Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek sustatutako IBILEK enpresak hamalau ibilgailu elektriko orduka alokatzeko aukera eskaintzen du Bilbon eta Barakaldon gaurdanik 

• Bilboko Alondegian aurkeztu den IBILEK car-sharing enpresak hiri-mugikortasun eredu berri bat eskaintzen du; izan ere, ibilgailu elektriko bakoitzak lau eta hamar automobil pribatu artean ordezka dezake
• Aurreikuspenen arabera, zerbitzua Euskadiko beste bi hiriburuetara eta Bilboko udal parking gehiagoetara zabalduko da urte honetan
• IBILEKek 8 ibilgailu elektriko eta 4 hibrido entxufagarriez osatutako flota du, IBIL enpresak hornitutako energia elektriko berriztagarria erabiltzen dutenak
 

Eusko jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiak, IBILeko zuzendari nagusi Enrique Monasteriok eta Bilboko Udaleko Garraio Ataleko zinegotzi Asier Abaunzak ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzu berria aurkeztu dute. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek eratutako IBILEK enpresak bere zerbitzuak ematen hasiko da Bilbon eta Barakaldon. Era berean, car-sharing zerbitzuaz, ibilgailu elektrikoaz eta berau kargatzeko moduez erakusketa informatiboa bisitatu dute, Alondegian, asteburu osoan bisitatu nahi duen ororentzat zabalik egongo dena.

Beraz, Bilbo eta Barakaldo dira ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzua ematen duten lehen bi euskal udalerriak. Zerbitzu hori IBILEK enpresak emango du (IBIL enpresaren filiala dena, Eusko Jaurlaritzaren eta Repsolen artean eratutako enpresa, %50eko partaidetza izanik bakoitzak). Hala, ibilgailu elektrikoak alokatzeko lehen bi guneak ditu erabilgarri Bilboko jendeak. Bilboko Udalaren jabetzakoak diren gune horiek Alondegia eta Zabalburuko parkingetan kokatuta daude. Orotara, bederatzi toki edo plaza dira, Bilboko Udalak utziak, eta ibilgailu garbiak alokatzeko zerbitzu berritzailea ematea ahalbidetuko dutenak. Laster, ekimen horri plaza gehiago erantsiko zaio; izan ere, Areatzako aparkalekuan beste lau toki gehiago jarriko dira erabiltzaileen eskura, Institutuko parkingean beste lau eta beste hiru Zabalguneko parkingean. Gainera, gaur egun, 14 ibilgailu elektrikoren flotaren jabe den IBILEKek Barakaldoko BECen badu horrelako gune bat martxan.

IBILEK enpresak Bilbon zerbitzua emateko erabiliko dituen aparkalekuetako tokiak, parkingetan, 2011ko martxoaren 31n Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean aurreikusten ziren, ibilgailu elektrikoaren erabilera errazteari begirako azpiegituren garapena sustatzeko hitzarmena, hain zuzen ere.

IBILEK car-sharingi buruz
IBILEK car-sharing mugikortasun kontzeptu berria da, ohiko alokairuarekiko ezberdintasun nabarmenak izateaz gain. automobil pribatuaren aurrean alternatiba erreala eskaintzen duena, energia elektrikoaz elikatzen diren ibilgailuen alokairuaren bitartez. Zerbitzuak 14 ibilgailu elektrikoren (erabat elektrikoak eta hibrido entxufagarriak) flota berri bat jartzen du erabiltzailearen esku, eta haren webguneraren bidez, www.ibilek.es, eman daiteke izena eta zuzenean egin ibilgailuaren erreserba. Hartara, parking eta ordua hitzartu ondoren, ibilgailua hartzeko, alokairua, energia eta aseguruak barne hartzen dituen tarifa batez baliaturik, ibilgailu elektrikoa erabiltzeko moduan izango da bezeroa, ibilgailu partikularraren aldean, diru aurrezpen nabarmena dakarrena.

Azken finean, car-sharing zerbitzuak hiri-mugikortasun eredu berritzailea eskaintzen du, eta egindako azterlanen argitan, car-sharing erako ibilgailu bakoitzak lau eta hamar automobil pribatu ordezkatzea lor dezake. Europako herrialde askotan badira dagoeneko car-sharing zerbitzuak martxan; izan ere, mugikortasun eredu iraunkor hori jarri dute abian Suitza, Alemania eta Erresuma Batuan. Euskadin, IBILEKek prestazioak egokiagoak egin eta mugikortasuna hobetu nahi ditu. Horretarako, ibilgailu elektrikoen flota bat jarriko du herritarren eskura, energia-kontsumo arduratsuagoa egitea eta ingurumena hobeto zaintzea ekarriko duena.

IBILEKek Euskadiko hiru hiriburuetan emango du zerbitzua. Era horretan, Euskadi osoan zehar mugikortasun elektrikoa ahalbidetuko du urte honetan.

IBILi buruz
IBILEK enpresak ematen duen car-sharing zerbitzu hori IBILen ekimen bat da. IBIL enpresa Eusko Jaurlaritzak, haren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta Repsolek eratu zuten, %50eko partaidetzarekin bakoitzak, eta Euskadin ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegitura garatzea du helburu, gure herrian mugikortasun elektrikoa bermatze aldera.

2011. urtean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 100 gune baino gehiago instalatu ziren, urte horretarako zeuden aurreikuspenak gaindituz. IBILek egindako plangintzaren arabera, 2020. urteari begira, ibilgailuak kargatzeko 7.000 eta 13.000 gune artean izango dira erabiltzeko moduan Euskadin. Halaber, urte horretan, gure errepideetan 41.000 Ibilgailu elektriko ibiliko direla aurreikusten da.

Erakusketa asteburuan
IBILEK enpresaren car-sharing zerbitzua aurkeztearekin batera, “Car-sharing eta ibilgailu elektrikoa, konbinazio paregabea” izena duen erakusketa dibulgatiboa inauguratu da; Bilboko Alondegian ikus daitekeen erakusketa hori igandera arte, 29a arte, egongo da zabalik.

Erakusketak herritarrei mugikortasun elektrikoaren abantailak eta onurak ezagutarazteaz gainera, automobil pribatuaren alternatiba den car-sharing zerbitzuaren berri eman nahi du. Horretarako, ibilgailu elektrikoa kargatzeko gune edo zutoin bat eta IBILEKen flotaren bi ibilgailu erakutsiko dira. Horrekin batera, 11 panel didaktikoren bidez, zerbitzu berritzaile horren abantailak azalduko dira, besteak beste, honako hauek:

• Lurzoruaren okupazio txikiagoa, zirkulazioan dagoen ibilgailu kopurua gutxitzen baitu.
• Tokian tokiko emisio kutsagarrien murrizketa; baita CO2-aren emisio global gutxiago ere. 
• Zarata gutxiago eta zirkulazio txikiagoa errepidean.
• Automobil pribatuaren aldean, iraunkorragoak diren beste garraio modu publiko batzuk sustatzen dira.
• Aparkalekuen eskaria gutxitzen da.