EEE/EVE EBren ordezkaria izango da Euskadin, energiaren aurreztearen inguruko sentsibilizazio programa europar garrantzitsu bi garatzeko
Euskal erakunde publiko baten eta erakunde europarraren artean sinatzen den lehen lankidetza-hitzarmena da.
José Ignacio Hormaeche Energiaren Euskal Erakundeko (EEE/EVE) kontseilari zuzendari nagusiak eta Fabrizio Barboso Europar Batzordeko Garraio eta Energia Zuzendaritzako Energiaren zuzendari nagusiaren ondokoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Europar Batzordearen ekimenez garatuko diren bi kanpaina aurrera eramateko, “Europarentzako Energia Iraunkorra Kanpaina” eta “Alkateen Ituna” deritzotenak, hain zuzen ere. Hitzarmen horren bidez, Europar Batzordeak laguntzailetzat edo aliatutzat hartzen du EEE/EVE Euskadiko esparruan, energia aurreztea eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea helburua duten ekimenak garatu eta kudeatzeko.
Sinadura ekitaldia Bruselako Euskadiren Ordezkaritzan egin da, eta bertan izan dira Bruselan ordezkaritza duten Europako eskualdeen ordezkariak, energiarekin zerikusia duten Europako sare eta agentziako kideak, EBko goi-mailako agintariak eta energia alorrean diharduten arduradun nagusiak, besteak beste. Bruselan, otsailaren 9tik 13ra bitartean, Energia Iraunkorraren Europako Astearen (EUSEW 2009) hirugarren edizioaren ospakizunekin batera sinatu da hitzarmena. 2009ko EUSEWen harira, hainbat ekitaldi eta jarduera egiteko asmoa dute Bruselan eta Europako beste herrialde batzuetan, energia iraunkorra eta aurreztea sustatu beharraz gizartea sentsibilizatzeko.
Hitzarmen horien izenpetzearen ondorioz, hitzarmenoi lotutako jarduerak EEE/EVEk kudeatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, EBren izenean. Horretarako, Europako egitasmo horien zabalkunde eta kudeaketari dagozkion zenbait ekimen eramango ditu aurrera; beti ere, Euskadiko eragile publiko eta pribatuen parte hartzea bultzatu nahian.
Europarentzako Energia Iraunkorra Kanpainari dagokionez, EEE/EVEk sustapen lanak egingo ditu, kanpainarekiko atxikimenduak lortzeko asmoz. Horretaz gain, eta energia egitasmo iraunkor berriak sustatzeari begira, harremanetarako gunea ere izango da EEE/EVE. Hartara, kanpainarako bazkideak erakarri eta hautatuko ditu. Alkateen Itunari gagozkiola, Euskadiko udalek itunarekin bat egin dezaten sustapen lanak gauzatzearekin bat, haiekin batera koordinatuko ditu garatu beharreko jarduerak. Kanpainarekin bat egingo duten udalek energia iraunkorra sustatzeko ekintza plan bana prestatu eta abian jarri beharko dute. Plan horiek prestatzeko eta kudeaketa eta alderdi teknikoei lotutako jarduna behar bezala garatze aldera, EEE/EVEren laguntza izango dute; batez ere, kanpainan parte hartzeko prest egonik ere, aipatutako ekintza plana prestatzeko baliabide nahikorik ez duten udalei lagunduko die EEE/EVEk.
“Europarentzako Energia Iraunkorra Kanpaina” Europar Batzordearen ekimenez jarri da abian, eta Europarentzako Energia Adimenduna izeneko programaren barruan dago. Kanpainaren helburuak dira herritarrak energiaren erabilera egokiaz sentsibilizatzea eta energia ekoizpen iraunkorra sustatzea erakunde, enpresa pribatu eta agintari publiko, energia merkaturatzaile eta agentzia, industriako elkarte eta GKE batzuen artean Europa osoan. Kanpaian ezarritako helburuak lortzeko, Batzordeak egoki eta beharrezkotzat jo du elkartuta jardutea estatu eta eskualdetako erakundeekin, kanpaina esparru horietan kudeatzeko behar besteko gaitasuna duten erakundeekin, hain zuzen ere. Hala, Euskadin EEE/EVE izango da kanpaina kudeatzeaz arduratuko dena, eta hartara gure herrian kanpainaren helburuak zabaltzen eta lortzen saiatuko da.
Bestetik, EBren ekimenez, 2008tik aurrera gauzatzen ari den Alkateen Ituna Europako era guztietako tamaina duten hiriei zuzenduta dago, eta Europar Batasunaren energia politikaren helburuak erdiesteari begira, hiriak eta bertako biztanleak elkartzea eta batera aritzea du helburu. Ituna, funtsean, parte hartuko duten hiriek EBren helburuekin bat egiteko konpromisoan oinarritzen da; batik bat, CO2-aren emisioak gutxitzeari lotutako helburuak. Horretarako, energia-eraginkortasuna bultzatzeko eta energia-iturri berriztagarrien erabilera sustatzeko jarduerak garatuko dituzte.