Energiaren Europako Astea ospatzeko ekitaldiak hasi dira, bost eguneko tartean egitekoak
- • Energia eta Industriako sailburuorde Xabier Garmendiak udal-esparruan energia-hobekuntzak lortzeko Jaurlaritzak egindako lana azpimarratu du. Europako Batzordeko ordezkari berezi Gabor Nagy-k ere parte hartu du, eta Ituna garatzeko Euskadin egindako lana ere azpimarratu du.
- • Aste osoan 5 jardunaldi tekniko egingo dira, baita bi ekologia-gela, ibilgailu elektronikoen erakusketa bat, gidatze eraginkorrari buruzko bi ikastaro eta azken ikuskizun bat ere, hilaren 22an, gauean.
- • Alkateen Itunak % 20 murriztu nahi ditu Europako Batzordearen ekimen honetan parte hartzen duten Euskadiko 14 udalerriren energia-kontsumoa eta emisioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 18a. – Europako Alkateen Itunean bilduriko Euskadiko Udalak babesteko jardunaldiak eman die hasiera ekainaren 18tik 22ra Gasteizen egingo den Energiaren Europako Astean aurreikusitako ekitaldiei. Europaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza-ildoak aztertu nahi ditu jardunaldi horrek, eta aurrerapenak erakutsi udal horiek lanean ari diren energia-aurrezpenaren arloan. Aste osoan jardunaldi teknikoak egingo dira ibilgailu elektrikoari, energia-eraginkortasunari eta energia berriztagarriei buruz, baita erakusketak, ikastaroak eta beste zenbait jarduera ludiko ere, energia-kontsumoa gutxitzeak duen garrantzia gizarte osoari erakusteko programa osatzeko.
Alkateen Itunari buruzko jardunaldiaren irekieran izan dira Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia, Gasteizko Udalaren Ingurumeneko eta Espazio Publikoko zinegotzi ordezkari Leticia Comerón eta EUDELen presidente Ibone Bengoetxea, Europako ekimen hori babesten dutela adierazteko, aurrezpenaren aldeko udalen lanean oinarrituriko ekimena. Xabier Garmendiak nabarmendu du Europako erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, Itunaren sarera bildu diren udalei ematen dieten garrantzia, "benetan anbizio handiko" energia-aurrezpeneko mailak lor ditzaten.
Jardunaldian azpimarratzekoak izan dira zenbait udalek —hala nola Gasteizek, Irunek eta Balmasedak— emandako azalpenak, ekimen honen alde egin baitute lan-plan oso zorrotzak garatzeko, eta horren ondorioz % 20 ere murriztuko dituzte beren guztizko energiaren kontsumoa eta beren emisioak 2020. urterako. Lan intentsiboa eragiten die horrek udalei, baina herritarrei bizi-kalitate hobea dakarkie, aurrezpenak udal-kutxei, eta energia-egoera hobea ziurtatzen die etorkizuneko belaunaldiei.
Europako Batzordeko ordezkari berezi Gabor Nagyk, Itunaren Europako arduradunak, Itunaren arloan Euskadin garaturiko lanari Europak ematen dion arreta babestu du, lan hori beste eskualde batzuetan egiten denarekin alderatuta desberdina baita parte-hartzearen ikuspegi intentsiboaren eta ez-estentsiboaren eraginez, bertan parte hartzen duten udalerriei gagozkiela. Jardunaldiak helburu bikoitza du, hala nola Itunaren esparruan garatzen ari diren estrategia, jakintza eta jarduerak bateratzea, eta 20-20-20ko Europako helburuak betetzeko udalerri sinatzaile askok garatzen duten lan handia sendotzeko lagungarri izan daitezkeenak eta, aldi berean, udalerri sinatzaileen lana espresuki onestea, iraunkortasun-politikekin konprometituriko toki-erakundeak direlako eta horrelako plan eta jardueretara etorkizunean bildu nahi diren beste udalerri batzuentzako eredu direlako.
Alkateen Ituna EEEk Euskadin koordinaturiko Europako Batzordearen ekimena da, eta beren ahaleginak batu dituzten 14 udalek parte hartzen dute bertan, 2020. urtean energia-kontsumoa eta emisioak % 20 murriztea lortzeko betiere.
Energiaren Astea
Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) bere energia agentziaren bidez, antolatzen dute Energiaren Astea Bost jardunaldi tekniko biltzen ditu jarduera-programak, baita bi ekologia-gela, ibilgailu elektrikoen erakusketa bat, gidatze eraginkorrari buruzko ikastaroak eta ekainaren 22an, ostirala, Euskadiko hiru hiriburuetan aldi berean izango den azken ikuskizuna ere. Programa osatzeko, aurreikusita dago, halaber, Estándar Passivhaus eta Solar Dechathlon Europa erakusketa bat eta Loma Jenerala Plazan kokatuta dagoen Apuesta del Cubo de hielo (Izotz-kuboaren apustua) ekimena..
La Marcha Sostenible (Martxa Iraunkorra) ekimenak Gasteizko Espainia Plazan irekiko ditu bere ateak eta Zurekin Bai! lelopean ibilgailu elektrikoak, bizikleta elektrikoak eta gune interaktiboak erakutsiko ditu, eta gune horietan herritarrek informazioa lortu eta etxeetako eta garraiobideetako kontsumoarekin loturiko produktu eta zerbitzu energetikoki eraginkorrak hautatu ahalko dituzte.
Azkenik, eta energiaren egunei amaiera emateko, ikuskizun bat izango da Euskadiko hiru hiriburuetan, etorkizun energetikoki iraunkorra lortzeko herritar guztiek parte hartu beharraren mezua modu ludikoan azpimarratu nahi duena. Horretarako “Ilumina tu ciudad (Argitu zure hiria)” ikuskizunak hiru hiriburuetako erakunde berezi bana argituko ditu, herritarren parte-hartzearen eta pedal-kolpeen bidez, horretarako prestaturiko bizikletak izango baitituzte Bilboko Arriaga Antzokiaren, Donostiako San Telmo Museoaren eta Gasteizko Udaletxearen aurrean. Gainera, azken horretan, Green Capital 2012 ekimen dela-eta, Travis Flint izango da bertan, light painting-eko ekitaldi bat eskaintzeko, hots, argiarekin egindako musika eta figura bereziak biltzen dituen ikuskizun bisuala.