Arantza Tapia: «Zentrala zaharkituta dago, eta ez dauka bizitza erabilgarririk»

«Inguruko euskal udalerriek konpentsazio-neurriak merezi dituzte inoiz baino gehiago, eta Ministerioari eskatuko dizkiogu»

Segurtasun Nuklearreko Batzordeak Garoñako zentralaren jarduera urtebete gehiago luzatzea erabaki du gaur. Horren harira, bada, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dagoela batere ados, eta berriro agertu da zentrala ixtearen alde. Gainera, zentral horren inguruko euskal udalerrietarako konpentsazio-neurriak eskatu ditu.

Ildo horretatik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak esan du Gobernuak jarrera hori hartu duela «zaharkitzapen- eta segurtasun-arrazoiengatik».

Tapia sailburuak adierazi duenez, Santa María de Garoñako zentrala zentral nuklearren lehen belaunaldikoa da eta «zaharkituta dago, mota honetako instalazioetarako egungo diseinuen aldean», eta, horrez gain, «43 urte eman ditu lanean, beraz, funtzionatzeko bizitza erabilgarriaren atalasea gainditu du».

Arantza Tapiaren arabera, gaur egun, sorkuntza elektrikoaren parke modernoago, seguruago eta lehiakorrago bat dugu, beraz, Segurtasun Nuklearreko Batzordeak Garoñan baimendu duen funtzionamenduak ez dio elektrizitate-horniduraren segurtasunik ekarriko sistemari, ez eta eraginkortasun ekonomikorik ere.

Azkenik –eta, erabakia ikusita, are gehiago–, Eusko Jaurlaritzak Industria Ministerioari eskatuko dio euskal udalerriak «Garoñaren eraginpeko udalerri»tzat jotzea. Hartara, Estatuak Garoñako ingurua berraktibatzeko politika guztiak abiarazi beharko ditu, zentrala ixteak biztanleengan izan ditzakeen eragin negatiboak (enpleguan, eta abar) konpentsatzeko