• Gas-sareen digitalizazioak kontsumoaren kudeaketa hobetzeko aukera emango du.
  • Hiriko, nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakin organikoetatik eratorritako biometanoaren aprobetxamendu energetikorako proiektuak bultzatuko dira.

Iñigo Ansola Kareaga Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatuak Intentzio Protokolo bat sinatu dute, Euskadin gas berriztagarriaren aprobetxamendu energetikoa bultzatzeko eta gas-sare adimendunak sustatzeko.

Baliabide energetiko berriztagarrien aprobetxamendua areagotzeko konpromisoaren esparruan sinatu dute protokoloa. Lehenik eta behin, honako helburu hauekin gara litezkeen proiektuak identifikatu eta aztertu nahi dituzte: 

1.- Etxeko, nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakin organikoetatik, araztegietako lohietatik eta nekazaritzako elikagaien industrietako hondakinetatik eratorritako biometanoaren aprobetxamendu energetikoa sustatzea, industria- eta garraio-sektorean eta hirugarren sektorean. Energiaren Euskal Erakundeak bi hamarkadatik gora darama energia-iturri berriztagarri hori aprobetxatzearen alorrean, eta honekin beste bultzada bat eman nahi zaio zeregin horri.

2.- Sare adimendunak bultzatzea, gas-banaketarako sareak telekomunikazio-elementu elektronikoez hornitzeak zenbaterainoko interesa duen aztertzeko. Esaterako, kontagailu adimendunek informazioa jar dezakete enpresa banatzaileen eta erabiltzaileen eskura, eta horrela kontsumoaren kudeaketa efizienteagoa eta seguruagoa ahalbidetu dezakete, eta hornidura eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko bidea erraztu.

Energiaren Euskal Erakundearen ikuspegitik, jardun horiek lagungarri izango dira 2030. urterako Eusko Jaurlaritzaren Estrategia Energetikoan ezarritako Euskadiko Trantsizio Energetikoaren helburuak betetzeko bidean, jardunen xedea euskal energiaren sistema hobetzea delako, energiaren arrazoizko erabilera eta energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendua bultzatuz, gas- eta elektrizitate-azpiegiturak etengabe gainbegiratuz eta Euskadiko garapen teknologiko-industrialari arreta eskainiz.

Banaketa sarean sartzeko gas berriztagailearen garapena eta eragiketa hauen zein bezeroen harremanetarako beharrezkoa den digitalizazioa bere zereginaren ardatz bilakatu dira Nortegasentzat. Hau dela eta, akordio hau medio, Nortegasek berretsi egiten du bere jardueraren eraginpeko ingurunearen alde hartu duen konpromisoa, ekonomiaren berrikuntza eta deskarbonizazioaren aldeko apustu irmoa eginez eta aberastasuna sortzeko ekimenak jasangarritasunez bultzatuz inbertsio-ahalegin handiago baten bitartez. Eta hori guztia, efizientzia energetikoa eta hornidura-segurtasuna ahaztu gabe, etxeko zein industriako bezeroentzat funtsezkoak diren heinean.