• Datener, energia merkatuen adierazleez plataforma
  • Energia erosterakoan erabaki egokiak hartzen laguntzea du helburu, merkatuen ezagutzan oinarrituta.
  • Datenerek informazio hutsunea edo gabezia konpondu nahi die enpresei, enpresa gehienek ez baitute energia merkatuen datuetara sarbide sistematizaturik.
  • Elektrizitate, gas natural, petrolio, ikatz, fuel-olio eta emisioen eskubideen eguneroko prezioez erreferentziak emango ditu.
  • Energia lehiakortasun faktore bat da euskal enpresentzat; izan ere, 2014an, 1.426 milioi euroko balioaren energia kontsumitu zuten.
  • Energiaren Euskal Erakundeak abiarazitako Datenerek, energia merkatuen adierazleez plataformak, aukera emango die Herri Administrazioari zein enpresei interes handiko informazioa eskuratzeko, energiaren erosketaz erabaki zuzen eta egokiak hartzen laguntzeari begira. Azken batean, helburua da merkatuen eta energien prezioen ezagutza handiagoa izatea haien aldetik, erosketa estrategiak hobetzeko, kostuak optimizatzeko eta lehiakorragoak izateko.

    Energiak eragin handi-handia du industrien kostuetan; batez ere, energia kontsumo intentsiboa izaten dutenetan, euskal industria sektorea osatzen duten enpresa askoren kasua dena. Adibide gisa, Energiaren Euskal Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, 2014. urtean, euskal industria sektoreak 1.426 milioi euroko balioa zuen energia kontsumitu zuen, nagusiki gas naturala eta elektrizitatea erosteari begirako dirua. Era berean, aintzat hartzeko moduko gaia da energia Administrazioarentzat, Euskadin eraikin publiko asko dago eta.

    Aipatutako kontsumitzaile horiek energia erosteko merkatuetara jotzen dutenean, gehien-gehienetan, zenbait merkaturatzaileren eskaintza konbentzionalez baliatzen dira. Gaur egungo egoera kontuan izanik, prezioen aldakortasuna handia bereziki, informazio kontrastatua izatea axola handikoa da erabaki egokiak hartzeko, energia merkatuen konplexutasuna perspektiban jarri ahal izateko.

    Datener plataforman eskainiko den informazioak aurre egingo dio informazio premia horri, eskaintza guztien abantailak edo aukerak eta arriskuak behar bezala baloratzeko ezinbestekoa dena. Hartara, euskal industriak eta Administrazioak energia kontratatzerakoan, ahalik eta baldintza egokienetan egiten lagundu nahi da. Energiaren gaian zegoen informazio hutsune hori betetzeko asmoz eratu da Datener; izan ere, orain arte, informazio hori eskuratzeko prozedura sistematizatua aholkularitza enpresa eta korporazio handien eskuetan baino ez da egon.

    Energia merkatuaz aholkularitzan espezializatua dagoen Gipuzkoako Conecta Energía (www.conecta-energia.es) izeneko enpresaren laguntzaz eta aholkuez garatutako plataforma berriari esker, energia merkatuez informazio eguneratua kontsultatu ahal izango da. Plataforman, estatu eta nazioarteko 500 adierazle baino gehiago kontsulta daitezke, eta energia erreferentzia (commodity), merkatu, produktu eta herrialdearen arabera, bilaketa konbinatuak egiteko bide ematen du. Gainera, elektrizitate, gas natural, petrolio, ikatz, fuel-olio eta emisioen eskubideen prezioez erreferentziak kontsultagai daude. Merkatuen ezagutzan oinarritutako erabaki egokiak hartzen laguntzeko, Datenerek informazioa ematen du eguneroko merkatuaz (merkatu “fisikoa, eskudirutan edo spot”), hau da, erosten edo saltzen diren aktibo guztiak berehala edo oso denbora tarte txikian ematen diren merkatuez. Horretaz gain, etorkizuneko merkatuari buruzko informazioa ere eskaintzen du; kasu honetan, berriz, aktiboen erosketa eta salmenten kontratuak etorkizuneko data bati begira finkatzen dira, prezioa, kantitatea eta epemuga oraingoan hitzartzen badira ere.

    Lanabes berri honek erraztu eta lagundu egingo du energiaren kontratazioa eta kostuak baldintza egokienetan egiten, euskal industria sektorearen lehiakortasunaren mesederako, euskal enpresak aritzen diren merkatu globalizatuan garrantzi handikoa dena. Izan ere, gure enpresen lehiakide zuzenak diren Alemania eta Frantziako enpresek aldekoagoa edo abantailatsuagoa dute energiaren kostuetara sarbidea.

    Energiaren Euskal Erakundearen parte hartzea proiektu honetan, funtsean, Euskadiko Administrazioaren eta enpresa ehunaren iraunkortasunean eta energia kostuen murrizketan laguntzeari zuzenduta dago. Alde horretatik, Datener euskal enpresen eta sektore publikoaren eskura jarriko da inolako muga edo murrizketarik gabe, haien jarduera, tamaina edo energia kontsumoa edozein dela ere.

    Informazio gehiago: www.datener.eus