Duela 30 urte hasitako ikatzaren ordezkapen prozesuari amaiera eman dio Pasaiako zentral termikoaren itxierak

  • 2013. urtean, energia-kontsumoak %1,6 egin zuen behera sektore guztietan, garraioan izan ezik, goranzko joerari eutsi baitzion.
  • Energia premia guztien %7,2 berriztagarrien bidez asetzen da, eta haien kontsumoaren %50 Bizkaian egiten da, papergintzan erabiltzen den biomasa gehienbat.
  • Energia-intentsitatearen adierazlea (kontsumitutako energia BPGko puntu bakoitzeko neurtzen duena) hobetu egin da, eta 2005ean zegoenarekin konparatuta, %12 txikiagoa da.
  • Urteko energia-faktura 6.093 milioi eurokoa da, eta euskal herritar bakoitzak 412 euro gastatzen ditu energian, 2012an baino %4,9 gutxiago.
  • 2014ko irailaren 12a - EEE Energiaren Euskal Erakundeak azterlan berri bat argitaratu du Euskadiko energia-kontsumoaren bilakaeraz, 2013. urteari dagokiona. Azterlan horretan, berriro ere, kontsumoaren murrizketa edo jaitsiera berretsi egiten da. Murrizketa hori, gainera, energia-iturri eta sektore kontsumitzaile guztietan geratu da, garraioan izan ezik, azken urteotan izandako goranzko joerari eutsi baitio. Bestetik, ikatzaren erabilera Euskadin ia desagertuta dagoela esan genezake, Pasaiako sorkuntza elektrikoaren planta itxi ondoren; planta hori baitzen karbono ugari duen energia-iturri horren azken kontsumitzaile handia.    

    Aipatutako Euskadi Energia 2013 txostenak (EEEren webgunean eskuragarri) berretsi egiten du energia-kontsumoaren bilakaera negatiboa Euskadin, azken urte hauetan izandako joeraren ildo beretik. Sektore guztietan gertatu den murrizketa hori, funtsean, krisiak eragindako eskari txikiagoari zor zaio. Izan ere, energia elektrikoaren eskaria %2 jaitsi zen, eta gasa naturalaren erabilera %8,2 apaldu zen. Kontsumoan gora egin zuen sektore bakarrak, garraioak, berriz, petroliotik eratorrien eskaria igoarazi zuen, %1,9. Ikatzaren erabilerak %85 egin zuen behera, Pasaiako zentralaren itxieraren eraginez, eta haren erabilera oso txikia da gaur egun (kontsumitzen den energia guztiaren %0,8 baino ez da), ekoizpenerako lehengai gisa darabilten erabilera industrial jakin batzuetara mugatuta.

    Txostenaren datuen argitan, aipatzekoa da energia-intentsitatean izandako hobekuntza. Izan ere, ekonomia baten energia-eraginkortasunaren berri ematen duen adierazlea %1 hobetu da, azken energia-kontsumoaren jaitsieran ondorioz, Barne Produktu Gordinarena baino puntu bat handiagoa izan zena. Hala, energia-intentsitatea, 2005. urtean izandakoarekin alderatuta, %12 jaitsi da, sorturiko BPG unitateko kontsumitutako energia terminotan adierazita.


    Kontsumoa sektoreka
    EAEn industria da energia gehien kontsumitzen duen sektorea, Euskadiko kontsumo osoaren %41,6; zehazki, 2.103 ktpb (kilotona petrolio baliokide) izan zen 2013an. Horren ondoren, garraioa izan zen gehien kontsumitu zuena, guztizkoaren %36,6. Sektore guztietan kontsumoak behera egin zuen, garraioan izan ezik. Hala, industria eta etxebizitza alorretan %3,1 jaitsi zen energia-kontsumoa, lehen sektorean %5,4 eta zerbitzu sektorean %4.

