• 2010ean hasiko da furgoneta elektrikoen ekoizpena Vitoria-Gasteizen
  • Mercedes-Benzek automobilgintzaren euskal industriari bultzada emango dio ibilgailu elektrikoa lortzeko bidean
  • EEE/EVEk  parte hartuko du lehen ibilgailu elektrikoen sustapenean, jarraipenean eta monitorizazioan 

Euskadin automobilgintza 300 enpresak osatzen dute, eta 10 mila milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte. Gainera, Euskadin 40.000 pertsonari ematen diete enplegu eta 20.000 laguni kanpoan. Azken urte hauetan, aldaketetara egokitzeko gaitasuna edo ahalmena erakusteaz gain, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa ere egin du automobilgintzak. Une honetan, hain zuzen ere, etorkizuneko erronka teknologiko berri bati egin nahi dio aurre, ibilgailu baten tresnarik garrantzitsuena aldatzea eskatzen duen erronka, errekuntza motorraren ordez motor elektrikoa jartzea, alegia. Aldaketa horrek automobilgintzari ekar diezaiokeen aukeraz jabetuta, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak  aldaketa sustatzea erabaki du. Hala, Daimler taldearen barruan dagoen Mercedes-Benz konpainiarekin akordio bat sinatu du, konpainia horrek Vitoria-Gasteizen duen plantan ibilgailu komertzial bat fabrikatzeko. Era horretan, alor bereko gainerako enpresen egokitzapen teknologikoa egiten lagunduko da.

Daimler taldea, “premium” izeneko automobilen fabrikazioan munduko liderra, eta ibilgailu industrialen fabrikatzaile nagusia munduan, aurrera eramaten ari den enpresa estrategiaren barruan eta I+G+b alorreko jarduera sustatu nahian, Gasteizko Mercedes-Benz plantan furgoneta elektrikoak fabrikatzea erabaki du, 2010. urtetik aurrera. Erabaki horrek inbertsio handia ekarriko du plantak dituen ekoizpen instalazioetara, berrikuntzan batik bat (9 milioi euro inguru). Berrikuntzaren aldeko apustu hori irmoki bultzatu du Eusko Jaurlaritzak; gaur, erakunde biek sinatutako akordioan jasotzen den bezala.

Erronka teknologiko handia dakarren proiektua da, automobilgintzaren barruan, teknologia eta kalitatean liderra den enpresa horrentzat. Fabrikatuko den ibilgailua furgoneta izango da, motor elektrikoarekin eta 130 km-ko autonomia nominala izango duen bateriarekin.

Aipatutako akordioan Mercedes-Benzek konpromisoa hartzen du ibilgailu elektrikoan erabiltzeko osagaien ikerketa eta berrikuntza proiektuak sustatzeko, automobilgintzan diharduten euskal enpresekin batera eta elkarlanean. Horrezaz gain, alor horretan aritzen direnei prestakuntza emateko eta informazio trukaketa egiteko konpromisoa ere hartzen du. Elkarlan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Automobilgintzaren Klusterraren (ACICAE) bitartez bideratuko da, eta Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) dagoen AIC-ek (Automotive Intelligence Center) koordinatuko du.

Era berean, EAEko garraio-flotetan ibilgailu elektrikoei sarbidea emateko asmoz, erakunde bien arteko lankidetza sustatzeko konpromisoa jasotzen da akordioan. Horretarako, Mercedes-Benz Españak, Eusko Jaurlaritzaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-flotei edota erabiltzaile izan litezkeen pertsonei erraztasunak emango dizkie E-Smart eta E-Vito ibilgailuak eskuratzeko, horien serie ekoizpena aurreko faseetan ekoitziak. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) lagundu egingo du fase honetarako erabiltzaile egokienak identifikatzen eta aukeratzen. Halaber, berariazko programak zertuko ditu diru-laguntzak bideratzeko, lehen ibilgailu elektrikoak erosiko dituzten pertsonei emateko. Gainera, Mercedes-Benzekin lankidetzan arituko da EEE/EVE, ibilgailu elektrikoen lehen hiru urteko funtzionamenduaren inguruko emaitzak monitorizatzen eta ebaluatzen.

Lankidetza akordioa sinatzeari begirako aurreko fasean, SPRIko Teknologia Unitatea eta EEE/EVE elkarlanean aritu dira Gasteizko Mercedes-Benzekin, bertako teknikariak trebatzen honako alor hauetan: plantan egin beharko diren inbertsioen zehaztapen teknikoen definizioan eta baterien inguruko araudiari eta horiek tratatzeko eta biltegiratzeko moduei buruzko txostenak egiten.

Eusko Jaurlaritzaren eta Mercedes-Benz Españaren arteko akordioa, eta hari lotutako proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finkatutako estrategia globalaren ildotik doaz, ibilgailu elektrikoa sustatzeko xedez. Estrategia horren helburu nagusiak dira energia-eraginkortasuna bultzatzea garraioan eta euskal enpresen ehunean negozioak egiteko aukera berriak suspertzea. Hori horrela, Mercedes-Benzekin sinatutako akordio horrek osatzen du berriki REPSOLen eta EEE/EVEren artean sinatutakoa, Euskadin ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko guneen oinarrizko sarea garatzeko. Elkarren osagarri diren akordio horien ondoren, eta garapenak aurreratu ahala, bestelako ekimenak gauzatuko dira Euskadin, ibilgailu elektrikoari lotutako teknologien eta horiek berriz kargatzeko sistemen inguruan eredu edo erreferente izan dadin Euskadi.