Bidelek Sareak proiektuak 60 milioi euro inbertituko ditu Bilbon eta Portugaleten kontagailu digitalak jartzeko hurrengo hiru urtean
- Egitasmoa sare elektrikoaren berrikuntza integralean datza; Bilbon eta Portugaleten 230.000 kontagailu ordeztuko ditu eta 1.100 transformazio zentro digitalizatuko ditu.
- Bilbon, 2012ko lehen seihilekoan garatutako lehen fasean San Inazio eta Deustu auzoko kontagailuak ordezkatu dira; bigarren fasean, berriz, beste 55.000 kontagailu berrituko dira Zazpi Kaleetan, Txurdinaga, San Adrian eta Santutxun; 15.000 Portugaleten.
- Teknologia digitalean puntako euskal enpresek hornitu dituzte instalazioetako ekipoak eta zerbitzuak.
- Proiektu honi esker, munduan Euskadi erreferentea izango da sare elektriko adimendunen garapenaren gaian.
Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, eta Iberdrolak sustatutako Bidelek Sareak proiektuak lehen bederatzi hilabetean 53.484 kontagailu elektriko baino gehiago ordezkatu ditu Bilbo aldean eta Portugaleten, eta horien ordez teknologia digitala duten beste batzuk jarri dira. Sare elektrikoak modernizatzea helburu duen egitasmo horren bitartez, 230.000 kontagailu elektriko berrituko dira 2014. urterako; eta horretarako, guztira, 60 milioi euro inbertituko dira.
Iberdrola Distribución Eléctrica S.A.U.k eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, EEEren bidez, eratutako Bidelek Sareak konpainiak lehen fasea burutu du, elektrizitatea banatzeko sareen berritze integrala lortzeko bidean. Hala, 2012ko urtarrilean hasitako lehen fase hori gauzatzeko 7,5 milioi euro inguru inbertitu ditu, Bilbon 51.592 eta Portugaleten 1.892 kontagailu elektriko eskuratu eta aldatzeko.
Bilbo hiriko kontagailu guztiak ordezkatzeko planifikazioari jarraiki, lehenbizi San Inazio eta Deustu auzoetan egin dira lanak, ia guztiz amaituta daudenak gaurko egunez. Hurrengo faseetan, berriz, Zazpi Kale, Txurdinaga, San Adrián, Santutxu, Abando, Indautxu eta Zorrotzan ordezkatuko dira kontagailuak. Aurreikuspenen arabera, 2012. urtearen amaierarako 100.000 ekipo inguru instalatuko dira.
Bilbon egindako lanekin batera, Portugaleten ere lehen ordezkapenak burutu dira; datozen hileetan bertako kontagailuen %100 berritzeko asmoz. Aldi berean, 241 transformazio zentro instalatu eta ziurtatu dira jadanik.
2014. urtean, egitasmoa emaitzen denean, orotara 230.000 kontagailu digital egongo dira funtzionamenduan, gaur egungo analogikoen ordez. Horrez gain, goi mailako ekipo elektronikoak izango dituzten 1.100 transformazio zentro ere egokituko dira. Era berean, Lea-Artibai eskualdean, automatizazio aurreratua egitea ahalbidetuko duen plan bat jarriko da abian, azpiestazioen berritzean datzan plana, hain zuzen ere. Lan horiei guztiei esker, ekipo horiek zerbitzua ematen dieten 410.000 biztanleren instalazioak hobetu ahal izango dira. Proiektu osoa aurrera eramateko inbertsioa 60 milioi eurokoa da.
Proiektu liderra
Bidelek Sareak egitasmoa 2010. urtean jarri zen martxan, Euskadin elektrizitatea banatzeko sare adimendunak ezartzeko xedez. Hala, urte horretan Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak lankidetza-protokolo bat sinatu zuten, eta bertan, konpromisoa hartu zuten horrelako sare elektrikoak instalatzeko Bilbon eta Portugaleten. Proiektu hori garatzeko, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan dihardute.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak lankidetza publiko-pribatua duen proiektu integrala sustatu du: izan ere, kontagailuen ordezkapenaz haratago joateko asmoa du egitasmoak, Europan garatutako antzeko proiektuetan gertatzen denaz bestera. Axola handiko ezberdintasuna da hori, sarearen digitalizazio eta aldaketa osoa ekarriko baitu, transformazio zentroak barne. Era horretan, Euskadiko sare elektriko adimendunak aurreratuenetarikoak izango dira munduan.
Proiektua garrantzi handikoa da; izan ere, elektrizitatearen banaketa sareak nabarmen hobetuko dira, XXI. mendeko gizarteak eskatzen duen premia berrietara egokituz. Hain zuzen ere, gero eta elektrifikazio handiagoa eskatuko duen gizartea, sisteman karga berriekin, adibidez, ibilgailu elektrikoaren erabilera, sorkuntza berriztagarriko sistema txikien erabileraren zabalkundea, baterako sorkuntza alorreko instalazio txikiak eta beste batzuk. Horretarako guztietarako, sarea behar bezala prestatu behar da, energia eskari guztiari aurre egiteko eta geografikoki sorkuntza banatu egokia egin ahal izateko.
Sare elektriko adimendunak
Elektrizitatea banatzeko sare adimendunak teknologia digitalaren erabileran oinarritzen dira. Erabilera hori, jakina, sareak osatzen dituzten elementu guztietan gertatzen da: kontagailuetan, transformazio zentroetan eta azpiestazio elektrikoetan. Teknologia digitalak komunikazio sistema aurreratuak inplementatzen ditu, denbora errealean kontsumoez, sarean kargez eta arazoez informazio zehatza izatea ahalbidetzen duten sistema aurreratuak. Hartara, gero eta konplexuagoa izango den sarea hobeto kudeatuko da. Aldi berean, erantzuteko denbora eta matxurei aurre egiteko tarteak laburtzea ekarriko du.
Aurrekoaz gain, teknologia digitalak onura eta abantaila ugari ere ekarriko die sistemari eta erabiltzaileei; esaterako, elektrizitatearen hornikuntza hobetuko da, arazoak eta matxurak murriztuko dira eta zerbitzuak urrundik eman ahal izango dira, kontagailuen irakurketa eta alta eta baja emateko tramitazioa, kasu. Halaber, kontsumoak denbora errealean kontrolatzeko aukera izango du erabiltzaileak, aurreztea eta eraginkortasuna hobetzea ahalbidetuko duena, energiaren erabileraz benetako informazio zehatza izango baitu eskura erabiltzaileak.