    Industrian gehien kontsumitu ziren energiak gas naturala eta elektrizitatea izan ziren, eta haien kontsumoa %1,2 eta %0,3 jaitsi zen, hurrenez hurren. Ikatzak eta bere deribatuek %8,4 egin zuten behera industrian, eta petroliotik eratorriek %19,2.

    Garraio sektoreari dagokionez, petroliotik eratorriekiko mendetasun handi-handia duen alorra (%94), energia-kontsumoa %1,3 igo zen 2013an. Kontsumo horren %95 errepidean gertatu zen, %3,7 hegazkingintzak erabili zuen, eta trenbidean izandako kontsumoa %0,7 baino ez zen izan. 


    Energia-iturriak
    Euskadin kontsumitzen diren energien proportzioa edo mixa nabarmen aldatu da azken 30 urte hauetan. Izan ere, petroliotik eratorriekiko ia erabateko mendekotasunetik kontsumo dibertsifikatua izatera igaro da, Euskadin diren energia premiak energia ezberdinez hornitze aldera. Hala, gas naturala euskal energia eskari guztiaren %38,1 da, eta petrolioaren eta bere eratorriena %41,2. Kontsumitutako energia guztiaren %12,4 energia elektrikoari dagokio, eta %7,2 energia berriztagarriei. Ikatzak, berriz, energia premien %0,8 baino ez du hornitzen.

    2013. urtean, gas naturalaren kontsumoa  %8,2 jaitsi zen, aurreko urteko kontsumoarekin alderatuta. Orotara, 31.312 GWh kontsumitu ziren, gehienbat industrian (guztizko kontsumoaren %47) eta sorkuntza termoelektrikoan (guztizko kontsumoaren %24,4). Lurraldeka adierazita, erabiltzen den gas guztiaren %45,5 Bizkaian kontsumitzen da, %34,3 Gipuzkoan eta %20,3 Araban.

    Euskadiko energia-eskari osoaren %7,2 energia berriztagarrien bidez asetzen da, eta azken kontsumoaren %7,5, Europar Batasunaren 2009/28/CE Zuzentarauaren irizpideen arabera. Kopuru horretatik. %57 biomasari dagokio, bioerregaiei %23, hidroelektrikoari %11 eta eolikoari %6,6.  Aprobetxamendu berriztagarrien %1,7 eguzki-energiak sortzen du. Energia berriztagarrien bidezko sorkuntza elektrikoak %20 egin zuen gora 2013an, izandako eguraldi euritsuaren ondorioz. Energia berriztagarriaren eskari zuzen handiena industrian izan zen, papergintzan nagusiki. Euskadin aprobetxatzen diren energia berriztagarrien %50 Bizkaian kontsumitzen da. 

    Azkenik, petroliotik eratorriei gagozkiela, 2013an, EAEn kontsumitu zen petroliotik eratorri guztien %72,6 automozio-gasolioari egokitu zitzaion. Horren ondoren, gasolina (%9) eta B eta C gasolioa (%6,8) etorri ziren. Petroliotik eratorrien eskari gehien-gehiena garraio sektoreari dagokio (guztizkoaren %85); industriari, berriz, %5,6 dagokio. Produktu horien %49 Bizkaian kontsumitzen da, %31 Gipuzkoan eta %20 Araban.


    Energia-faktura
    Azken kontsumitzailearentzako energiaren kostua (industria, etxekoa, merkataritza, garraioa eta lehen sektorea) %2,1 gutxitu zen 2013an, 2005. urteaz geroztik igoera nabarmenak izan ondoren. Guztira, iazko energia-faktura 6.093 milioi eurokoa izan zen.

    Etxebizitza sektorearen energia fakturak %59 egin du gora azken 6 urtean; hala ere, 2013an %4,9 egin zuen behera. Urtean etxebizitza bakoitzeko faktura
    1.058 eurokoa da, eta biztanleko 412 eurokoa.


    Txosten osoa ikusteko eta grafikoak lortzeko hemen: 
    www.eve.es