• Esker ona emateko ekitaldia Asparrenan (Araia) izan da gaur goizean, hain zuzen ere, egungo energia-premietarako erantzuna iraganean aurkitu duen herrian. Urak eta zurak energia-iturri izaten jarraitzen dute, biomasa bidezko district heating instalazio baten eta zentral hidroelektriko txiki baten bitartez.
  • Ekitaldira bertaratu direnek geotermia proiektu bat ezagutzeko aukera ere izan dute, bertako udalak sustatu duena kiroldegian etxeko ur beroa sortzeko eta eraikina girotzeko.
  • EEEk bereizgarri bat aurkeztu du 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak betetzen laguntzen duten administrazio edo eremu publiko-pribatuarekin elkarlanean garatu diren ekimenak identifikatzeko.

Energiaren Euskal Erakundeak Arabako Lautadako, Añanako eta Gasteizko kuadrillak osatzen dituzten udalerrietako ordezkariak bildu ditu gaur Asparrenan (Araia), Euskal Energiaren Trantsizioaren alde hartu duten konpromisoa eskertzeko.

Hitzorduari amaiera emateko bisitaldi tekniko bat egin dute herriko district heating proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Euskadiko toki-mailako proiektu berezietako bat da. Berokuntza-sistema bat da, eta zenbait kontsumo-zentrori ematen die zerbitzua. Anbulatorioa, kultur etxea, eskola eta beste zenbait zerbitzu publiko kokatzen dira zentro horietan. Gainera, Asparrenak kiroldegiko geotermia-instalazioa ere erakutsi nahi izan du, energia berriztagarriak bultzatzeko egindako apustuaren beste adierazgarri bat den heinean. Elkartruke geotermikoari esker eraikina girotu daiteke eta etxeko ur beroa sortu, erabiltzaileen premiei erantzuteko.
Udalerri horrek 1.650 biztanle dauzka 10 herritan banatuta, eta Araia da erdigune nagusia. Zentral hidroelektriko txiki bat ere sustatzen du. Zentrala 1848an sortu zen Ajuria y Urigoitia fabrika siderurgikorako energia-iturria izateko. 30 urtez itxita egon ondoren fabrika berpiztu egin zuten, Energiaren Euskal Erakundearen, Arabako Foru Aldundiaren eta Asparrengo Udalaren arteko elkarlanari esker.

Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak udalerri horren singularitatea nabarmendu nahi izan du, energia berriztagarrien eremuko zenbait proiektu abian dauzkala kontuan hartuta. Zorionak eman dizkie, halaber, eremuko udal eta kuadrilla guztiei (Agurain, Añana, Armiñón, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Burgu, Donemiliaga, Dulantzi, Erribera Beitia, Erriberagoitia, Gasteiz, Gaubea, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lantarón, Zalduondo, Zambrana), energia berriztagarrien efizientziaren eta sustapenaren alorrean egindako ahaleginarengatik. Ansolak energiaren trantsiziorako agertutako inplikazioa eskertu die, eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako “Energiaren Bidea - Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere” bereizgarria eman die. Berezigarria pixkana-pixkana jarriko da ikusgai Euskadiko udalerrietako udal-instalazioetan.

Elkarraldia gaur goizean izan da, eta beste eskualde eta mankomunitate batzuetara ere hedatzen da, —EAEren % 80 baino gehiagotik igaro da eta 208 udalerritan hartu ditu energiarekin lotutako ekimenak—. EEEk udalerriak egin nahi ditu euskal energiaren trantsizioaren garapenean duten paperaren garrantziaren partaide toki-esparrutik begiratuta. Zerbaitegatik hartzen dute parte Euskadiko udalek, mankomunitateek, partzuergoek eta kuadrillek energia berriztagarria eta efizientzia bultzatzeko ekintzetan, modu batean edo bestean. Plataformek beren zeregina Energiaren Euskal Erakundearekin (Alkateen Ituna zein Alkateen Itunerantz zuzenduz ituna) koordinatzearen bitartez, EEEk udalerriei urtero eskaintzen dizkien laguntzen bitartez, edo Agenda 21 programaren garapenaren bitartez burutzen dira parte-hartze horiek, Lurralde Historikoetako Foru Aldundiekin eta Udalsarea 21 sarearekin koordinatuta.

