• Repsol eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE) % 50na partaide dituen IBIL sozietateak hidrogeno berriztagarriaren bidezko mugikortasunari helduko dio hemendik aurrera.
  • Bestetik, sozietate berri bat sortuko da, EVsare, IBILen filiala, mugikortasun elektrikoaren jardueraz arduratzeko, eta gero Repsolen jabetzakoa izango da % 100ean.
  • Enpresa berriak maiatzaren 31ean formalki eratu eta egoitza Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Parke Teknologikoan izango du.

Hidrogeno bidezko mugikortasunak Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Repsolen bultzada jasoko du biek partekatutako jabetzapeko IBIL sozietatearen bidez, izan ere, hemendik aurrera, jarduera horrexeri helduko dio.

Alde batetik, sozietate berri bat sortuko da, EVsare, maiatzaren 31ean formalki eratu eta egoitza Bizkaiko Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoan izango duena. IBILen filial berri hau mugikortasun elektrikoaren egungo jardueraz arduratuko da, eta gerora Repsolek erosiko du horren % 100.

EVsarek bere horretan eutsiko dio mugikortasun elektrikoaren inguruko jarduerari: ibilgailu elektrikoen birkargaren arloko teknologia, zerbitzu eta gaitasunen garapena, baita sektore honekin lotutako beste ekimen berritzaile batzuk ere, kontrol-zentroa eta egoitza soziala Euskadin mantenduz.

Egun, IBIL enpresa erreferentea da Espainian eta Portugalen ibilgailu elektrikoaren birkargarako teknologiari dagokionez. Bere bokazio teknologiko industrialetik lideratu duen ekosistemak teknologia-hornitzaileek, birkarga-guneen fabrikatzaileek, zerbitzu-hornitzaileek eta mugikortasun elektrikoaren arloko funtsezko eragileak biltzen ditu, bezeroei zerbitzurik onena bermatzeko eta trantsizio energetiko ordenatu eta eraginkorra egiten laguntzeko.

EEEren iritziz, oso-osorik bete du birkarga-zerbitzu adimendunak ematea xede duen osagai teknologiko handiko euskal enpresa bultzatzeko eginkizuna, eta jarduera hau Euskadin mantenduko dela bermatuz, oraingo apustua bide bera jorratzen hastea da, baina hidrogeno berriztagarriaren bidezko mugikortasunaren erronka berriarekin, Repsolekin partekatzen duen sozietate beraren bitartez.

Repsolek, konpainia multienergetikoa izanik, mugikortasun elektrikoaren alde egin duen apustua finkatu du EVsare sozietate berriarekin eta hidrogeno berriztagarriaren estrategia indartu du IBILen bitartez.