- Instalazio berrietarako konexioa arinduko duten tramitazio-prozesu berrien inguruko bateratze-lana egiteko jardunaldi bat egin dute sektoreko 200 ordezkarik.
- Instalatzaileen Elkarteek, Iberdrolak (i-DE) eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Euskadiko Autokontsumoaren Lan Mahaia.
- Gorakada nabarmena izan du autokontsumoak Euskadin 2.161 instalaziorekin 2023an eta 830ekin 2024ko lehen seihilekoan.
Sektore fotovoltaikoko 200 ordezkari baino gehiago bildu ditu Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko Autokontsumoaren Mahaiaren emaitza ezagutarazteko. Sei hilabetetik gorako lanaren ondoren, Iberdrolarekin –taldearen i-DE enpresa banatzailearekin– ezarri beharreko konexio-tramiteen homogeneizazioa adostu du Mahaiak inplikatutako agenteekin batera, eta tramite horiek ahal den neurrian nola arindu.
Sektore fotovoltaiko osoko 200 ordezkari baino gehiago bildu dira gaur goizean Euskadiko Autokontsumoaren Mahaiak egindako lanaren emaitza hurbil-hurbiletik ezagutzeko Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako jardunaldian, eta interes handikoa da hori instalatzaileentzat, hartutako neurriek tramitazioa estandarizatzea eta epeak murriztea ahalbidetuko baitute. Horretarako, emaitza nagusiak eta landutako lan-dokumentuak ezagutarazi dira, i-DE enpresa banatzailearekin instalazio berriak tramitatzea ahalbidetuko duten dokumentuak, hain zuzen ere.
i-DE enpresa banatzaileko hainbat ordezkarik parte hartu dute jardunaldian, eta autokontsumo-instalazioak tramitatzeko jarraitu beharreko prozesua aurkeztu dute, baita prozesu horretan eraginkorragoa izatea ahalbidetzen duten puntu klabeak eta jardunbide egokiak ere. Gainera, Euskadiko Autokontsumoko Instalatzaileen Elkarteen parte-hartzea izan duen mahai-inguru bat egin da, eta sektorearen bilakaerari buruz duten ikuspegia eta etorkizunerako dituzten aukerak azaldu dituzte bertan.
Iberdrolak (i-DE), UNEF, APPA, INSTAGI, SEA eta AEIEB Instalatzaileen Elkarteek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Autokontsumoaren Lan Mahaia. Sei hilabetez baino gehiagoz izan dituzte lan-bilerak i+DE enpresa banatzailearekin tramitazio-bideak adosteko, bide horiei esker, alde batetik, operatiboagoak izateko eta prozedura homogeneo eta estandarizatu bat izateko, eta, bestetik, epeak arintzeko instalazioak arrazoizkoagoak diren epeetan martxan jartzeko helburuarekin.
Autokontsumoaren gorakada Euskadin
Autokontsumoa etengabe hazi da Euskadin modu esponentzialean azken urteotan. COVID-19aren pandemiaren amaierak eta jarduera ekonomikoaren igoerak energia elektrikoaren prezioaren igoera eragin zuen, eta horrek, instalazio horietarako dirulaguntza-programa berrien argitalpenarekin batera, autokontsumo-instalazio berrien eskaerek 2022. eta 2023. urteetan gorakada nabarmena izatea eragin zuen halaber. Horrek, aldi berean, merkatua tenkatu zuen eta proiektuak tramitatzeko eta legeztatzeko epeak denboran luzatzea ekarri zuen, eta, hori horrela, Energiaren Euskal Erakundeak Euskadiko Autokontsumoaren Mahaiaren agente guztiak deitu zituen soluzioak adosteko eta tramitazio estandar bat ahalbidetzeko, betiere arrazoizkoagoak diren epeekin.
Aipatzekoa da 2023. urtean Euskadin 46,2 MW-ko potentzia martxan jarri zela autokontsumorako 2.161 instalazio fotovoltaikotan, eta 2024ko lehen seihilekoan 30,1 MW-ko potentzia globala lortu da jada 830 instalazio berritan.