Industriak aurreikusten du 2.600 proiektu diruz laguntzea eta 63 milioi euroko inbertsioa sortaraztea
• Aurreikuspenen arabera, laguntza horien bidez lortuko den energiaren aurrezpena 31.200 etxeren kontsumoaren baliokidea da, Euskadin etxeko kontsumo elektrikoaren %3,9 dena.
• Energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko laguntza programa, nagusiki, industriari eta eraikinen energia berritzeari zuzenduta dago.
• Garraio eta mugikortasun alorreko laguntza programa berriak, Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzarekin batera finantzatua, 3 milioi euro bideratuko ditu ibilgailu elektrikoak zein alternatiboak eta bizikletak erostera eta mugikortasun planak egitera.
• Udalen eskura laguntza programa espezifikoa jarriko da, argiterian eta erakin publikoetan energia eraginkortasuna hobetzeko.
• Berriztagarrien alorreko diru laguntza programak instalazio berriztagarri termiko berriak, eguzki-plaka termikoak, biomasa eta trukaketa geotermikoak diruz lagunduko ditu.
Fuente: Irekia - Gobierno Vasco
Bilbo, 2012ko uztailaren 4a –
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, bere energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen bidez, 14,66 milioi euro bideratuko ditu energia-eraginkortasuna hobetzera hainbat alorretan, energia-iturri berriztagarrien instalazio berriak jartzera eta mugikortasun plan eraginkor eta iraunkorrak egitera.
Eusko Jaurlaritzaren 2012ko diru laguntza programak, aurten EEEk bakarrik kudeatuko dituenak, berrikitan onartu den 2020ko Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) ezarritako lehentasun eta jarduteko-ildoen ondorio zuzenak dira. Iragan maiatzaren 23an Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta 2011ko abenduaren 23an Gobernu Batzordeak onartutako Energia Estrategiaren lehentasunetako bat da alor kontsumitzaileak, eremu estrategikoen barruan. Alor horietan ezartzen diren helburu handinahiak lortzeko, energia kontsumo murrizteari begira, etzi, ekainaren 6an lau diru laguntza programa argitaratuko dira. Programa horiek hainbat neurri biltzen ditu, Euskadin kokatutako jarduerak eta proiektuak sustatzeko, alor guztietan energia kontsumoa murriztea helburu duten egitasmoak, hain zuzen ere. Diru laguntza horiek industrian, garraioan, eraikuntzan eta zerbitzu publikoetan garatuko diren proiektuak bultzatzera bideratuko dira.
Lau diru laguntza programetara eskabideak aurkezteko aukera izango da 2012ko azaroaren 30era arte, eta horien ezaugarriak eta baldintzak eskuragarri daude EEEren webgunean (www.eve.es. Zehazki, lau programak hauexek dira:
- Energia aurrezkia eta eraginkortasuna sustatzeko laguntza programa. Aurrekontua: 4.500.000 euro.
- Garraio eta mugikortasun eraginkorra bultzatzeko laguntza programa. Aurrekontua: 3.000.000 euro.
- Udalerrietan energia eraginkortasuna hobetzeko laguntza programa. Aurrekontua: 3.000.000 euro.
- Energia berriztagarrietan inbertsioak sustatzeko laguntza programa. Aurrekontua: 4.160.000 euro.
Aurreikuspenen arabera, 2012ko ekitaldi osoan 2.600 jarduera edo proiektu ingururi lagunduko zaie programa horien bitartez, 63 milioi euroko inbertsioak eragingo dituztenak. Era horretan, urtean 21.000 tep (tona petrolio baliokide) aurreztea lortuko da, 31.200 etxebizitzak kontsumitzen duten energia elektrikoaren baliokidea, Euskadiko etxeetan kontsumitzen den elektrizitatearen %3,9 dena.
Hain zuzen ere, 2020. urtera begira, Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian ezarritako helburuen ildotik doaz diru laguntza programen helburuak. Hala, energia primarioan 1.052.000 tep (tona petrolio baliokide) aurrezki metatua lortzea aurreikusten du Energia Estrategiak, Euskadin, urtean kontsumitzen den petrolioaren bi herenen baliokidea den kantitatea.
Energia aurrezkia eta eraginkortasuna
Programaren bidez bideratuko den diru kantitateak ageria uzten du alor horri ematen zaion garrantzia. Izan ere, diru gehien bideratzen duen programa dugu, 4,5 milioi euro, eta energiaren aurrezpenari begirako helburuak lortzeko jarduerak diruz lagunduko dira.
