Etorkizuneko energiaren inguruan munduko batzaldirik garrantzitsuenetakoa da 


•    Potentziako elektronikan diharduten euskal enpresen berezko teknologiak eta know how-a izango dira Euskadiko parte hartzearen gaiak.
•    EFEF goi bileran nazioarteko enpresen 4.000 ordezkari, gobernuetako kideak eta energian adituak bilduko dira.
•    Sare elektriko adimendunen garapenari lotutako euskal proiektuek 60 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute datozen hilabeteetan.

European Future Energy Forum –EFEF- 2011 goi bileran potentziako elektronikaren alorrean diharduten puntako euskal enpresen ordezkaritza zabala izango da, sare elektriko adimendunak garatzeko funtsezko teknologia lantzen duen alorra. Eusko Jaurlaritza, Iberdrolarekin batera, etorkizuneko sare horiek hedatzeko eta zabaltzeko proiektuak sustatzen ari da Euskadin, 60 milioi euroko balioa duten egitasmoak, hain zuzen ere.

EFEF goi bileran euskal enpresen ordezkaritza eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saila, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Energia Klusterraren bidez, elkarrekin izango dira, “Basque Country, electronic power valley” izeneko esloganpean, potentziako elektronika eta komunikazio alorretan liderrak diren Ingeteam, Jema, Ormazabal, Tecnalia eta beste euskal enpresa batzuen ahalmen teknologikoa ezagutarazteko.

Enpresa horiek elkar hartuta eta ahaleginak bildurik, erakustoki bakar batean azaldu eta erakutsiko dituzte beren ahalmen teknologikoa. Era berean, duten esperientzia handia ezagutarazteaz gain, eskaintzen duten zerbitzu osagarri ugarien berri emango dute euskal enpresek, lehiakortasun eta teknologia aldetik onura edo abantaila nabarmenak eskaintzea ahalbidetzen dietena eta nazioarteko merkatuan lidergoan izatera eraman dituztenak. 

Urtero Arabiar Emirerri Batuetan egiten den World Future Energy Summit deritzon goi bileraren antzeko batzaldia da Europan egiten den EFEF; azken honetan, hangoan bezala, etorkizuneko energiaz aritzeko goi mailako profesionalak elkartzen dira. Geneva hirian izango da EFEFen hirugarren edizioa, eta aurreko edizioetan, 2009. urtean, Bilbon, eta 2010ean, Londresen izandako arrakasta gainditzea helburu du, 53 herrialdetako 3.000 ordezkari baino gehiago bildu zituzten edizioek, hain zuzen.

EFEF, funtsean, energia berriztagarrien eta teknologia garbien inguruko nazioarteko erakusketa bat da, munduan alor horietan gailentzen diren  enpresen partaidetza duena. Horrekin batera, kongresu bat antolatu da, eta bertan, energian adituek azken aurrerapen teknologikoak aztertzea eta I+G+b arloko proiektu estrategikoak aurkezteaz gain, energiari lotutako gaiez erabaki politikoak hartzeko aholkuak eta gomendioak emango dituzte.

Ildo horretatik, Energiaren Euskal Erakundearen Berrikuntza Ataleko arduradun Txaber Lezamizek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, “Smart Grids in the Basque Country, a good example of public-private partnership” izeneko txostena aurkeztuko du, sare elektriko adimendunak hedatzeari eta zabaltzeari begira, Europan garatzen ari den proiektu nagusienetako bat denaren berri emateko xedez.

Bidelek Sareak proiektua
Bidelek Sareak izenez ezagutzen den proiektuaren bidez, Euskadin elektrizitatea banatzeko sareak modernizatu nahi dira. Horretarako, 60 milioi euro inbertituko dira, Bilbo eta Portugalete hirietan sare elektriko adimendunak izatea ahalbidetuko dutenak. Sare horiek ezartzeko, elektrizitatea eraldatzeko 1.100 zentro baino gehiago egokitzearekin batera, 230.000 kontagailu ordezkatuko dira. Teknologia aurreratua izango duten kontagailu berriei esker, 410.000 herritarrek baino gehiagok aukera izango dute beren energia-kontsumoari buruzko informazioa eskuratzeko eta energia zerbitzu osagarriak jasotzeko. 

Enpresa egitasmo horretan Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta  Iberdrola ari dira parte hartzen, eta proiektu erreferentea izateko bidean da, sare adimendunen zabaltze garrantzitsuagatik eta lankidetza publiko eta pribatuaren arteko eredu egokia izategatik. Aurrekoez gain, egitasmoan euskal enpresa ugarik eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak ere parte hartzen dute.