- Mende bat baino gehiago etenik gabe funtzionatzen daraman Olateko zentral hidroelektrikoan (Oñati) izan den ekitaldian bildu dira EEEKo zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta tokiko ordezkariak, eta energia-efizientziari eta energia berriztagarriei buruzko ideiak partekatu ahal izan dituzte bertan.
- Zentralak 15.000 MWh inguru sortzen ditu, Oñatiko herrigunean behar den energiaren kantitate baliokidea.
- EEEk bereizgarri bat aurkeztu du 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak betetzen laguntzen duten administrazio edo eremu publiko-pribatuarekin elkarlanean garatu diren ekimenak identifikatzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak Debagoieneko udalerrietako ordezkariak bildu ditu gaur Oñatin, Euskal Trantsizio Energetikoarekiko duten konpromisoa aitortzeko.
Bisitaldi tekniko bat ere izan du ekitaldiak Olateko zentral hidroelektrikoa ezagutzeko; Oñatiko Ur Jauziak enpresarena da, eta Oñatiko Udalak, EEEk eta Goiner kooperatibak partaidetzen dute enpresa hori (% 80, % 10 eta % 10, hurrenez hurren). Energia hidroelektrikoa sortzen duten hainbat instalazio ditu Oñatiko Ur Jauziak enpresak, eta Olatekoa nabarmentzen da instalazio horien artean, udalak 1989an eskuratutakoa (1893koa eta Unión Cerrajera enpresarena izan zen aurretik).
Etenik gabe 100 urte baino gehiago funtzionatzen daramatzaten instalazio horiek lau kontzesio zentralizatzen dituzte, eta lau ur-jauziri (Olate, Saratxo, Arantzazu eta Zapata) dagozkien lau tutuk garraiatzen duten ura biltzen dute. Tutuen 19,2 km-k biltzen dute ur-jauzi horien ura, 4.713 kW-ko potentzia sortuta. Oñatiko herriguneak behar duen energia ia guztia zentral horrek sortzen du, hau da 15.000 MWh (Megawatt orduko) inguru. Oñargi enpresa publikoa da Oñatiko herrigunean behar den energia banatzeko arduraduna, eta gaur egun sare orokorretik egiten du, Olateko zentralean sortzen den energia sare horretara aldatzen baita.
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak “iturri agortezin batetik abiatutako energia modu jasangarrian sortzeko ahalbidetzen duten instalazioak mantentzearen alde Oñatiko Udalak egindako apustua” azpimarratu du. Gainera, “ondare industrial eta kulturalarekin, eta antzinatik Debagoienean dagoen baliabide propioak sortzeko era batekin” erakutsitako konpromisoa balioetsi du Ansolak.
Energia berriztagarriekiko eta energia-efizientziarekiko aitorpena Antzuolako, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako udalerrietara, eta Debagoieneko Mankomunitatera zuzendu da. Guztiek ere jaso dute ziurtagiria Trantsizio Energetikoarekin erakutsi duten inplikazioarengatik.
Tokiko erakundeek energiaren alorrean egiten duten ahalegina ageriko egin nahi duen ekitaldi hori hainbat eskualdetan egin du Energiaren Euskal Erakundeak. EAEren % 75 bildu du jada ahalegin horrek, eta 189 udalerritan aitortu ditu, halaber, energiarekin lotutako ekimenak. EEEk udalerriak egin ditu euskal trantsizio energetikoaren garapenean duten paperaren garrantziaren partaide toki-esparrutik begiratuta. Zerbaitegatik hartzen dute parte Euskadiko udalek, mankomunitateek, partzuergoek eta kuadrillek energia berriztagarria eta efizientzia bultzatzeko ekintzetan, modu batean edo bestean. Plataformek beren zeregina Energiaren Euskal Erakundearekin (Alkateen Ituna zein Alkateen Itunerantz zuzenduz ituna) koordinatzearen bitartez, EEEk udalerriei urtero eskaintzen dizkien laguntzen bitartez, edo Agenda 21 programaren garapenaren bitartez burutzen dira parte-hartze horiek, Lurralde Historikoetako Foru Aldundiekin eta Udalsarea 21 sarearekin koordinatuta.
Mende bat Olaterentzat: energia-iturri agortezina
Mende bat baino gehiago darama Olateko zentral hidroelektrikoak bete-betean funtzionatzen. XIX. mendearen amaieran industriak zituen energia-premietan kokatzen da zentralaren sorrera. 1893an, Hipolito Biain, Juan Zubia eta Enrique Uriarte sustatzaile oñatiarrek Biain y Compañía enpresa sortu zuten, ondoren Unión Cerrajera enpresari –Deba ibaiaren arroko zenbait sarrailagilek 1856an sortutako enpresari– saldu ziotelarik. Potentzia hidroelektriko handia izan zuen enpresak, eta indar nabarmena ere bai Gipuzkoako industria-sarean, izan ere600 langile izan zituen enpresaren plantillak 1895ean.
