzarik gabe, aitzindaria den itsas teknologien saiakuntza-gunea ezagutaraztea, energiaren nazioarteko merkatuan erreferentea dena jadanik. Itsas instalazio horrek aukera emango du mundu osoko energia industrien I+G alorretan eta teknologia zentroetan garatutako gailuak eta prototipoak probatzeko, itsas egoera edo baldintza errealetan probatu ere. Izan ere, ikerketara bideratua eta itsaso zabalean kokatutako saiakuntza-guneari esker, aukera paregabea izango dute gailuak probatzeko. Horretarako, lurrera konektatutako 20 MW-eko potentzia duten 4 urpeko kable ditu bimepek. Horrekin batera, energia arloko gailu flotagarriak amarratzeko behar diren baimen eta erraztasun guztiak ditu.