- Txikon Himalaia inguruan ibiliko da, eta EEEk laguntza eskainiko du hogei eguzki-labe jarriz Himalaiarako sarbidean bizi diren hainbat familiaren eskura.
- Eguzki-plakak instalatuko dira, bai espedizioaren lehen zatian –zeinean Antartikara nabigatuko duten–, bai Everesteko kanpamentu nagusietan.
Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak parte hartu du gaur Alex Txikon alpinistaren espedizio berriaren aurkezpenean, laster abiatuko baita Txikon bere abentura berrian. Neguan Everestera Pakistandik igotzeko ahaleginaren hasieran, Pakistango Himalaiarako sarrerako atea den Skardu-Askoletik igarotzean, espedizioak hogei eguzki-labe emango dizkie tokiko familiei. Arrasateko institutu publikoko ikasleek egin dituzte labe horiek, teknologia-eskoletan, eta Energiaren Euskal Erakundeak bere gain hartuko du labeak garraiatzeko finantzaketa.
Iñigo Ansolak nabarmendu duenez, EEEk lehen aldiz laguntzen du horrelako proiektu batean, eta ekimenak balio izango du “zeregin humanitarioaz gainera, gizartea energia berriztagarrien aldeko apustuen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko”. Ildo horretan, energiaren euskal agentziaren Gizarte Erantzukizun Korporatiboan kokatu du ekimena. Proiektu horrek osasunaren alorreko alderdi garrantzitsu bati heltzen dio gainera; izan ere, janariak prestatzeko erregaien gabezia dela-eta, bertakoek bikarbonatoa erabili behar izaten dute barazkiak egosteko, besteak beste. Janariak egosteko modu errazago bat eskaintzen du teknika horrek, baina alde txarrak ere baditu, Pakistango latitude horietako (2.228 m, gutxi gorabehera) herritarren osasunari kalte egiten dielako, haien organismoen kare-mailak gehitzen diren neurrian. Hain zuzen ere, 2019ko neguan, Alex Txikonen K2rako espedizioko medikuek analisiak egin zizkieten bertako herritarrei, eta urdaileko arazoak orokortuta zeudela diagnostikatu zuten.Horrenbestez, laguntza horren bitartez, Pakistango Himalaiako sarreran bizi direnen bizi-kalitatea hobetu nahi du EEEk, eguzki-energiaren aprobetxamenduan oinarritutako tresna baten bitartez.
Autokontsumoa eta ingurunearekiko errespetua espedizioan zehar
“AX Road to Himalayas” espedizioak zenbait ildori jarraitzeko konpromisoari eutsiko dio, eta, horren arabera, ingurune naturala zorrotz zainduko du, C02 emisioak murriztuz eta hondakinen kudeaketa egokia eginez, besteak beste. Espedizioak ingurumenarekin erantzukizunez jarduteko konpromisoa hartu du; sortutako hondakinak bidoietan sartu eta zibilizaziora itzuliko dira ongi kudeatu ahal izateko, hondakinen (plastikoak, kartoiak eta beira) bereizketari zein eginkarien bilketari dagokienez.
Horrez gain, espedizioak ahalik eta gehien murriztuko du bere aztarna ekologikoa, energia berriztagarriak erabiliz. Antartika eta beste eremu batzuk esploratuz eta nabigatuz Txikonen taldeak egingo duen bidaian, plaka fotovoltaikoak erabiliko dira energia-premiak betetzeko, gailu elektronikoei, ur beroari eta argiari dagokienez nagusiki. Eguzki-energia aprobetxatzearen aldeko konpromisoak jarraipena izango du neguan Everestera egingo duten lehen igoaldian, Amadablameko eta Everesteko kanpamentu nagusietan ere eguzki-plakak ezarriko direlako. Txikonen aurreko espedizioak, 2019ko neguan K2 helburu izan zuenak, ekimen hori jarri zuen abian, eta energian gutxi gorabehera % 30 aurrezteko aukera eman zuen.