• 2011 eta 2012 artean Mercedes Vito E-Cell furgoneta elektriko bat eta lau automobil elektriko puru erosiko ditu
• EEEk flota monitorizatzen lagunduko du eta kargatzeko guneak instalatuko dira, karga kudeatzeaz arduratzen den IBIL sozietatearen bidez
• Ekimen hau Eroskik abiarazitakoaren ildotik doa, 3 hiriburuetako merkataritza gunetako produktuak banatzeko flota elektrikoa baitu

Euskadin ibilgailu elektrikoa garatzeari begira, eta erakundeen arteko lankidetza esparruaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Gurutzetako Ospitalearen eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatuko dute osasun zentro horretan. Izan ere, ibilgailu elektrikoak erosiko dituzte eta orain erabiltzen duten flotan sartzen joango dira arian-arian. Horrekin batera, ibilgailuak kargatzeko guneak instalatuko dituzte ospitalean.

Bi sail horiek sinatutako “Floten Ituna” deritzon akordio berri horren bidez, ibilgailu elektrikoz osatutako lehen flota eratu da erakunde publiko batean. Hala, erakunde publiko horrek bost ibilgailu elektriko erosiko ditu. Zehazki, Mercedes Vito furgoneta bat eta merkatuan gero eta eskaintza handiagoa duten lau automobil elektriko erosiko ditu Gurutzetako Ospitaleak 2011 eta 2012 urteen artean.

Aurrekoaren ordain gisa, Energiaren Euskal Erakundeak ibilgailuen bilakaeraren monitorizazioa egiteko aukera izango du. Horretarako, flotaren kudeaketan laguntzea aurreikusten du. Ibilgailuei behar bezalako jarraipena egiteko, akordioa indarrean egongo den bost urtean iraungo du kudeaketak. Hori guztia aurrera eramateko, Gurutzetako Ospitaleak kontsumoen, egindako kilometroen, kargen eta mantentze lanen inguruko informazioa eta datuak emango dizkio EEEri.

Aipatutako bi erakunde horiek 2010eko abenduan sinatutako lankidetza akordio esparruaren barruan dago ekimen hau, eta Gurutzetako Ospitaleak duen automobil flotan mugikortasun elektrikoa sustatzea du helburu, aipagai dugun ibilgailu elektrikoen erabilerari lotutako proiektu pilotu honen bidez, hain zuzen ere, garatuko dena. Egitasmoa abiarazteko, Energiaren Euskal Erakundeak Think City delako ibilgailu elektrikoa utzi zion ospitaleari bi urtez. Hartara, denbora tarte horretan zenbait azterketa egin ahal izango du osasun zentroak ibilgailuen ezarpen, karga, kostu eta abarrez.

Ibilgailu elektrikoa Euskadin
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza era Turismo Saila mugikortasun elektrikoa sustatzen ari da Euskadin, hainbat eragile eta erakunderekin lankidetzan aurrera eramaten dituen jardueren bitartez, garraioan energia-eraginkortasuna hobetzeko xedez. Izan ere, gaur egun, petrolioaren deribatu mendekotasun handia du garraio alorrak, %90 baino handiagoa. Horren aurrean, hornidura iturriak ugaritzea edo dibertsifikatzea lehentasunezkoa da; are lehentasunezkoagoa dena, epe ertainean erregaien prezioek goranzko joera izango dutela aurreikusten denean.

EEE, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den aldetik eta haren helburuei jarraiki, Euskadin ibilgailu elektrikoari sarbidea ematea xede duen proiektua garatzen ari da. Horri esker, garraioan energia-eraginkortasuna hobetuko da eta Euskadiko autogintza eta ekipamendu elektriko eta elektroniko alorretan diharduten enpresentzako negozio aukera berriak sustatu ahal izango dira.

Egitasmo horrek duen ardatz estrategiko baten arabera, Euskadin ibiltzeko ibilgailu elektriko kopuru edo masa kritiko bat sortu behar da, merkatuan haustura-gunera iristeko edo sartu ahal izateko ahalik eta lasterren, eta hartara, ibilgailu elektrikoa Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde, elkarte eta herritarren eskura jartzea.

Ildo beretik, IBIL, Gestor de carga del vehículo elekctrico, S.A., enpresaren eraketaren bitartez, EEEren eta REPSOLen artean eratua, ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegitura ezarri nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, ibilgailu mota horien mugikortasuna bermatzeko Euskadin. Era horretan, ibilgailu elektrikoa batetik bestera mugitzeko beharrezkoa den azpiegitura sortuko da Euskadin, eta horri esker, arian-arian, bertako automobilen parkean horrelako ibilgailu elektrikoak sartzea sustatu eta ahalbidetuko da. Hala, mugikortasun eredu berri bat garatzeko bidean, aurrerapauso handia emango da gisa horretako ibilgailuen bidez, garraio eraginkor eta iraunkorra ezartzeko oztopo handienetakoa gaindituko baita.

Hain zuzen ere, ibilgailu elektrikoa kargatzeko guneak instalatzeari begira, IBIL enpresak zenbait erakunderekin akordio batzuk sinatu ditu. Adibide gisa, Eroskik kargatzeko gune ugari ditu Bilbo, Gasteiz eta Donostiako supermerkatuetan, produktuen etxez etxeko banaketa egiteko erabiltzen dituzten Mercedes Vito elektrikoak kargatzeko baliatzen direnak.