• Baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko lehen kongresuaren harira, Gasteizko Villasuso jauregian, martxoaren 20tik 22ra bitartean, puntako adituen parte hartzearekin, zabaldu ditu ateak ikerketa zentroak. Energia metatzeko sistemak garrantzi handikoak dira, energia iturri berriztagarriak hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen baitute.
  • Kongresua CIC Energigune Ikerketa Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatu dute.
  • 135 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 19a. Gaur, CIC Energigune Ikerketa Zentro Korporatiboak bere ateak zabaldu ditu laborategiak eta bertan garatzen ari diren ikerketa lanak erakusteko asmoz.

Era horretan, Gasteiz energia metatzearen inguruko eztabaida foro erreferente bilakatuko den asteari eman zaio hasiera. Izan ere, gaurdanik hasita eta hilaren 22a arte, Villasuso jauregian, energia metatzearen eraginkortasuna hobetzeko azken aurrerapenez eta materiak berriez mintzatuko dira hainbat aditu, “Power our future” izeneko kongresuan, CIC EnergiGUNEk antolatuta, baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko lehen kongresuan, hain zuzen ere.

Horrekin batera, Miñako Parke Teknologikoko CICen instalazioetan ikertzen denaren berri emateko, gaur goizean bisita gidatu bat antolatu da; eta arratsaldean beste bat antolatu da kongresuan parte hartzen duten adituentzat. Bisitan agerian geratu da instalazio horien ahala edo potentziala; izan ere, energia metatzearen aplikazioetan erabil daitezkeen materialak ikertzeko ekipo sofistikatuenak eta aurreratuenak daude instalazio horietan.

Gaur egun, CIC EnergiGUNEn zenbait ikerketa ildo garatzen ari dira baterien alorrean, aplikazio geldikorretarako zein mugikorretarako. Aplikazio geldikorrak, ibilgailu elektrikoarekin zerikusia duten aplikazioak baino ezezagunagoak badira ere, garrantzi handikoak dira, etengabe sortzen ez diren energiei, hau da, energia berriztagarriei, zentzu ekonomiko handiagoa ematen baitiete. Horretaz gain, energia banatzeko eta garraiatzeko sareetan kontzeptu berriak eratzea ere ahalbidetuko dute.

Egunero erabiltzen ditugun tresna askok bateriak erabiltzen dituzte, telefono mugikorrek, adibidez. Bestetik, energia ekarpena oso arin behar diren aplikazio guztietan kondentsadore elektrokimikoak erabiltzen dira; esate baterako, trenbidean (dieselezko lokomotorretan motorrak abiarazteko, trenetan eta tranbia elektrikoetan balaztatzearen energiaren birsortzean), automobiletan eta ibilgailu industrialetan (start-stop motorren abiaraztea, autobusen flotak eta abar), industria elektronikoan (makina-erremintarako abiadura-erregulatzaileak), igogailuetan balaztatzeko energia berreskuratzeko, etab.

Aplikazio horietaz gain, ikerketak ere garrantzi handia du; izan ere, hari lotutako etorkizuneko negozio potentziala 150.000 milioi eurotik gora da, DOE-ren datuen arabera. Ikerketa lan horiek zenbait aplikaziotan garatuko dira: mugikortasuna, ibilgailu elektrikoak, aplikazio geldikorrak, sare elektrikoarekin nahiz sorkuntza berriztagarriarekin zerikusia duten multimegawatteko bateria handiak, eta abar.

Aipatuta kongresuan hainbat gai jorratuko dira; esaterako, baterien eta kondentsadoreen diseinu berriak, material berrien erabilera, ioi-litioa, sodioa edo metal-airea kontzeptu aurreratuak, beste gai batzuen artean. Azken finean, energia metatzearen inguruko azken ikerketez mintzatuko dira.

Baterietan eta superkondentsadoreetan energia metatzeaz nazioarteko lehen kongresua bihar inauguratuko da, hilak 20, 09:30ean, Eusko Jaurlaritzako Kabinete, Planifikazio eta Estrategia sailburuorde Pedro Gómez Damborenearen eta CIC EnergiGUNEko presidente eta EEEko zuzendari nagusi Jose Ignacio Hormaecheren presentziarekin.

Kongresuari hasiera emateko, lehen txostena Michel Armand-ek aurkeztuko du, gai horretan munduko aditurik handienetakoa dena.

Gaur egun, klima aldaketaz eta erregai fosilen izaera mugatua eta kutsatzaileaz dagoen eztabaidak are interesgarriagoa egiten du energia metatzearen inguruko gaia, gaurkotasun handikoa izateaz gain. Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan potentzia elektronikoaren garapenari lotutako industriak duen garrantzia, sorkuntza termoelektrikoaren zentralen pisua eta energia sortzeko eta banatzeko industriaren munta kontuan hartuz, ageri-agerikoa da energiaren metatzeaz egin daitezkeen ikerketa lanak axola handikoa direla Euskadiko enpresa ehunarentzat.

Kongresu honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eratutako CIC EnergiGUNEk hauxe lortu nahi du: “Alor horretan erreferentziazko erakundea edo zentroa izateko jarrera sendotu, eta ikerketa esparru horrekin sinergia handiak dituen industria alorraren lehiakortasuna hobetu eta sendotu beharrari zuzendutako orientazioari eutsi”.

Nazioarteko lehen kongresu horrek Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, EEE, Ormazabal, Bruker, Linseis, AEG Power Solutions, SPECs, Elur eta FEI-ren babesa du. Era berean, Gasteizko Udalaren laguntza du.