•    Elektrizitate kontsumoak %1,6 egin zuen gora industrian, eta etxebizitzetan ez zen aldaketarik izan lehen bost hilabetean
•    Orain arte, gasaren kontsumoa %2,2 jaitsi da 2011. urtean

Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko erakunde publikoak, energia egoeraz egindako txostenaren arabera, 2011ko lehen bost hilabetean metatutako elektrizitate kontsumoak %0,9 egin zuen gora, iazko epe berean izandakoaren aldean. Arloka azalduta, zerbitzu alorrean %0,2 jaitsi zen kontsumoa eta etxebizitzarenean %0,1; industrian, berriz, %1,6 igo zen elektrizitate kontsumoa, batez ere siderurgian eta galdagintzan izandako igoeragatik, %1,9 (industrian kontsumitzen den elektrizitatearen %49 horiei dagokie).

Iazko maiatzean izandako datuekin alderatuta, 2011ko hil horretan kontsumoak %1 egin zuen gora. Zehazki, etxebizitzen alorra %12 igo zen eta zerbitzuena %9. Hala ere, industrian %4 jaitsi zen kontsumoa. Arloka aztertuta, nabarmentzekoa da burdinazkoa ez den metalurgiaren eta garraiobideen eraikuntzaren azpiarloetan izandako igoera (%10); baita beiragintzan (%5) eta makinetan eta eraldaketa metalikoetan (%4) ere. Bestetik, jaitsiera esanguratsuenak, itsasontzigintzan (-%47), elikaduran (-%16) eta ehungintzan (-%8) izan ziren.

Gas naturalaren kontsumo konbentzionalak (elektrizitate ekoizteko ziklo konbinatuko zentraletan erabiltzen den gasa kontuan hartu gabe) %5 egin zuen behera maiatzean, 2010eko hil berean izandakoarekin alderatuta, urtean metatutakoa %2,2 igo bazen ere, aurreko epealdiarekin erkatuta. Urtarriletik maiatzera arte, zentral termikoetan kontsumo metatua %63 jaitsi zen.

Garraioan erabiltzen diren erregaien kontsumoak behera egin zuen berriz ere 2011ko lehen lau hilabetean; zehazki %0,6. Gasolioaren kontsumoan aldaketarik ez zen izan, gasolinaren kontsumoa, ordea, %4,3 jaitsi zen.