Egungo premietarako erantzuna historiaren eskutik etorri da

Herria mendetan inguruneak eskaintzen zizkion baliabideei esker (ura eta zura, adibidez) bizi izan dela jakitun, Asparrengo Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egitea erabaki du, energia-kontsumo efizienteagoa eta jasangarriagoa lortzeko.

2014an Araiako San Pedro Zentral HIdroelektrikoak eta Asparrengo Udalak biomasa-planta baten instalazioa abian jartzea pentsatu zuten, hiru eraikin publikori berokuntza-zerbitzua emateko district heating baten bitartez, eta horrela, hiru gas-galdara independenteak ordezteko:

Anbulatorioa: 35kW-ko galdara
Kultur etxea: 103kW-ko galdara
Eskola: 285 kW-ko galdara

Proiektuak Energiaren Euskal Erakundearen babesa dauka, nola proiektuaren fasean, non bideragarritasun-azterlana egingo den, hala proiektua gauzatzeko fasean, Toki Administrazio Publikorako laguntza-programaren bitartez.

Asparrengo Udalak biomasa-planta ezpalez hornituko du, baso-aprobetxamenduen bitartez. Asparrengo mendi publikoen azalera handia da, eta udalerriak ahalmen handia dauka eraikin publikoak bere basoetatik lortutako energiarekin berotzeko. Bestetik, zentral hidroelektrikoak district heating proiekturako beharrezkoa zen inbertsioa egin zuen, eta energia sortu eta saltzeaz arduratzen da.

Proiektu honek eraikin publikoetan energia berriztagarriak sartzeko aukera eman du, kasu honetan tokiko mendietako biomasa erabilita. Onura ekonomiko handi batekin gainera, urtean 24.000 euroko kostua izatetik 9.100 eurora pasatu dira eta 50 tona C=2 gutxiago isuriko ditu.

Egungo instalazioak Herz Firematic galdara bat (300kW-ko potentzia), 3.000 litroko inertzia-depositu bat, 10 tonako edukierako silo bat eta ezpala lehortzeko 140m2-ko biltegi bat dauzka.

Efizientzia handia duenez, nazioartean kontrolatutako prezioetatik salbu dagoenez eta funtzionamendu- eta mantentze-erraztasunak dauzkanez, herria berme- eta ongizate-egoera batean dagoela esan dezakegu. Aldi berean basoen zaintza eta mantentzea hobetu du.

Aitortutako udalak

Gaur goizean Asparrenan izan den hitzordura 32 udalerrietako erakundeetako ordezkari eta teknikariak bertaratu dira. Udalerri horietatik guztietatik, energiaren esparruko zenbait proiektu nabarmendu nahi ditugu:

1.- Añana: argiteria publikoa, eraikin publikoen klimatizazioa eta barne-argiztapena, eta energia berriztagarrien sustapena.

2.- Armiñón: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

3.- Berantevilla: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

4.- Erriberagoitia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

5.- Iruña Oka: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

6.- Kuartango: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

7.- Lantarón: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

8.- Erribera Beitia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

9.- Gaubea: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

10.- Zambrana: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

11.- Gasteiz: “Alkateen Ituna” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena), kontratua Energia Zerbitzuen Enpresarekin udal-eraikinetako instalazioen kudeaketa eta mantentze-lanetarako, ibilgailu elektrikoetarako karga-puntu publikoen ezarpena, autobus hibrido eta furgoneta elektrikoen erosketa udal-flotarako, eta energia berriztagarrien sustapena: biomasa-instalazioak, geotermia, eguzki-panel termikoak eta fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.

12.- Agurain: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa) eta energia berriztagarrien sustapena.

13.- Dulantzi: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa) eta energia berriztagarrien sustapena.

