Hitzarmenaren arabera, Bilboko Eleizbarrutiko era guztietako eraikinen energia-beharrizanak ezagutzeko jarduketa-egitasmoa ezarri gura da

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta On Joseba Segura Bilboko gotzainak hitzarmena sinatu dabe gaur, beronen bitartez energia-aurrezpena eragiteko eta ekipamendu barriak jarriz instalazino barriztagarriak sustatzeko, Bilboko Eleizbarrutiaren askotariko eraikinen energia-jasangarritasunean aurrera egin ahal izateko.
 
Hitzarmenak, luzatu daiteken lau urteko eperako eta aurrekontu-esleipen barik, hain zuzen be, barne hartuko ditu erabateko edo besteko jarduteak, esate baterako, eraikinen (kultu-azpiegiturak, hezkuntza, gizarte laguntza, bulegoak,…) inbentarioa egin; laguntza kontu-ikuskapenak egiteko; aholkularitza teknikoa balizko jarduteetarako eta energiaren aldetik hobetze aldera ezinbesteko dabezan inbertsinoak diseinatzeko. EEEko eta Gotzaitegiko beharginek osatutako jarraipen-batzordeak hartuko ditu proposatutako konponbideei buruzko erabakiak eta jarduketak lehenetsiko ditu.
 
Hitzarmenak aurkezten dauan lehenengo egitekoa eraikinen inbentarioa egin eta euren ezaugarriak ondo zehaztea da: zelako eraikina dan, ze jarduera garatzen dan bertan, ze energia kontsumitzen dauan eta ze zerbitzuz –berogailua, ur bero sanitarioaren ekoizpena edo klimatizazinoa- baliatzen dan.
 
Ondoren, bideragarritasun-azterketa eta ikerketa burutuko da, energia-eraginkortasuna aurrezteko eta hobetzeko ahala eta jarraipen-batzordean adostutako lekuetan energia barriztagarriak ezartzeko aukera zehazteko. Aztertuko dan beste alderdi bat, baterako edota zentralizatutako energia-sareak (eraginkortasun altukoak) energia barriztagarriakaz garatzeko aukeren ebaluazinoa izango da.
 
Energia-eraginkortasunerako eta sentsibilizazinorako neurriak
 
Hitzarmenak Jarduketa-egitasmoa martxan jartea aurreikusten dau energia-eraginkortasunerako neurriak eta konzientziatze, heziketa, sentsibilizazino eta hedapen egitarauak ezartzeko, Gotzaitegiko administrazinoko beharginei zein kontsumo-zentroetako, ikastetxeetako, heziketa geletako, kultu-etxeetako… erabiltzaileei zuzenduta, kontsumo ohiturak hobetzeko eta energia-ohitura jasangarriak nork bere egiteko.
 
Eleizbarrutiak ingurumenaren zaintzara zuzendutako jardueretan, energia-aurrezpenean eta danona dan etxea zaintzeari buruz Frantzisko Aita Santuak idatzi eban ‘Laudato si’ Gutun Entziklikaren jarraipenean kokatzen dau lankidetza hau. 
 
 Euskadi 2030 Energia-estrategia
 
Hitzarmen hau Euskadi 2030 Energia-estrategiak ezarritako bide-orriaren haritik sinatzen da. Dalako bide-orri horretan jasoten dan jardunbide nagusia hau litzateke: “Energia-kontsumoa murriztu eta energia barriztagarrien erabilera gehitu sektore pribatuko eraikinetan”, horretarako energia-aurrezpen eta eraginkortasuna eraginez eta energia-jasangarritasuna sustatuz eraikinetan eta administrazinoen arteko lankidetzan.