1921ean udalak kontratu bat sinatu zuen Unión Cerrajera enpresarekin udalerriaren energia-premiak betetzeko eta 1925ean “energia elektrikoaren hornidura-zerbitzua monopolio-izaerarekin udalkotzea” erabaki zen. Erreferendum bidez onartu zen erabaki hori eta instalazioen desjabetze-espediente bati hasiera ematea eragin zuen. Konfiskatzearen ondoren, kontratu-akordio batera iritsi zen udala Hidroeléctricas Ibérica, Antonio Lezama y Compañía SL enpresa banatzailearekin. Enpresa hori arduratuko zen energia industriei banatzeaz eta udala arduratuko zen, aldiz, etxeko erabilerarako banatzeaz.
60ko hamarkadan hainbat egoera konplexu izan ziren titulartasun-aldaketak zirela eta. Beranduago, 1989an Salto de Olate enpresa erosi eta udalak eta EEEk partaidetutako Oñatiko Ur Jauziak SA eratu zen.
2018ko udan, energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko Goiener kooperatiba, 'Energiarekin' bere dibisio berriaren bidez, Oñatiko Ur Jauziak enpresaren akziodunerian sartu da.
Aitortutako udalak
Gaur goizean Oñatin izan den hitzordura 8 udalerrietako erakundeetako ordezkari eta teknikariak bertaratu dira. Udalerri horietatik guztietatik, energiaren esparruko zenbait proiektu nabarmendu nahi ditugu:
-Elgeta: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
-Bergara: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa, inguratzailea eta barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panel termiko eta fotovoltaikoen instalazioa kiroldegian.
-Antzuola: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
-Arrasate: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa) eta energia berriztagarrien sustapena: geotermia-instalazioa musika-eskolan.
-Eskoriatza: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
-Leintz Gatzaga: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
-Aretxabaleta: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
-Oñati: Alkateen Itunari atxikitako udalerria, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa), furgoneta elektrikoaren erosketa udal-flotarako, eta energia berriztagarrien sustapena. Zenbait minizentral elektrikoren jabea energia elektrikoaren enpresa banatzaile-merkaturatzaile baten energia elektrikoa sortzeko, eguzki-panel termiko eta foltovoltaikoen instalazioak.
EEEren laguntzak, udalentzako babes-tresna
Ekitaldi honetarako 8 milioi euroko aurrekontua duen Energiaren Euskal Erakundearen laguntza programak 800.000 euro Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen ditu. Funtsezko babes ekonomikoa da esparru horretako proiektu energetikoak finantzatzeko, baina zuzkidura ekonomiko horretaz gain, udalek, mankomunitateek eta EAEko kuadrillek proposatutako planteamenduen jarraipen teknikoarentzako konpainia eta monitorizazioa eskaintzen du EEEk.
2018ko diru-laguntza jaso dezaketen Ekintzen Programek kanpo-eraikinen eta egungo udal eraikinen argiztapenetara zuzentzen diren energia-efizientziako ekintzak aurreikusten ditu. Horrez gain, klimatizazio eta etxeko ur beroaren ekoizpenaren instalazio-proiektuei, zein udal-eraikinetako kogenerazio eta ikuskapen energetikoen instalazio-proiektuei diru-laguntzak eskaini diezazkiekete. Toki-administrazioak ere laguntza-programa horretara bildu daitezke energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, hala nola eguzki-instalazio termikoa.
Eta berritasunen artean, industrialdeetarako laguntzetarako babes-linea espezifiko bat bildu da aurten, enpresa-zentro horietan energia-hobekuntzak sar daitezela sustatzeko. 1,5 miloi euro bideratuko dira jarduera horietarako.
Euskal Trantsizio Energetikoaren irudi berria – Energiaren Bidea
Energiaren Euskal Erakundeak Energiaren Bidea izeneko identifikazio-marka berri bat abiarazi du. 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak lortzea zein trantsizio energetikoa garatzea laguntzen duten ekimen guztiak hartuko ditu barnean, bai administraziotik zein kolaborazio publiko-pribatutik sortutakoak ere. Inguruko herrialde garatuak ere erronkan murgilduta daude, karbonizazio baxuko eredu energetiko baten mesedetan.
Trantsizio energetikoari aurre egitea zen Energiaren Euskal Erakundearen motibazioa erakunde bera eratzeko, termino hori orduan normalizatua ez zegoen arren. Erakundeak 35 urte baino gehiago daramatza energia berriztagarriak, efizientzia, eta baliabide propioen aldeko apustua sustatzen, baita gasaren aldekoa ere, prozesu horri aurre egiteko. Izan ere, egunean-egunean euskal energia-sistemak aurrera egiten du kalitatezko horniketa lehiakorra bermatzen duen eredu jasangarri baterako bidean, energia berriztagarrien ekarpen handiago batean eta petrolioaren deribatuen erabilera txikiago batean oinarritua, deribatu horiek gas naturalarekin ordeztuz. Honako helburua betetzeko, ezinbestekoak dira toki-erakundeek duten papera, izan ere, erabakiak hartzen dituztenean, faktore erabakigarriak sar ditzakete efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzeko. Energiaren Bidea/Euskal Energia Trantsizioa izeneko markari tokiko eranskin bat gehituko zaio, Udalean ere. Horrez gain, hainbat euskarri gehituko zaizkio bereizgarria ikusgai dagoen toki eta eraikin publikoetan eredu energetikoaren aldeko ekimenak burutu direla agerian jartzeko; besteak beste, biomasa, geotermia, kogenerazioa, eguzki-panel zein panel fotovoltaikoak, argiztapen-efizientzia edo ibilgailu elektrikoen erabilera.