Amaiera emango zaio azken espedienteak bideratu ondoren

  • Nahiz eta online plataformak diru laguntza jasotzeko eskaerak tramitatzen utzi, hartutako espediente kopurua kontuan hartuta, modu positiboan ebatziz gero, diru laguntzarako aurrekontua amaituko litzateke.
  • 5 milioi euroko aurrekontua zuen.

Energiaren Euskal Erakundearen Renove Planak ia bere osotasunean agortu ditu bere diru baliabideak. Jasotako azken espedienteak aztertzeke badira ere, eta azken uneko egokitzapenak gorabehera, aurreikuspenen arabera, diru laguntza espediente gehiago kudeatzeko modurik ez da izango. Hala ere, diru laguntza publikoen araudiei jarraikiz, diru laguntza eskatzeko web edo aplikazio informatikoa ezin izango da itxi azken espediente positiboak ebatzi arte. 
 
2.337 ibilgailu ordeztea ahalbidetu du gaur arte programa honek eta emandako batez besteko laguntza 2.075 euro izan da. Espedienteen sarrera-ordenaren arabera ematen dira laguntzak, betiere eskakizun guztiak betetzen dituztela eta eskatutako dokumentazioa daukatela egiaztatu ondoren. Alde horretatik, jasotako eta aztertu gabe dauden azken espedienteak (eta bertan bidaltzen den dokumentazioa zuzendu behar izanez gero, zuzenketak jasotzeko epean) izango dira aurrekontua bukatuko dutenak. Hori horrela, birtualki amaitutzat ematen da diru laguntza programaren jarduera. Programaren behin betiko bukaera, berriz, EEEren webgune korporatiboaren, hedabideen eta Euskadiko kontzesionarioen bitartez jakinaraziko da.  
 
Martxoaren amaiera-aldera abiarazi zen EEEren Ibilgailuen Renove Plana 10 urtetik gorako ibilgailu zaharrak (7 urtetik gorakoak furgoneten kasuan) ordeztu eta haien ordez energia alternatiboekin (elektrizitatea, hidrogenoa edo gas naturala) elikatutako ibilgailuak sartzea errazteko, baita gasolinarekin edo gasolioarekin elikatuentzat ere efizientzia handiko ibilgailuen kasuan, hau da, A sailkapen energetikoa dutenen kasuan. Horrekin Euskadiko Energia Estrategiaren helburuak lortzeko laguntza eskaini nahi da sektore guztietan efizientzia gehitzeko eta petrolioaren deribatuen kontsumoa gutxitzeko energia alternatiboen mota berriak sartuta. Garraioa da azken urteetan energia-kontsumoaren hazkunde jarraitua atxikitzen duen sektoreetako bat, eta % 90etik gorako mendekotasuna du petrolioaren deribatuekiko.