14.- Asparrena: “Itunerantz zuzenduz” itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena: Araiako Zentral Hidraulikoaren eta eraikin publikoei zerbitzua emateko biomasa bidezko District Heating proiektu baten sustatzailea da. Kiroldegian geotermia-instalazio bat dauka.

15.- Barrundia: argiteria publikoa, furgoneta elektrikoaren erosketa eta energia berriztagarrien sustapena.

16.- Burgu: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

17.- Iruraiz-Gauna: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

18.- Donemiliaga: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

19.- Zalduondo: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

EEEren laguntzak, udalentzako babes-tresna

Ekitaldi honetarako 8 milioi euroko aurrekontua duen Energiaren Euskal Erakundearen laguntza programak 800.000 euro Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen ditu. Funtsezko babes ekonomikoa da esparru horretako proiektu energetikoak finantzatzeko, baina zuzkidura ekonomiko horretaz gain, udalek, mankomunitateek eta EAEko kuadrillek proposatutako planteamenduen jarraipen teknikoarentzako konpainia eta monitorizazioa eskaintzen du EEEk.

2018ko diru-laguntza jaso dezaketen Ekintzen Programek kanpo-eraikinen eta egungo udal eraikinen argiztapenetara zuzentzen diren energia-efizientziako ekintzak aurreikusten ditu. Horrez gain, klimatizazio eta etxeko ur beroaren ekoizpenaren instalazio-proiektuei, zein udal-eraikinetako kogenerazio eta ikuskapen energetikoen instalazio-proiektuei diru-laguntzak eskaini diezazkiekete. Toki-administrazioak ere laguntza-programa horretara bildu daitezke energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, hala nola eguzki-instalazio termikoa.

Eta berritasunen artean, industrialdeetarako laguntzetarako babes-linea espezifiko bat bildu da aurten, enpresa-zentro horietan energia-hobekuntzak sar daitezela sustatzeko. 1,5 miloi euro bideratuko dira jarduera horietarako.

Euskal Energiaren Trantsizioaren irudi berria – Energiaren Bidea

Energiaren Euskal Erakundeak Energiaren Bidea izeneko identifikazio-marka berri bat abiarazi du. 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak lortzea zein energiaren trantsizioa garatzea laguntzen duten ekimen guztiak hartuko ditu barnean, bai administraziotik zein kolaborazio publiko-pribatutik sortutakoak ere. Inguruko herrialde garatuak ere erronkan murgilduta daude, karbonizazio baxuko eredu energetiko baten mesedetan.

Energiaren trantsizioari aurre egitea zen Energiaren Euskal Erakundearen motibazioa erakunde bera eratzeko, termino hori orduan normalizatua ez zegoen arren. Erakundeak 35 urte baino gehiago daramatza energia berriztagarriak, efizientzia, eta baliabide propioen aldeko apustua sustatzen, baita gasaren aldekoa ere, prozesu horri aurre egiteko. Izan ere, egunean-egunean euskal energia-sistemak aurrera egiten du kalitatezko horniketa lehiakorra bermatzen duen eredu jasangarri baterako bidean, energia berriztagarrien ekarpen handiago batean eta petrolioaren deribatuen erabilera txikiago batean oinarritua, deribatu horiek gas naturalarekin ordeztuz. Honako helburua betetzeko, ezinbestekoak dira toki-erakundeek duten papera, izan ere, erabakiak hartzen dituztenean, faktore erabakigarriak sar ditzakete efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzeko. Energiaren Bidea/Euskal Energiaren Trantsizioa izeneko markari tokiko eranskin bat gehituko zaio, Udalean ere. Horrez gain, hainbat euskarri gehituko zaizkio bereizgarria ikusgai dagoen toki eta eraikin publikoetan eredu energetikoaren aldeko ekimenak burutu direla agerian jartzeko; besteak beste, biomasa, geotermia, kogenerazioa, eguzki-panel zein panel fotovoltaikoak, argiztapen-efizientzia edo ibilgailu elektrikoen erabilera.