Alde horretatik, industria alorrean diru laguntza jaso dezaketen jarduerak hauexek dira: Euskadiko enpresa eta industrien energia egoera aztertzeko energia-auditoria integralak egitea, eskaria era aktiboan kudeatzeko azterlanak egitea, energia kudeatzeko sistemak (SGE) eratzeari begira, eta enpresetan energia-eraginkortasuna hobetzeko ekipo eta instalazioetan egingo diren inbertsioak. Horrez gain, instalazio termikoak berritzeko, energia-aldagaiak kontrolatzeko eta kudeatzeko sistemak eta barne-argiztapena hobetzeko ere diru laguntzak emango dira. Era berean, eraginkortasun handiko baterako sorkuntza instalazio berriak sustatuko dira, elektrizitatea eta beroa modu konbinatuan ekoizteko bide gisa.
Eraikuntza alorrei dagokionez, diruz lagunduko diren neurriak edo egitasmoak hauexek dira: egungo eraikien inguratzailea berritzekoak, Eraikuntza Kode Teknikoak (CTE) energia eskaria mugatzeko eskatzen dituen gutxieneko baldintza betez gero.
Garraioa eta mugikortasun eraginkorra
Alor honetan dago berrikuntza handiena aurten, programa guztien artean. Izan ere, programa espezifikoa eratu da garraio eta mugikortasun alorrerako. Gogoratu behar da, garrantzi handikoa baita, Energia Estrategiaren erronka handienetako bat dela garraio alorra eta zehazki, petrolioarekiko mendetasuna gutxitzea. Hori horrela, programa berri honek sei neurri proposatzen ditu garraio eta mugikortasun alorrean. Neurri horien barruan egongo diren jarduerak sustatzeko 3.000.000 euro bideratuko dira. Programaren lehentasun handienetakoa ibilgailu elektrikoa eta kargatzeko guneak dira, ematen zaien diru laguntza handiagatik. Hala, programaren bidez emango diren diru laguntzak hauexek dira: ibilgailu elektriko purua edo hibridoa erosteko 5.000 euroraino, 750 euroraino motozikleta elektrikoak erosteko eta 400 euro ziklomotorrak eskuratzeko. Aldi berean, bioerregaiez eta gas naturalaz elikatzen diren ibilgailuak erosteko eta horiek hornitzeko instalazioak jartzeko ere diru laguntzak emango dira.
Aurrekoaz gain, bizikletak erosteko ere diru laguntzak emango dira, eta bereziki, udalek kudeatuko dituzten bizikleta-mailegu sistemak abian jartzeko.
Garraio alorrean dagoen neurri garrantzitsuenetarikoa da “Mugikortasun iraunkorra sustatzeko planak eta jarduerak” izenekoa. Neurriaren ildoak Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak eta EEEk, elkar hartuta, definitu dituzte. Gainera, diru-saila espezifikoa duen neurri bakarra da, 800.000 euro, EEEren eta Garraio Zuzendaritzaren artean emanda, erdi bana.
Energia-eraginkortasuna udalerrietan
Laguntza programa honen helburua da kanpo argiteria publikoari lotutako instalazioetan eta eraikin publikoetan energia eraginkortasuna hobetzea. Neurri horiek behar bezala gauzatzeko, udalen eskura behar diren baliabide ekonomiko egokiak jarriko dira. Programa honek 2010ean abiarazitakoari jarraipena ematen badio ere, aurtengoak zenbait berrikuntza dakartza; esate baterako, kanpo argiteria publikoari ematen zaion diru laguntza handiagoa da. Bestetik, aurrekoan bezala, energia iraunkorra sustatzeko ekintza planak (PAES) egiteko laguntzak emango dira (%75). Halaber, eraikin publikoen inguratzaileak berritzeko, instalazio termikoak jartzeko eta eraikin barruko argiztapen sistemak instalatzeko diru laguntzak emango dira.
Inbertsoak energia berriztagarrietan
Energia berriztagarrietan inbertsioak sustatzeko diru laguntza programak esparru bakar batean biltzen ditu laguntza guztiak teknologia zenbaitetarako, orain arte izandako programa guztiak elkartuz. Elektrizitatea sortzeko instalazio berriztagarriei lotutako proiektuen egoera zailaz jabetuta, Madrileko Gobernuak energia berriztagarrien sari edo primaz erabakitako luzamenduaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da instalazio termikoak bultzatzea, 4.160.000 euroko aurrekontua duen programaren bidez. Hala, ura berotzeko tenperatuta baxuko eguzki-plakak, erabilera termikoa edo elektrikorako biomasa instalazioak eta trukaketa geotermiko instalazioak diruz lagunduko dira. Era berean, landa-biomasa biltzeko eta garraiatzeko ekipoak batzuk sartu dira programan, eta, beraz, diruz lagunduko dira. Horiekin batera, sarera konektatuta zein bakartuta, eguzki-energia fotovoltaiko, eoliko eta minizentral hidroelektrikoei lotutako instalazioak diruz laguntzeko lerro espezifikoa dago, gehienez 1 MW-eko potentzia duten instalazioak direnean.