Mugikortasun eraginkorrerako euskal topaketa Ficoban egingo da martxoaren 11tik 12ra
Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, parte hartu du martxoaren 11n eta 12an Ficoba Euskal Kostaldeko azoka-esparruan egingo den Go Mobility mugikortasun eraginkorrari buruzko topaketaren irekieran, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera.
Bere hitzaldian, Ansolak garraio elektrikoak datozen urteetan sektore hori eraldatzeko eta transizio energetikoaren jasangarritasun-helburuekin lerrokatzeko izango duen garrantzia azpimarratu du. Era berean, nabarmendu du erronka hori eta eredu energetikoaren paradigma-aldaketa "aukera ezin hobea" direla euskal industria puntako soluzio teknologikoen bidez kokatzeko eta bilakaera horren buru izateko.
Go Mobilityren helburua da Europako hegoaldean erreferentziazko hitzordu gisa ezartzea mugikortasun berriaren balio-kateko eragile guztientzat. Mugikortasun hori jasangarria, konektatua, segurua eta irisgarria da, alderdi industrialean eta digitalean. Era berean, balio erantsi handiko trukeak sustatzeko, proiektu berritzaileak bultzatzeko eta lurraldearen eraldaketa industriala sustatzeko topagune bihurtzea bilatzen du.
Go Mobility Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute, eta bi erakundeak bultzatzen ari diren Mugikortasun Elektrikorako eta Energia Biltegiratzeko Estrategiaren barruan kokatzen da.