Energiaren Euskal Erakundearen azken txostenak erakusten duenez, energia-kontsumoa etengabe murrizten ari da Euskadin, garraioaren sektorean izan ezik
Energiaren guztizko eskaria % 2,5 jaitsi zen 2014an.
Energiaren guztizko kontsumoan, energia berriztagarrien kuota % 13,7koa da.
Ikatza jada ez da erabiltzen energia-alorrean Euskadin; ingurunea gehiago errespetatzen duten beste iturri batzuek hartu dute haren lekua.
Etxebizitzetan kontsumitutako energiaren faktura 1.012 eurokoa izan zen etxebizitza bakoitzeko; gutxi gorabehera, 407 euro herritar bakoitzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak azterlan bat argitaratu berri du, Euskadiko kontsumo energetikoaren bilakaerari buruzko azken datuekin. Txostenean 2014. urtea ixtean zeuden kontsumoak zehaztu dira eta energiaren eskari globala murriztu dela egiaztatu da; murrizketa hori, gainera, modu konstantean gauzatu da 2008. urtean krisia hasi zenetik. Azterketak nabarmentzen du, halaber, berriztagarrien kuota energiaren amaierako kontsumoan % 13,7koa dela.
Euskadi Energia 2014 txostenean, Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako datu energetiko nagusiak daude jasota. Urte horretan, 6.207 ktep kontsumitu ziren guztira (ktep 1 = mila petrolio-tona baliokide); hortaz, kontsumoa % 2,5 gutxitu zen aurreko urtearekin alderatuta. Jaitsiera horrek aurreko urteetako joerari eutsi dio; horrela, kontsumo energetikoaren jaitsiera % 21ekoa izan da Euskadin 2008. urteaz geroztik.
Hala, energiaren kontsumoa % 1,3 jaitsi da industrian, % 2,5 zerbitzuen sektorean, % 5,6 etxebizitza-sektorean eta % 11,1 lehenengo sektorean. Sektore bakar batean izan ditu hazkunde-zantzuak energiaren kontsumoak: garraioan, hain zuzen; izan ere, kontsumoa % 0,8 igo da arlo horretan.
Eskari elektrikoari dagokionez, % 1 txikiagoa izan zen aurreko urtean baino. Bertako ekoizpenak, gainera, eskariaren % 39 estali zuen. Ehuneko hori murriztu egin da, kogenerazio-instalazioek gutxiago funtzionatu dutelako, azken arau-aldaketak direla medio. Gas naturala eta petrolioaren eratorriak EAEko guztizko eskari energetikoaren % 78 baino gehiago dira; hala ere, gas naturalaren kontsumoa % 9,2 jaitsi zen, eta behera egin zuen petrolioaren eratorrien kontsumoak ere, % 0,4 txikiagoa izan baitzen. Ikatza jada ez da erabiltzen Euskadiko energia-alorrean; ingurunea gehiago errespetatzen duten beste iturri batzuek hartu dute haren lekua.
Energia berriztagarrien aprobetxamendua % 3,1 igo zen 2014an aurreko urtearekiko, eta % 7ra iritsi da, bai azken kontsumoan, bai euskal eskari energetikoan. Kontsumitutako energia berriztagarri guztiaren % 67,8 biomasak ematen du, % 15 bioerregaiek, % 8,6 hidroelektrikoek, % 6,9 energia eolikoak eta % 1,8 eguzki-energiak.
Faktura energetikoa
Energiak azken kontsumitzailearentzat duen kostua jaitsi egin zen 2014an, aurreko urtean baino % 4,2 txikiagoa izan baitzen. Sektorez sektore, petrolioaren eratorriak garraioaren fakturaren % 95 izan ziren; industria-sektorean, berriz, elektrizitatea fakturaren % 60,2 izan zen, eta gas naturala % 37,3.
Nabarmentzekoa da petrolioaren eratorrien faktura denetan altuena dela hiru lurralde historikoetan; izan ere, fakturaren % 57 da Araban, % 49 Gipuzkoan, eta % 43 Bizkaian.
Etxebizitza-sektorearen faktura jaitsi egin da azken bi urteetan, sei urtez segidan indartsu igo ondoren; gehienbat, Gobernu zentralak energia-sarbiderako jarritako tarifen igoerarengatik. Etxebizitza bakoitzeko faktura % 6,1 jaitsi da; beraz, etxebizitza bakoitzeko gastua 1.012 eurokoa izan da, eta 408 eurokoa herritar bakoitzeko.